Nora Arbelbide / 2014-03-19 / 791 hitz
Jean-Baptiste Orpustanek ‘Zuanen etxe aldean’ argitaratu berri du, Marcel Prousten ‘À la recherche du temps perdu’-ren barruko ‘Du côté de chez Swann’ eleberriaren euskarazko bigarren bertsioa, Joxe Austin Arrietak ‘Swann-enetik’ baitzuen argitaratua.
«Andere esposa ederregia da». Frantsesezko erran molde hori zaio bururatu Jean -Baptiste Orpustan euskaltzain ohorezkoari (Ortzaize, Nafarroa Behera, 1934) Marcel Prousten Zuanen etxe aldean (Haritzeta/ZTK), berriki liburu formatuan argitaratuaz mintzatzean; Marcel Prousten (Anteuil, 1871-Paris, 1922) À la recherche du temps perdu obra mardula osatzen duten zazpi eleberrietako lehenaren —Du côté de chez Swann— euskal itzulpena. Aurretik baitago plazan Swann-enetik (Alberdania-Elkar, 2010), obra beraren Joxe Austin Arrietaren itzulpena, Literatura Unibertsala bilduman sartua.
Garai bertsuetan eginak dira biak, baina batak bestearen berri izan gabe. Sos eskasak egin du orain baizik ez duela liburua atera Orpustanek, hark erranik. Interneten, haatik, bulta honetan emana du eskuragarri, www.tipirena.net webgunean. Dohainik dago hor eskuragarri, Orpustanen beste lan guztiak bezala.
«Andere esposa ederregi da» ihardesten zaio frantsesez, zerbait goraipatzeko ordez, zerbait hori kritikatu eta alde txarretik begiratzen dionari. Eta irudi bera du erabili Orpustanek Prousten eleberriaren bi euskarazko itzulpenak aipatzerakoan: «Andere esposa ederregi dela? Ederregi baldin bada, hobe! Hala izanen da, ederregi».
Ederregi beraz, andere esposa, eta horri esker, itzulpengintzaz ere zenbait lezio jasotzeko aukera. Proust nola itzuli? izenburuarekin, Parisen jardunaldiak antolatu zituzten azaroan. Eta Joxe Austin Arrieta hara joan zen, bere euskarazko itzulpena azaltzera. Euskaltzaindiaren webgunean eskuragarri dago haren hitzaldia. Aipatzen du Orpustanen liburua. Orpustan bera ez zen joan ahal izan jardunaldietara, baina testu bat prestatu zuen, eta hori ere badago eskuragarri webgunean; baita Zuanen etxe aldean liburuaren azken orrietan. Orpustan, bereziki, izenburuaren esplikazioari lotu zaio. Izenburuko du côté edo aldean hitz horren esplikazioari. Leku zehatz bat eta mugimendurik gabekoa dela dio. Arrietak Orpustanen esplikazioak aintzat hartu, eta izenburua edizio berri batean aldatuko lukeela zehazten du, preseski, bere hitzartzean esplikatzen duenez. Artetik erraiteko, izenburuko Swann hitza Zuan bilakarazi izana honela esplikatzen du Orpustanek: «Swann nola ahoska? Ingelesen moldean? Alemanenean? Juduenean? Zuan idatziz hitza itxuraz euskaltzen da, eta aldi berean zuzen-zuzena entzunarazten».
Nafar lapurtar klasikoa
Arrietaren hitzaldiarekin segituz, itzultzaileak hitzaldia baliatzen du bi aldeetako idazte tradizioen konparatzeko. Orpustan bera aspaldian ari baita nafarrera-lapurtera klasikora euskaratzen hainbat liburu.Etxepare (1545), Leizarraga (1571), Axular (1643), Oihenart (1657), Etxeberri (1712) ditu erreferentziatzat, baita bere Ortzaizeko euskara ere. Eta klasikoek oraino badutela zer erran konbentziturik segitzen du.
