Mikel Asurmendi / 2014-03-02 / 459 hitz
- Izenburua: Jesusen haurtzaroa
- Egilea: J.M. Coetzee
- Itzultzailea: Aritz Gorrotxategi
- Argitaletxea: Meettok
John Maxwell Coetzee hegoafrikarra dut hizpide. Idazlea hasteko, Jesusen haurtzaroa nobela ondoren. Lotsaizuna (Disgrace) izan dugu Coetzeeren liburu bakarra euskaraz orain gutxi arte. Oskar Aranak itzulia. J. M. Coetzee Literaturako Nobel Saria izan zen 2003n. Sariak nobela euskarara bideratzen lagundu ote zuen, pentsu dut.
David Lurie da protagonista Lotsaizuna-n. Irakaslea. Patxi Ezkiagak Lotsaizuna-ren aurkezpenean Coetzeeren hitz lagungarriok aipatu zituen: «Iraganak geroak baino gehiago interesatzen nau. Iraganak orainean proiektatzen duen itzalak harrapaturik nauka». Ezkiagak hauxe gehitu zuen: «Davidek duintasun izpi bat bereganatu badu, den-dena abandonatu duelako da: alaba, baita justiziari eta hizkuntzari buruz pentsatzen duena ere». Bego. Jesusen haurtzaroa nobelara etorrita, horrela esan digu Aritz Gorrotxategi itzultzaileak: «Eleberri honek ezohiko bideak jorratzen ditu. Apustu bat da, prosaz nahiz edukiz, liburu ezberdin bat egiteko. Ezberdina eta arrisku handikoa».
Betor irakurketak iradoki didana, eta izan bedi liburura hurbiltzeko lagungarria ere.
Narrazioa hasi berritan Novilla herrian gaudela dakigu. Itzultzailearen oharrak hauxe dio: «Letra etzanean agertzen diren gaztelaniazko hitzak, gaztelaniaz daude jatorrian». Nire lehen itauna: «Zein lurraldean ote dabiltza protagonistak?». Heldu berriak dira eta gaztelaniaz egiten dute. Lurralde ezezagunean «egokitu dira».
David haurra eta Simon heldua Belstar-etik arribatu dira, itsasoz bestaldetik nonbait. David ez da Simonen semea. Bidean aurkitu duen haurra da. Simon, adinean aurreratua, El viejo, portuan hasiko da lanean. Ines ezagutuko du. Simonen jaidura ulergarria izan daiteke, David haurrarena, aldiz, artean sei urte bete gabea, ezohikoa da. Biek ala biek premia bera dute: iragana garbitzearen beharra. Simonek aitaren rola hartu du, David bere semea balitz bezala hezi beharrean. Simonek Ines ezagutzen du, bertakoa, antza. Ametsek elikatutako pertsonak dira. Une batez «ongi daude». Galdera: onginahiak ase ote dezake euren beharra?
Pertsonaien aldarteak kontrastagarriak dira oso: Ines eta bere anaiak. Portuko enkargatu Alvaro. Lankideak, Eugenio bereziki. Daviden lagun berria Fidel. Honen ama Elena. Lagunartekoa arrotza da zenbaitetan, «mundu erreala» da, haatik. Mundu berri berezia. Zer gara? Zertarako gaude munduon? Coetzeek etengabe itauntzen gaitu. Amatasuna. Aitatasuna. Lana. Lagunartekoa. Desioa. Maitasuna. Simon Davidez ezin arduratuz, Inesek semetzat hartuko du. Ines Daviden ama bilakaraziko du Simonek. Hasieran gogoz kontra. Amaieran? Zuk bilatu erantzuna irakurle hori: Bitxia. Enigmatikoa. Intrigagarria.
Nobelako mundua «gurea» da, mundu arautua. David eskolan hasiko da. Fabulaz jositako istorioak frenesira eramango zaitu. Oinarrian fabula nagusi bat dago: On Kixote Mantxakoa. Itxuraz, Coetzeeren kuttuna, eta nobela honen zioa. Ez dizut David protagonistaren izaeraren berri eman. Zeuk kausitu behar duzu. Nobela irekia da. Alta, Jesusen haurtzaroa izenburua izanda, Jesus nazarenoa agertu ote den eginen duzu aurrera. Literatura fabula den neurrian, David Jesus izan daiteke. Irudimena libre. On Kixote haize-erroten kontra nola, hala dabiltza pertsonaiak. Filosofiaz ehundutako nobela izan arren, egileak kontakizunari ganoraz eusten dio. Galdera: jatorrizko hizkuntzan nolakoa ote nobela? Itzultzailearekiko estimuan esana betiere. Beste bat: «Existentzia eta burokrazia hitz kidekoak bilakaraziko ote ditugu XXI. mendean?».