Oraino, kristalezko sabaiaren azpian

Iker Tubia / 2014-03-07 / 1.552 hitz

Hondarreko 25 urteetan kultura alorrean gora egin du emakumearen presentziak. Dena dela, datuak erlatibizatuz gero, adituen ustez, oso urruti da berdintasuna.
Emakumea eta literatura. Hura izan zen Jakin aldizkariaren 45. ale monografikoaren izenburua, hitzaldi sorta baten fruitu. Nerea Azurmendi, Tere Irastortza, Aurelia Arkotxa, Gema Lasarte eta Laura Mintegi ziren hizlariak. Ordukoa gogoratu, eta, egoeraren bilakaera aztertzeko asmoz, Sareinak taldeak mahai ingurua antolatu zuen hizlari berberekin, Arrasaten urtarrilaren 31n. Egoera ez da onena, baina aurrera pausoak eman dira literaturan. Gainontzeko arte adierazpidetan ere antzeko erritmoan egin du aurrera emakumeak: poliki. Oraindik ere lan handia dagoela uste dute adituek.

Diagnostiko bera egin dute Haizea Barcenillak, Iratxe Retolazak eta Maria Castejonek kulturaren alorrean dagoen genero bereizkeriaz mintzatzerakoan. Barcenilla EHUko irakaslea da, artearen historian aditua, Retolaza ere EHUko irakaslea da, filologia lizentziaduna, eta Castejon historiagilea da, genero irudikapenean aditua, eta doktoretza tesia zinemari buruz egin zuen. Azken 25 urteetan aurrera egin bada ere, lorpenak erlatibizatuz gero, oraindik ere egoera oso desorekaturik dago. Ez hori bakarrik, kultura alorrean 80ko eta 90eko hamarkadetan emakume anitz agertu zirelako ustea erdi ustela dela ere aipatu dute. Izan ere, egia da emakume askok egin zutela jauzi kulturaren alorrera, baina datuak inondik inora ere ez ziren hurbildu gizonen kopuruetara.

Literaturari dagokionez, emakume kopuruaren portzentajea igo egin da, baina oraindik %15 eta %20 artean dabil zenbatekoa. «Igo egin denez, batzuetan badirudi ikusgarri egiten dela, aldaketa den baino handiagoa dela», dio Retolazak. Artean ere geroz eta emakume gehiagoren lanak ikus daitezke, eta aurten Eusko Jaurlaritzaren Gure Artea sariketan hiru emakume izan dira lehenbiziko aldiz; baina egoera soilik pixka bat ari da aldatzen, Barcenillaren arabera. Datuak horren lekuko: Bilboko Arte Eder museoak azken hamar urteetan 48 erakusketa antolatu ditu. Emakume bati ere ez dio bakarkako erakusketarik eskaini.

EHUko irakasleak, baina, aldaketa bat nabarmendu nahi izan du: artean, emakumearen ikuspegia dagoeneko ez da soilik gizonen eskuetan. Adibidez, badira egon aitortutako artista emakumeak, Itziar Okariz, kasurako. «Artista asko emakumeari buruz mintzo dira: emakumearen gorputzari buruz, egoerari buruz… gai horiek beste ikuspuntu batzuetatik lantzen dituzte», azaldu du. Horri dagokionez, parekotasunaren legea aipatu du. Ez da beti onuragarria, Barcenillaren ustez; batzuetan, kalterako ere bada. «Egia da sarietan, erakusketetan… zentro batzuk hori aplikatzen saiatzen dira, artista gazteen artean aukera gehiago daude beraz; baina egia da, halaber, parekotasunak estal dezakeela atzetik dauden arazo guztiak: adibidez, zergatik ez dute emakume gehiagok erabakitzen artista izatea?», dio. Parekotasuna ez baita konponbidea, tresna bat baizik.

Kopuruak gorabehera, Retolazak aldaketa nagusi bat nabarmendu du hondarreko urteetan: diskurtso literarioa. «Badago euskal literatura feminismotik lantzen ari den diskurtso literarioaren bide bat, ez emakume literatura gisa ulertuta, baizik eta genero eraikuntzaren gaia ikuspuntu feminista batetik lantzen duena». Lehen ekarpenetako bat izan zen Jakin aldizkariak egindakoa, eta azken sei-zazpi urteetan literaturaren esparruan hainbat jarduera sortu dira gaia lantzeko. «Nolabait, badirudi feminismoa, euskalgintza eta kultur sorkuntza ari direla gogoeta hori egiten».

