Mikel Lizarralde / 2014-03-18 / 243 hitz
‘Las letras / Hizkiak’ liburuan, hizkuntzaren soinuen jatorrizko zentzuan arakatu du Miguel Garai arkitektoak.
Mundua irakurtzeko eta ulertzeko hizkuntzak duen indarraz mintzo da Miguel Garai arkitektoa (Donostia, 1936) Las letras / Hizkiak, una interpretación del mundo. Hipótesis desde el euskara y el espacio liburuan (Artika). Hizkuntzaren indarraz, eta zehazki, euskararenaz, liburua gaztelaniaz idatzita badago ere, euskara baitu abiapuntu, «haren jatorria iraganean galtzen delako eta bere lehen esatearen jatorrizko zeinuak garbi gordetzen dituelako».
A, B, D, E…Zraino… Euskal alfabetoko hizki guztiak aztertu ditu Garaik, eta bakoitzak espazioa eta mundua irakurtzeko ezaugarri batzuk dituela ondorioztatu du. Horrela, adibidez, D-k gorputzen hedadura adieraziko luke, N-k nortasuna eta norbanakotasuna, R-k energia, unibertsoaren motor gisa eta Z-k arrazoinamendua. «Alde batetik, testuan agertzen diren ahots filosofikoen pentsamenduaren eta, bestetik, soinuen zentzuen artean sortzen den elkarrizketak erakusten du ahozko hizkuntza dela existentziaren gaineko lehenengo zientzia». Hain zuzen ere, liburuan filosofo eta pentsalari ugariren pentsamendua ageri da: Gilles Deleuze, Felix Guattari, Lukrezio, Eugenio Trias, Martin Heidegger, Gaston Bachelard… baina baita artistena (Vasili Kandinski, Piet Modrian, Paul Klee), arkitektoena (Gottfried Semper, Aldo Rossi), antropologoena (Claude Levi-Strauss, Joseba Zulaika) eta hizkuntzalariena ere (Resurreccion Maria Azkue).
Joxerra Gartzia idazle eta EHUko irakaslearen arabera, Garaik «bidaia metaforiko bat» proposatu du Las letras / Hizkiak lanean, «heterodoxoa eta estimagarria izateaz gain, ondorio ez akademikoak eskaintzen dituena».
Bihar, liburuaren aurkezpen publikoa egingo dute Donostiako San Telmo museoan, 19:30ean. Bertan, Garaiz gain, Gartzia eta Carmen Vecilla ere izango dira, eta hitzez gain, diapositiben bidez ere emango dituzte azalpenak.