Juan Luis Zabala / 2014-03-26 / 405 hitz
Azken 30 urteetako 12 saiakera aztertu ditu Laida taldeak Francisco Javier Rojo Cobosek koordinaturiko liburuan.
Francisco Javier Rojo Cobos idazle eta EHUko irakasleak koordinatuta, Laida ikerlari taldeak euskarazko saiakeragintzak azken 30 urteetan emandako fruituak aztertu ditu Egungo euskal saiakeraren historia liburuan. Horretarako, 12 saiakera hautatu aztertu dituzte Laida taldeko kideek. 1985ekoa da horien artean zaharrena: Joseba Sarrionandiaren Ni ez naiz hemengoa (1985); berrienak, berriz, 2009an argitaratutako lau dira. EHU Euskal Herriko Unibertsitateak argitaratu du liburua, Jon Kortazarrek zuzendutako Euskal Literatura sailean.
Hainbat irizpide hartu dituzte kontuan Laidako kideek liburuan aztertzen diren saiakeren hautaketa egitean: idazlanaren garrantzia euskal literaturaren bilakaeran, egilearen garrantzia, joera desberdinak aurkezteko asmoa… Euskal Herria da, nolanahi ere, saiakera gutiz gehienen erreferentzia puntu nagusietako bat, eta maiz agertzen dira politikarekin eta gatazkarekin zerikusia duten kontuak.
Bi hitzaurre
Liburuak bi hitzaurre ditu: Jon Kortazarrek idatzia bata, Francisco Javier Rojo Cobosek idatzia bestea. Kortazarren hitzaurreak Euskal Literatura sailaren berri ematen du. Sail horretako 13. liburua da Egungo euskal saiakeraren historia. Liburu horretan saiakera aztertzen den gisa berean, aurrekoetan eleberrigintza, poesia, ipuingintza, antzerkigintza, haur eta gazte literatura eta nobelaren eta zinemaren areko harremanak aztertu dira, besteak beste.
Rojo Cobosen hitzaurreak Gainbegirada bat egungo euskal saiakerari du izenburu. Azken urteetako euskal saiakeragintzaren panorama orokorraren berri eman ostean, hainbat ondorio nagusi ematen ditu egileak. «Berez generoa ez da oso zehatza», dio, besteak beste, Rojo Cobosek hitzaurre horretan, «baina gure artean saiakeratzat eskaintzen diren liburuak irakurtzean zehaztugabetasun hau areagotu egiten da: asmo literarioz idatzitakoak, dibulgazio liburua, ikerketa lanak… izaera desberdineko idazlanak biltzen dira bildumetan eta sariketetan».
«Zatika egindako» eta «narrazioaren joera duten» saiakeren ugaritasuna ere aipatzen du Rojo Cobosek. «Gure artean badirudi atal laburrez egindako saiakerak nagusitzen ari direla. Bertan gaia garatu beharrean, idazlea saltoka dabil puntu batetik bestera, gai desberdinen inguruan iritzia ematen. Eta batzuetan iritziak eman beharrean, istoriotxoak eskaintzen dizkigu idazleak. Saiakeraren eta narratibaren arteko mugak hautsi dira batzuetan».
Honako hauek dira liburuan aztertzen diren saiakerak —parentesi artean azterketaren egileak jarrita—: Joseba Sarrionandiaren Ni ez naiz hemengoa (Xabier Etxaniz Erle), Patziku Perurenaren Koloreak euskal usarioan (Miren Ibarluzea), Joxe Azurmendiren Espainolak eta euskaldunak (Karlos del Olmo), Jon Alonsoren Idiaren eraman handia (Jose Manuel Lopez Gaseni), Ramon Saizarbitoriaren Aberriaren alde (eta kontra),Arantxa Iturberen Ai, ama! (Iratxe Retolaza), Pedro Alberdiren Satorrak baino lurperago (Jon Kortazar), Aingeru Epaltzaren Bezperaren bezpera (Asier Barandiaran), Antton Lukuren Euskal kultura? (Ur Apalategi), Juan Bautista Bengoetxearen Ziborgaren otzantasuna (Paulo Kortazar), Jon Suduperen Hizkuntza ados jartzeko da (Iratxe Esparza) eta Anjel Lertxundiren Eskarmentuaren paperak (Jon Kortazar).