Arrietak bere aldetik, Hego Euskal Herriko idazleak sintaxia aldetik «zurrunagoak, puristagoak» direla dio. Eta agian lexiko aldetik «axolagabeagoak». Analisi honetaz, Arrietak zehazki zer erran nahi duen jakin nahian dago Orpustan, eta zuzenean galdegitekotan elkar ikusiko dutelarik. Ez baita «batere segur» Arrietaren analisiaz. Orpustanek dio Proust jarraikitzen duela «oso-osoa».
Esaldi luzeak idazteagatik baita ezagun Proust. Batzuetan orri osokoak. «Irakurtzeko behar da hatsa hartu hastapenean, frantsesez ere. Ez da molde berean, baina ez da errazago irakurtzeko», abisatzen du Orpustanek berak. Desafioa, hortaz, Orpustanentzat ere, hark berak aitortu duenez. Baina, halere, estilo horri jarraiki dio «beti-beti». Puntuazioa aldetik ere, «ez dut deus ere aldatu», kasu bakan batzuetan salbu. Proustenean badira dena parentesia, dena marra ttipi: «Horiek denak zuzenez ere, atxiki ditut diren bezala. Hiruzpalau aldiz, gertatu zait parentesi baten sartzea, edo kentzea. Nik ez dut uste badugula dretxorik horien aldatzeko. Idatz-moldeak behar du den bezala ahal bezainbat itzuli».
Eta hori, zeina erabili gabe. «Ez dut behin ere erabiltzen zeina erlatibo gisa. [Gustave] Flaubert-en Maitasunaren ikasten aitzin-solasean errana dut zergatik ez den zein horren beharrik erlatiboetarako. Aldiz, bertze batzuk, hainbertzetarako non bezala, bai. Zein gabe euskara hobea agertzen da, ene ustez. Gutiago erdalduna». Baina sintaxia baino harago, Prousten hiztegi aberatsa ere bada kontuan hartzekoa, Orpustanen ustez: «Ez baita euskara biziki ohitua horrelako hiztegi aberatsaren erabiltzen. Euskaraz egin behar baldin bada, eta ez beti erdalkiak sartu zuzen-zuzena».
Horretaz ere mintzo da Arrieta bere hitzartzean. Métempsychose hitza hartzen du adibidetzat. Arazorik gabe metenpsikosia erabiltzen du Arrietak, «erabilpen unibertsaleko hitz grekoa» delako. Orpustanek, berriz, soinez arimaren aldatzea du erabiltzen. «Gehienetan hitzak itzultzen ditut. Gerta daiteke Zuanen etxe aldean irakurri nahi izatea batek, eta menturaz metenpsikosia ez daki zer den. Bederen, hor hartzen da zer erran nahi duen. Horretan ari izan naiz beti. Gero, bakoitzaren hautua da. Hori zen ene hautua».
Hiztegi bilakatu duen hautua. Hark berak osatua. Bere eguneroko lan tresna duena. 30.000 hitz, euskaratik frantsesera, eta alderantziz. Hori ere webgune pertsonalean eskuragarri. Hiztegia beti eskupean duela ari dela esplikatzen du, «eta orduan ikusten dut ene hiztegia ez dela oraino osoki osatua. Aldatzen da beti. Noiztenka, bizpahiru hilabeteetarik ezartzen dugu aldaturik poxiño bat. Doi bat luzatzen ari da beti. Baina ez naiz urrun. Proust ere bururatzen ari da». Proust euskaratzeko aukera eman dion hiztegia osatuta, urrunago joatea, zaila.
Baina, lehenik, Proust bururatu behar. Eta, alde horretatik, andere esposa ez da gehiago ederregi izanen, lana banatua baitute Arrietarekin. Neska gazte loratuen itzalean ari da euskaratzen Arrieta. Orpustan, berriz, Aro berriz edirena. Guermantes-ko aldea egina duela jadanik Orpustanek. Hori ere bere webgunean jarria.