Jon Rejado / 2014-03-09 / 573 hitz
Arreta falta eta hiperaktibitate nahasmendua duten eta tratatzen ez diren haurren jokabide ezegokiak finkatu egin daitezkeela ohartarazi du Casas doktoreak, eta helduak direnean mantendu egiten direla.
«Nik emango dudan azalpena zientifikoa da, baina badaude beste batzuk ideia honekin bat ez datozenak». Arreta falta eta hiperaktibitate nahasmenduaren inguruko eztabaidak iritzi kontrajarriak pizten dituela aitortu du Miguel Casas Brugue Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Psikiatria katedradun eta Val de Hebron ospitaleko Psikiatriako zerbitzu buruak (Amer, Katalunia, 1950). Hori jorratu du Gasteizko Europa jauregian XXIII. Psikiatriako Eguneratze Ikastaroan emandako hitzaldian.
Arreta falta eta hiperaktibitate nahasmendua eztabaida sortzen duen gaia dela adierazi duzu zure hitzaldian.
Nahasmendu, disfuntzio edo gaixotasun horrek eztabaida sutsuak pizten ditu, maila guztietan. Gaurko psikiatrian eztabaida gehien pizten duena, seguru aski.
Zergatik?
Familiek gehiegi diagnostikatzen edo tratatzen dela salatzen dute. Irakasle batzuek diote diagnostiko gutxi egiten direla; aldiz, beste batzuek uste dute diagnostiko gehiegi egiten direla. Zientzia komunitatean batzuek onartzen dute, eta beste batzuek ez, eskolaren arabera.
Esan duzunaren arabera, diagnostikoa da eztabaidagai nagusietako bat. Geroz eta gehiago egiten da? Gutxiago?
Buruko gaitz guztien nagusitasuna uniformea da Mendebaldeko herrialdeetan. Liburuek diote haurren %5-%7k dutela arreta falta eta hiperaktibitate nahasmendua. Ordea, hiperaktibitate eta arreta falta kasuak ez dira behar beste diagnostikatzen. Horrek eragin zuzenak ditu.
Zer zentzutan?
Eskolan porrot maila handiena duen herrialdeetako bat Espainia da. Kalamu kontsumo altuena duena. Kokaina gehien kontsumitzen duena.
Alor horiek guztiak lotzen dituzu?
Eskolako porrota faktore askoren eskutik dator, baina hemengo ikasleak ez dira tontoagoak. Hemengo irakasleak ez dira Finlandiakoak baino txarragoak. Familiak adeitsuagoak dira hemen. Arrazoia beste bat da. Errendimenduan eragiten duten faktore psikopatologikoak ez dira diagnostikatzen ez behar bezala, ezta behar den garaian ere.
Eta horrek zer eragin du?
Arreta falta eta hiperaktibitate nahasmendua duten umeen %40 bere kabuz sendatzen dira, baina beste %60 nahasmendu hori izango duten helduak dira. Heldu ahala aldaketak daude nahasmendua agertzeko moduan. Helduengan ia guztiz desagertzen da asko mugitzeko joera hori. Ordea, haurtzaroan tratatu ez badituzte orduan garatutako jokabide ezkorrak, manten ditzakete.
Eta helduen kasuan…
Badaude izaera suntsitzailea dutenak, baina ekintzaile eta artista bikain asko ere bai. Oldarkortasun, originaltasun eta adimen koziente altuak horretan laguntzen die: Bill Gates, John Lenon…
Hortaz, ezaugarri horiek bideratzeko aukera dago?
Azkarrak dira, biziak. Ordea, XXI. mendeko mendebaldeko gizarte batean nahasmendu horrek asko baldintzatzen du egunerokotasuna. Oso argiak ez badira, edo familiaren babesa ez badute, zailtasunak izan ditzakete.
Heziketa zurrunak, eserita egotea sustatzen duenak, ume horien bilakaera zailtzen al du? Eragozpen gehiago jartzen al dizkio?
Ohikoena 6 urtetik aurrera diagnostikatzea da. Kontrolatzen ez bada, arreta falta soila duena tontotzat joko dute. Arreta falta eta hiperaktibitatea duenak eskolan porrot egingo du, baina kanpoan lider bat izango da. 13 urte dituenean sufritzen hasiko da, eta, normalean, kalamua erretzen hasten dira. Medikazio moduan uler daiteke; kalamuak oldarkortasuna kentzen die, baina eskolan dituen arazoak areagotzen ditu.
Hezkuntza sisteman moldaketak egin daitezke bide horretan laguntzeko?
Batzuek baietz pentsatuko dute, baina nik ez dut uste posible denik. Ondo diagnostikatu behar da, hasiera batean. Hiru edo lau ordu behar ditu espezialista batek diagnostikatzeko.
Tratamenduan, botikaz gain, psikoterapia ere badago, ezta?
Gehienetan terapia kognitibo konduktuala erabiltzen da, gizabanakoa egituratzeko. Dena den, aldaketak egon dira. Ume horien ezohiko jokabidea gaixotasunak sortutakoa zela pentsatzen zen.
Eta gaur egun?
Jokabide horiek eritasuna konpentsatzeko erreakzioak direla uste da. Arreta faltak eragin ezkorra du pertsonarengan. Horrek dopamina sisteman eragiten du. Hori zuzentzeko bi bide daude: kanpotik tratatu, edo umeak bere burua tratatuko du plazera edo antsietatea bilatuz: besteei eraso egin… Jokabide horiek finka daitezke umearengan, eta gure ardura da hori ez gertatzea.