Iker Tubia / 2014-03-26 / 532 hitz
Haikuak baztertu eta hainbat gai jorratu ditu ‘Galdeak eta baleak’ liburuan, Pamielarekin argitaratutako bigarrena.
Galderak. Burura ailegatu bezala idatzi ditu bere kezkak eta gogoetak Josetxo Azkonak (Iruñea, 1953) Pamiela argitaletxearekin kaleratu berri duen bigarren liburuan: Galdeak eta baleak. Denetariko galderak: klasikoak eta absurdoak, diskurtso logikodunari atxikiak edo erantzun zehatzik ez duten itaun bihurriak. Hala sortu du poema bilduma idazleak. Oraingoan alde batera utzi ditu haikuak. Oraingoan alde batera utzi du gai baten inguruan idazteko joera. Askotariko gaiak jorratzen dituzten galderak bota nahi izan ditu, eta irakurleari dagokio erantzuna aurkitzea.
Azkonak azaldu duenez, Ez naiz Fujin izan (Pamiela, 2010) haiku poemez osatutako argitalpena kaleratu bezain pronto hasi zen aurkeztu berri duen bilduma idazten. Bi gauza argi zituen: batetik, ez zuela haiku bat bera ere idatziko, eta, bestetik, ez ziola buruari hesirik jarriko. «Ideia bat burura etorri eta horretaz idazten hasi, huraxe izan da nire joera azken lauzpabost urteetan», azaldu du idazleak. Gaia ere ez du zehaztu. Koilara bete hitz (Alberdania, 2001) janaz eta jateaz idatzi zuen, Arbola naiz, eta zuhaitza (Alberdania, 2009) liburuan gai bat zegoen: zuhaitza, metafora gisa eta elementu erreal gisa, Ez naiz Fujin izan bilduman haikua zen ardatza.
Poema multzoa da, beraz, baina badute loturarik haien artean. «Neure burua ikusi dut, nire ahotsa hor dabil», esan du. Gainera, badira hainbat poema gai beraren inguruan idatziak. Hala, 64 poemak atalka sailkatu egin ditu. Alde batetik, hitzarekin, poesiarekin eta komunikazioarekin lotutako zortzi poema bildu ditu: «Poesiaren eta zientziaren arteko harremanak tratatzen ditut».
Bizitzaren alde gozoak eta mikatzak ere aztertu ditu poemen bitartez, «bizitzeagatik sortzen diren horiek». Bada ere gorputz sentsazioen inguruko atala ere; sentsazio atsegin zein desatseginak: sexuaz, maitasunaz… Horretaz gainera, bada alde ilunari eskainitako poema sorta: «Nireak eta inguruko jendearenak, gizakiarenak: gaizkia, bortxa, bidegabekeria, diru gose asegaitza, harrokeria, boterearena, nirea, guztiona», esan du.
Barne pertzepzioak, ukitu ezin direnak ere aipagai ditu Azkonak. «Ezdeusaz aritzen naiz batean, eta musikaren presentzia dezente sumatu dut». Azkenengo atala, berriz, poema bakar batek osatzen du: Erreportajea. Bale batekin hitz egiten du, eta galderak botatzen dizkiote elkarri. Izenburua hortik datorkio. Eufonia bat da, eta musikala da. «Horren bila joaten bainaiz poesia egiterakoan, baina ez bakarrik ikuspuntu estetiko batetik, baizik eta mamiari dagokion alde hori topatzen —hori da zailena—. Alegia, erran dezatela zerbait eufoniaz antolatutako hitz horiek».
Azken poemako esaldia eraman du liburuaren lerroburura. Esan duenez, ez da soilik estetika kontua, mamiari ere badagokio. Azalpena, baina, irakurleak aurkitu beharko du poema aurrean duela.
Lete gogoan
Poemen gaiaz mintzatzerakoan, Xabier Leteri eskainitakoa azpimarratu du Azkonak. Hiru idatzi ditu. Alde batetik, Leteren Habanera moldatu du: «Lete hartu dut eta niregana ekarri». Bigarrenean, bertso bat egin du zortziko handian. Bertan, Lete berak nola hartzen duen eta gizarteak nola hartzen duen islatu nahi izan du. Azkenik, Ateak ixtean poema bildu du. 2008. urtean bertatik bertara ezagutu zuen Lete Iruñeko Planetarioan. «Gutxitan sumatu dut nik halako giroa hitza eta poeta bat tartean daudela», azaldu du Azkonak. Momentu hori «guztiz iltzatuta» geratu zitzaion barrenean.
Poema guztiak biltzen dituen liburua sortu aurretik galdera bat zuen Azkonak: «Nora eramanen nau ahalegin honek? Liburu batera akaso?». Galdera gehiago barnean. Baina askotan galdera egiten duenak erantzunaren arrastoa utzi ohi du itaunean. Azkona ez da salbuespena: «Galdera batzuei saiatu naiz erantzuten, baina beste batzuei ez; irakurleak erantzun ditzala».