Datu espazialak, eskura

Urtzi Urkizu / 2014-03-02 / 690 hitz

‘Euskalgeo.net’ plataforma geomatikoa sortu du Gaindegia behategiak; batik bat ikerlari eta profesionalentzat da.
Euskal Herri osoko udalerriak, paisaia unitateak eta azpiegiturak ageri dira atarian.

Gaindegiak, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak, Euskal Herria osorako datu espazialak eskaintzen dituen plataforma geomatikoa jarri du martxan: Euskalgeo.net. Horrela, Euskal Herriko datu espazialak modu irekian eskaintzeko bidea hasi du. Udalerrien katalogoa, eskualdeena, portuena, aireportuena eta trenbideena kontsulta daitezke atarian, besteak beste. Euskaltzaindiak euskaraz finkatu duen udal eta eskualdeen izendegia ere eskuragarri du erabiltzaileak.

Imanol Esnaola Gaindegiako koordinatzaileak azaldu duenez, sortutako azpiegitura espaziala analisiak egiteko «ezinbesteko» baliabide bat da. «Datu espazialak behar-beharrezkoak dira errealitate ekonomiko eta soziala interpretatzeko», gaineratu du. Orain arte Euskal Herri osoa aintzakotzat hartzen zuen halako tresnarik ez zegoen. «Uste dugu urrats berritzaile bat dela». Tresna bereziki ikerlari eta profesionalentzat erabilgarria izango dela iruditzen zaie Gaindegiako kideei. Euskal Herri osoa aintzat hartzen duen analisi ekonomiko eta sozialerako azpiegitura jarri nahi du Gaindegiak erabiltzaileen eskura, «denboran iraunkorra eta gero eta zabalagoa izango dena».

Mikel Aiestaran kartografia eta geodesian goi ingeniariak zuzendu du proiektua. «Tresnak atzean software bereziak ditu, informazioa lokalizatu, bisualizatu, hartu eta erabili ahal izateko», aditzera eman du. Datu espazialen erabilera ugaritu egin da azkeneko urteetan. Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Nafarroako Gobernuak hainbat informazio espazial eskaintzen dituzte, baina nork bereak bakarrik. Gaindegiak, aldiz, Euskal Herri osoko datuak bateratu ditu. Hor da berrikuntza.

Esnaolak aitortu du erakunde publikoek «lan handia» egin dutela eta hori aprobetxatu dutela eskaintza hau antolatzeko orduan: «Atariaren datuen kalitatea ona da, iturria ofiziala delako. Gainera, erabiltzaileak une oro daki erabiltzen duen kartografiaren iturria zein den».Tresna lurraldearen gaineko informazioa aztertzeko oinarria da. «Esaterako, norbaitek demografia datuak lurraldearen gainean aztertu eta interpretatu nahi baditu, oinarri hori Euskalgeo atarian topatuko du», azaldu du Aiestaranek.

Europako zuzentaraua

Euskalgeo.net Europako Inspire zuzentarauan oinarritzen da. Informazio geografikoa herritarren esku jarri eta horren erabilera bermatzeko zuzentaraua da Inspire. Esnaolak gogorarazi duenez, Nazio Batuen Erakundeak bere garaian nabarmendu zuen datu estatistikoen eskuragarritasuna ezinbestekoa dela herrialdeen garapenerako. «Gaindegiak ere sorreratik ikusi du Euskal Herriari argazkia egin behar diola, bere garapenerako beharrezkoa delako». Gaur egun datu espazialak ezinbestekotzat jotzen dira ezagutza sortzeko. «Adibidez, interesgarria da naturguneak non dauden jakitea, lur eremu kutsatuak edo langabezia metatzen den guneak. Beraz, datu espazialak eskura izatea lagungarria da», azaldu du Esnaolak.

Ez da asmo guztiz berria. Euskalgeo-ren moduko atari bat Udalbiltzak egin nahi izan zuen bere garaian. «Zailtasun teknikoak medio, aurrekontua izan arren, egin gabe utzi behar izan zuen», oroitarazi du Esnaolak. «Udalbiltzak erakutsi zuen bide hura amaitzea lortu dugu».

Eguneratzeko konpromisoa

Gaindegia behategiak konpromisoa hartu du plataforma berri honi eutsi, edukiak eguneratuta mantendu eta etorkizunean eduki gehiago eskaintzeko. Horretarako, beste erakunde batzuek eskain ditzaketen oinarrizko datu espazialak ere eskaini nahi lituzke atariak. Euskaltzaindiaren udalerrien eta eskualdeen izendegi normalizatuaz gain, Euskal Natura taldearen paisaia unitateen kartografia eskaintzen du Euskalgeo-k. Eta bide horretan jarraitzeko asmoa dute: «Elkarlanarekin aberastu egingo dugu. Datu espazialen ekoizleek datuak gizarteratzeko gure plataforma erabiltzea nahiko genuke».

Bestalde, datu espazialak argitaratzerakoan lau tresna eskaini behar dira: datuen lokalizatzaile bat, deskarga atal bat —aukeratutako geruzak hartu ahal izateko—, bisualizatzaile bat —aldi berean gauza ezberdinak ikuste- ko— eta OGC zerbitzu estandarrak. «OGC zerbitzuak informazio espaziala zerbitzatzeko nazioarteko estandarrak dira. Estandar horien bitartez, Euskal Herriko kartografia beste edozein bistaratzaile kartografikotan txerta daiteke, datuak bateragarriak baitira. Gure kartografia eskuragarri jartzen dugu sareko beste edozein hornitzailek erabil dezan», adierazi du Aiestaranek. Adibide bat jarri du Esnaolak hori azaltzeko: «Korrikaren ibilbidea irudikatu nahiko balitz Euskaltzaindiaren eskualde egituraren barruan, Euskalgeo-k aukera hori emango luke».

Gaindegiak erabilgarritasunaren aldeko apustua egin du proiektua martxan jartzeko orduan. «Estandarizazioaren aldeko apustua egiten ez badugu, erabilgarritasuna galtzen dugu. Hemen badago eduki bat eta teknologia bat, nazioarteko formatu estandarretan».

————————

‘Atlasa.net’ ataria, erabiltzaile mota guztientzat egokituta

2008. urtean sortu zuen Gaindegiak Atlasa.net ataria. Aurten, ataria berritu du, teknologia gaurkotuz. Baliabide «errazagoa» eta «ikusgarriagoa» sortu nahi izan dute. Atarira sartu bezain laster, erabiltzaileak datu bat hautatu eta Euskal Herriko mapan ikusiko du, baita grafiko eta datu taula batean ere. Ataria lau modulutan banatuta dago: demografia, ekonomia, gizartea eta ingurua. Horietako bakoitzean, erabiltzaileak adierazle anitz kontsulta ditzake: biztanleria, langabezia tasak, I+G gastua, industria ekimena, emakumeen jarduera tasa eta autobide dentsitatea. Atlasaren helburua da zerbitzu baliagarria eskaintzea Euskal Herria hobeto ezagutu nahi duen ororentzat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.