Artean ere ezinegona sortzen du emakumearen egoerak, eta Plataforma A eta antzeko taldeak sortu izan dira emakumeen lana gehiago ikusarazteko eta artearen historia ikuspuntu feministatik berraztertzeko. «Badago sentimendu bat eta kontzientzia bat partekatzen duguna», dio Barcenillak. Dena den, onartu du plataformak muga asko dituela, eta instituzioak engaiatu eta baliabideak jarri beharko lituzketela nabarmendu du. Retolazak antzeko egoera antzeman du literaturaren alorrean. Badago literatura feminismotik lantzen duen joera bat, baina, oro har, literatura legitimatzen duten instituzio literario nagusietara ez da ailegatu aldaketa: Euskadi Literatura saria oso emakume gutxik irabazi dute, sari gehienetan emakume gutxi daude, eta ikuspegi feminista lantzen duten liburu gutxi. «Saritzen denean, beste gizarte gai batzuk kontuan hartzen diren bezala —orain, memoria historikoa izan liteke—, feminismo gaia ez da gaur-gaurko literatur gai gisa hartzen», gehitu du Retolazak.

Pantailara jauzirik ez

Zinemagintzan egoera ere ez da batere ona. Adibide bat jarri du Castejonek: GITE Gizarte Ikerketarako Talde Eragileak 1987tik urtero antolatzen duen jaialdia. «Azken 25 urteetan, emakume gehiago daude zineman; lehen, emakume zuzendari bat aurkitzea ia detektibe lana zen, baina oraindik erabateko gutxiengoa dira». 1990ean prentsa artikulu eta gehigarri asko eskaini zitzaion emakume zuzendarien hazkundeari, baina, gizonen kopuruarekin alderatuz gero, ehunekoa oso txikia da.

Castejonek dio emakume zuzendarien kopurua oso txikia dela. Baina, lanean ez ezik, pantailan ere egoera ez da samurragoa. Cine y género en España. Una investigación empírica (Zinema eta generoa Espainian. Ikerketa enpirikoa) liburuan, 2000. eta 2006. urteen arteko filmak aztertu zituzten. Soilik batean agertu zen erabaki transzendente bat hartzen zuen emakume protagonista: Helena Tabernak zuzendutako Yoyes filmean. Castejonek argi du: «Protagonismoa oraindik ere maskulinoa da».

Literaturaren alorrean, emakumeek egindako eleberrigintzan, Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox (Erein, 1979) mugarri gisa hartu izan da, lehenbiziko aldiz emakumearen ahotsa hartzen baitu narrazioak. 1983an, Anjel Lertxundik maskara gisa hartzen du emakume ahotsa Hamaseigarrenean aidanez nobelan, eta, Retolazaren aburuz, aurretik emakumea protagonista zuen eleberri bat egoteak izanen zuen zer ikusirik. Literaturari oro har so eginez gero, azken hamarkadan genero eraikuntzaren gaia agendan dagoela dio. Horren adibide Ibon Egañak koordinatutako Desira desordenatuak (Utriusque Vasconiae, 2010). Maskulinitatearen deseraikuntzari ere heldu diote idazle batzuek, Oier Guillanek Arra. Arraroa (Artez Blai, 2010) antzezlanean, kasurako.

Adituek datu deigarri bat jarri dute mahai gainean: fakultateetan, ikasle gehienak emakumeak dira. Hala, EHUko Arte Ederretako ikasleak batik bat neskak izaten dira, eta antzeko egoera antzeman liteke komunikazio ikasketetan ere. Hala ere, ikasleek lanaren mundura jauzi egiten dutenean, emakume eta gizon kopuruaren portzentajeak alderantzikatu egiten dira. «Ikasketak bukatzen dituztenen artean, askoz gehiago dira hezkuntzara doazen emakumeak gizonak baino, eta askoz gehiago dira artista ibilbide profesionalari jarraitzen dioten gizonak», dio Barcenillak.

Publikotasunaren beldur

Literaturan antzeko egoera antzeman liteke sariketetan. Haur eta nerabeentzako lehiaketetan, neska gehiago aurkezten dira nabarmen, baina, nerabezaroa pasatuta, idazkuntzari lotzen zaizkionak portzentajean ez dira gehiago emakumeak. «Nerabezaroan, sariketak irabazteak ez du eskatzen publikotasunik, eta liburuak publikatzeak dakar publikoaren aurrean jartzea», azaldu du Retolazak.

Emakumearen presentzia aldatu egiten da adinaren arabera, baita kultura alor bakoitzeko adarretan ere. Literaturaren barruan, saiakeran eta eleberrigintzan emakumeak oso gutxi dira. «Nork garatzen du gaur egun euskal pentsamendua? Saiakeran, apenas dagoen emakumerik. Arantxa Iturbek amatasuna jorratu du, eta Inma Erreak, literatura; baina beste gaietako pentsamenduan ez daude», azaldu du Retolazak. Nobelan ere eskas, euskal eleberrigintzaren historian 25-30 urte artean daude euskal emakume nobelagileak, nahiz eta gehien publikatzen den generoa izan. Kritika feministatik sarri esan da emakumeek kanonetan ez dauden generoetara jotzen dutela, instituzioek hainbeste kontrolatzen ez dituztenetara, arau gutxiago dutenetara eta askeagoak direnetara: narrazio laburretan ekarpen asko egon da, poesian antzera, eta antzerkigintzan parte hartze handia dute.

