Iker Tubia / 2014-03-15 / 702 hitz
Herrialdean aurkitu daitezkeen edo inoiz aurkitu diren landare kormodunen katalogoa sortu du Mikel Lordak. Alor akademikoan erabiltzeko pentsatua bada ere, botanika zaleentzat ere erabilgarria da.
Lorategi ederra du Nafarroak, herrialde plurala baita: askotarikoak ditu orografia, klima, lurraren erabilerak… eta horrek bere lurretan Alpeetako, Atlantikoko, Afrikako zein estepako landare kormodunak haztea ahalbidetzen du. Horiek guziak liburu batean bildu ditu Mikel Lorda nekazaritza eta basozaintzako ikasketa zentro bateratuko irakasleak. Horrela sortu du Nafarroako landareen katalogoa, 3.073 ale biltzen dituen argitalpena. Gehienak gaur egun ere aurkitu litezke herrialdean barrena, baina badira inoiz aurkitu arren egun galduak diren aleak ere.
XVIII. mendetik gaur egunera arte azaldu diren landareak biltzen dira katalogoan, eta haietarik 2.800 oraindik ere hazten dira Nafarroan. Gainontzekoen artean, batzuk galdu egin dira, beste batzuk okerren ondorio izan dira —inoiz aipatu dira, baina oker, edo gaizki sailkaturik— eta badira ere aurkitu diren arren oraindik egiaztatu behar direnak. Iruñerrian, adibidez, landareak galtzeko faktore nagusia lurraren erabilera aldatzea izan da. «Industrializazioak eta urbanizazioak lurraren erabilera aldatu du, eta horrek landareak desagerrarazi ditu kasu batzuetan», azaldu du Lordak.
Lordaren ekimenak bultzatu du katalogoaren proiektua. Lordak dio orain arte landareen ezagutza hori aurkitzea oso zaila zela. Badira hogei urte antzeko proiektu bat egin zenetik. Orduan administrazioak bultzatu zuen, baina ez zuen argitara eman, eta barne aferetan erabiltzeko aukera baino ez zegoen. Ez hori bakarrik, landaredia oso dinamikoa den heinean, lan hori gaurkotzeko beharra zegoen. «Tesi eta ikerketa lan batzuk egin dira, beraz, landareen katalogoa gaurkotu beharra zegoen», dio irakasleak.
Beharraz gainera, Lordak urte anitz zeramatzan han eta hemen landareen aipamenak biltzen. Lan horri segida eman, eta iaz bukatu zuen. Dena den, emaitza «lan kolektiboaren» emaitza dela nabarmendu du. Izan ere, beste botaniko eta zaleen datuak ere bildu dituelako. «Gero eta jende gehiago ateratzen da mendira argazkiak egitera, eta ezagutzen ez dituzten landareak topatzen dituzte. Hortik datu batzuk datoz, oso interesgarriak. Nafarroa hain plurala izanik, toki batzuetan orain arte topatu ez diren landareak aurkitu ditzakezu», esan du. Galdutzat hartzen ziren landareak ere aurkitzen dituzte batzuetan.
Besteren ekarpenak garrantzitsuak badira ere, Lordak lan handia egin du Nafarroako landarediaren datuak liburuan biltzeko. «Ibilbide interesgarriak bilatu behar dira, gutxi ezagutzen diren tokietara joan, eta landareen bila ibili, eta, gero, bibliografian informazioa bilatu eta landare horiek berriz ere aurkitzen saiatu», azaldu du irakasleak. Beraz, nagusiki bibliografia eta mendi lana. Han eta hemen landareak bildu, idortu, eta, bibliografiari esker, sailkatu egiten ditu. Sailkapenak datu basean sartu ditu, eta horren erakusleihoa da liburua.
Aditu eta arituentzat
Katalogoan Nafarroako landare bildumaren hainbat datu zehaztu ditu Lordak. Zerrendaturik ageri dira aleak, eta bakoitzaren izen zientifikoa eta sinonimo ohikoak, non kokatzen den, ekologia, altuera, zein habitatean aurkitu litekeen, kontserbazio datuak eta oharrak zehaztu ditu. Informazio hori garrantzitsua da botanikarekin zer ikusirik duten ikasketa zein ikerketa akademikoetan erabiltzeko. Irakasleak esan duenez, azterketa kritikoa da berak egindako lana.
Hala ere, katalogoa ez da soilik adituentzat. Natura eta landareen zale askok deitu diote liburuaz galdezka, nahiz eta liburu teknikoa izan. «Nahi duenak irakur lezake; ez dauka terminologia zientifiko handirik, beraz, erabiltzeko erosoa izan liteke», azaldu du.
Oraingoz zaila da katalogoa eskuratzea, aleak amaitu baitira. Dena dela, bigarren edizioa argitaratuko dute aurki. Botanikako irakasleak aitortu duenez, harriturik dago emaitzarekin, ez baitzuen uste hainbeste jenderen interesa piztuko zuenik. Horrek adierazten du badela zaletasunik, baina katalogoaren egileak beste azalpen bat ere eman du: «Orain arte ez zen horrelako libururik Nafarroan».
Ohiko landareez gainera, hamaika bitxikeria aurkitu litezke Lordak sortutako bilduman. Horietako bat da Ranunculus lingua galdutzat hartzen zen landarea. Iruñerrian bizi da, Itzako putzuan, eta orain dela urte gutxi berriz ere aurkitu zuten. «Interesgarriena da landare hori Iberiar penintsula osoan soilik hor aurkitzen dela, Nafarroako toki horretan», dio.
Antzeko egoera da Baztan inguruetan hazten den Erodium manescavii landarearena. Iberiar penintsula osoan soilik Nafarroako zoko horretan aurkitu liteke. «Landare horiek XIX. mendean aurkitu ziren, eta orain berriro aurkitu dira. Horrek esan nahi du landareak bilatuz gero agertzen direla nahiz eta zaila izan», dio Lordak. Horiekin batera, gutxienez bi landare endemiko bildu ditu: Cochlearia aragonensis subsp. navarrana eta Iberis carnosa subsp. nafarroana.
Berriki argitaratutako lanak, baina, etengabeko eguneratze behar du. Egilea dagoeneko konturatu da landare batzuk aurkitu direla, nahiz eta oraindik egiaztatu behar diren. «Mendeetan zehar etortzen dira, batzuk finkatzen dira besteak desagertu, landaredia dinamikoa baita. Horrek esan nahi du katalogoa ez dela inoiz bukatzen».