Trenak balio du oraindik

Alex Gurrutxaga / 2014-03-09 / 434 hitz

  • Izenburua: Trenen abiadura
  • Egilea: Luis Garde
  • Argitaletxea: Pamiela

Trena Modernismoaren sinbolo gorenetakoa da. 1868an, hauxe idatzi zuen Theophile Gautierrek modu profetikoan: «Antzinatean tenpluari zegokion arkitektura, Erdi Aroan elizari zegokiona, gure garaian estazioarena izango da». Modernismoan asko izan dira ezleku hori —estazioa, trena, trenbidea— sinbolikoki baliatu dutenak: tartean dira Apollinaire, Maiakovski, Marinetti, Machado eta, gurean, Antonio Arruti edo Lizardi. Tradizio sendoa duen elementu poetikoa da trena, beraz, eta, jakina, egun bizirik dagoena. Luis Gardek Haize hegoaren aroak (2007) poemategiaren pasarte batzuetan landu zuen jada sinbolikoki; adibidez: «Trena, bidea, geltokia naiz./ Hutsik bidaiatzen naiz ezdeusetik ezdeuserantz». Oraingo honetan, ordea, trena erdigunean jarriz bilbatu du bere pentsamendu poetikoa, eta maila oneko liburua ondu du.

Hasier Rekondok egile beraren Maizter arrotza-ri buruz (Erein, 2013) zioen «pentsamenduaren poesian» kokatzekoa dela. Terminoak balio lezake Trenen abiadura-rentzat ere. Trena, bizitzaz ari garela, mugimendua da, denboraren joana. Ni poetikoak mundua behatzen du leihotik, paisaiaren aldakortasuna, espazioen mudantzak; literatura ere —inork unibertso deitua— begiztatzen du, eta tradizio poetikoa. «Beiratik haratago» dagoenaren eta bidaztiaren artean leihoa dago, eta horrek bi espazio ditu sortzen: kanpokoa, bestea, eta barnekoa, kristalean islatua —ikusi 19. orrialdeko irudia—, norbere identitatearen egoitza.

Garderen lanak bi poema luze ditu. Aurrenekoan gogoeta modu dialogikoan aurkezten zaigu: Paul Valeryren hitzak daude batetik —«gizakiak gaur ez zukeen poesia asmatuko»—, eta ni poetikoarenak bestetik. Denborari buruzko dialektika planteatzen du Gardek: poesiari kontrajartzen zaio mundu garaikidearen presa. Garai batean abiadura izugarriaren irudi zen trena, baina gaur «astitsu» eta «lasai» da, eta poeta gai da bertatik «paisaia habitagarriak» inauguratzeko.

Bigarren poemak, luzeenak, bi bidaia ditu ardatz: subjektuak Youtuben ikusten duen transiberiarrarena, eta oroitzen duen Bartzelona-Venezia bidaia erromantikoa. Poema narratiboa da, lirikaren errekurtsoak tonu narratibo biluziagoarekin konbinatzen dituena. Jorratzen diren gai nagusietako bi, denboraz gain, amodioa eta deserrotzea dira. Elementu gehienak daude gai horiei lotuta; esaterako, emakumeak irakurtzen duen liburua, Denbora gure laugarren dimentsioa, ikuspegi existentzialetik begiratuz, bizialdiaren metafora da. Deserrotzea, berriz, deserri existentziala, sentipen iraunkor eta esanguratsua da poeman. Halere, badaude pasarte ahulak ere, pentsamenduan behera egiten dutenak edo topikoak direnak.

Leihotik begira, aldakuntza etengabea da; abiapuntua, helmuga eta bidaztia aldatzen ari dira. Bidaiariak bilatzen zuen agindutako lurra desagertu egiten da une oro, helmuga «Amets Habitaezina» (57) bihurtzen da istant bakoitzean, galdu egiten dugu «lur agindua/ hura ikusi edo hatz-puntekin ukitu bezain fite» (68), ez dago itzulera posiblerik. Azkenean, ez da deserria —trena— baizik gelditzen, «ukitze, igurzte, urratze, higatze» (72) xume bat, nostalgia apur bat, «higidura baino gehiago gaur dena nostalgia baita» (25), eta poesia. Trenen abiadura poesia fina eta orekatua da, eta bigarren poema distiratsua ez bada ere, oro har, pentsamendu-figura neurritsuek, han-hemenkako metafora eta irudi adierazkorrek, eta kadentzia prosodikoak liburu interesgarria egiten dute.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.