Artean ere agerikoak dira diziplinen arteko ezberdintasunak. Eskulturan, adibidez, gizonen lanek jasotzen dute aitorpena. «Euskal arte gisa ulertu izan da eskultura, eta horrek ikusgarritasun eta ofizialtasun handiagoa eman die gizonei; emakumeentzat ez da erraza izan hor sartzea, nahiz eta eskultura egileak izan diren», azaldu du Barcenillak. EHUko irakasleak dio gizarteak banaketa egiten duela: oihalak eta zeramikak emakumeen teknika gisa hartzen dira; harria eta monumentuak gizonei atxikitzen zaizkie. Are, gizonekin lotutakoak unibertsal gisa onartzen dira, eta emakumeei lotutakoak, emakumezkoenak balira bezala. «Horrek asko mugatzen du».

Dena den, idazleak, artistak eta zinema zuzendariak egoteaz gainera, badira bestelako lanak literaturan, artean eta zinemagintzan. Horietan ere, antzera. Ekoizleak gutxi dira, sarri zuzendariei lotuak, eta argazki zuzendaririk ez du ezagutzen Castejonek. Argitaletxeetan, ia ez da emakumerik egon ere edizio lanetan. Galerista emakumeak egon badaude, baina arazoa sakonagoa da, Barcenillaren aburuz: «Ez da horrenbeste emakumea galerista izatea, baizik eta sistema nola dagoen antolatuta; hori atzetik dator, eta egitura patriarkalak dira».

Ikusezintasun hori nabarmenagoa da historian. Emakumeak artean, literaturan eta zinemagintzan aritu dira, nahiz eta haien izenak ahanzturara kondenatu nahi izan dituzten. Hala, Alice Guy zinema zuzendari izan zen Lumier anaiak filmatzen zebiltzan bitartean, eta muntatze lanean ere emakume asko ibili ziren.

Artean, historia berraztertzearen aldekoa da Barcenilla. Historiaurrean gizonek margotu zutela aintzat hartzen bada ere, hori ez dago frogaturik. XVI. eta XVII. mendeetan emakume askok tailerretan egiten zuten lan, eta XIX. mende erdialdean modu argian ageri dira emakumeak artean, nahiz eta historiografian ez azaldu. XX. mendean emakume artista asko eta handiak izan ziren, Barcenillak esan duenez, eta lan garrantzitsuak egin zituzten, baina II. Mundu Gerrarekin batera atzerapauso handia eman zen. «Emakume askoren memoria han geratu zen».

Kristalezko sabaia

Baina datuetara jotzea baizik ez dago kulturan oraindik ere genero desberdintasun nabarmenak hautemateko. Paradoxa bada ere, emakumeak dira gehien irakurtzen dutenak, museoetako bisitari ohikoenak eta zinema aretoen eserlekuak betetzen dituztenak. Emakumeak gizonak baino gehiago dira unibertsitateetan. Baina egoera ez da irauli. Zergatik? Kristalezko sabaiarengatik.

Castejonek azaldu du: «Zinema zuzendari izatea oso zaila da, eta emakume guztiak ez daude prest horraino ailegatzeko egin behar diren sakrifizioak egiteko. Oso mundu gogorra da, eta, gainera, egitura oso maskulinoa du». Barcenillak ere antzeko ikuspegia du: «Arazoa da artearen mundua denentzako oso prekarioa dela, eta emakumeentzako are gehiago». Azaldu duenez, emakumeen arteari ez zaio profesionaltasunik aitortu historikoki. Publikoaren epaia ere zorrotzagoa da.

Egoera orekatua ez dela baieztatzeko, hona hemen beste adibide bat: zernahi arte alorren aurretik «emakume» hitza gehitzea. «Ez luke horrela izan behar, ez dago gizonen zinemarik», dio Castejonek. «Arazo bat dago: film bat emakumeena dela esanez saltzen badute, aretoan soilik emakumeak daude, maskulinoa delako unibertsala». Barcenillak bide beretik jo du emakumeen artea kontzeptuaz mintzatzean. «Arazo oso larria da: arte feminista ez da emakumeentzako artea, gizartearen arazoez hitz egiten du, eta, beraz, denon arazoak dira».

Retolazak ere emakumeen literatura gaitzetsi egin du. Haren aburuz, ezin sar litezke emakume guztiak zaku berean: «Joerek ez dute zer ikustekorik haien artean; oso ezberdinak dira Katixa Agirre, Uxue Apaolaza, Uxue Alberdi edo Eider Rodriguezen proposamenak». Gainera, sarri, egilearen generoari gehiago erreparatu ohi zaio lanari baino.

Lan handia dago egiteko, beraz, baina batzuk ari dira bidea egiten, hurrengo belaunaldiek kristalezko sabaia hautsita aurkitu dezaten.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.