Tagliatelleak otarrainxka eta txirlekin

Iker Markinez / 2014-03-22 / 191 hitz

4 pertsonarentzako osagaiak:

400 gramo tagliatelle.
Zortzi otarrainxka.
Ziazerba sorta bat.
Bi dozena txirla.
Bi baratxuri ale.
Oliba olio birjina.
Kopa bat ardo zuri.
Esne gain basokada bat.
Gatza.

• Lehenik, otarrainxkak zuritu, eta zartagin batean, oliba olio zorrotada bat gehitu eta otarrainxken azalak bota. Pare bat minutuz frijitu ondoren, ardo zuria gehitu, eta, ondoren, ur pitin bat.

• Guztia bost minutuz su bizian irakin, eta irabiagailuaren laguntzaz irabiatu. Salda gerorako gordeko dugu.

• Lapiko bat urez bete eta sutan jarri berotzen, gatz eta oliba olio pixka batekin. Irakitean, tagliatelleak gehitu eta bost bat minutuz irakiten eduki. Pasta al dente dagoenean, lapikoa sutik kendu, ur hotzean pasatu eta, ur soberakina ongi kendu ondoren, erretilu batean gorde.

• Zartagin zabal batean oliba olio zorrotada bat jarri, eta, berotzen hastean, bi baratxuri aleak, aurrez zuritu eta txikituak, dantzan ipini. Kolore pixka bat hartzen dutenean, otarrainxkak gehitu —zati txikietan moztuak—. Jarraian, txirlak eta ziazerba ere gehitu.

• Ondoren, gorderik daukagun salda guztia gehitu, eta, irakiten hastean, esne gain basokada ere bai. Bost minutuz irakiten eduki, eta tagliatelleak gehitu.

• Ongi nahastu, eta, beroa dagoenean, jateko prest daukagunez, plateretara zerbitzatzea besterik ez da gelditzen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.