Iñigo Astiz / 2014-03-15 / 565 hitz
Txalo eta laudorioen inguruko gogoetak bildu ditu Harkaitz Canok ‘Txalorik ez, arren’ liburuan.
«Txalo egitea, eskuak garbitzeko modu bat ez ote den errezeloa sortzen zaigu batzuetan. Pilatosen askan eskuak garbitu eta gero aurpegia gazte-antxean dudala etxetik irten, faltsuki biziberriturik, freskaturik, Williams lurrina eta Scott Joplin pianoa jotzen, eskuak zikintzeari eta ekintzari berari uko eginda. Esan dezagun garbi: txalo egiten dugun bitartean, ezin diogu hizketan ari denari zapatarik jaurti». Liburu artean murgildu, eta txalo antologia moduko bat egin du Harkaitz Cano idazleak. Txalo eta laudorioen inguruko gogoeta sorta bildu du Txalorik ez, arren liburu laburrean (Edo), eta han dator goiko aipua. Zehaztu egiten du idazleak: «Ez da txaloen kontrako liburu bat». Bi aldeak hartu nahi izan ditu kontuan, halere, eta txaloen aparrari beste erreparatu dio txaloen itzalari horregatik.
Gasteizko Artium museoak egindako enkargua du abiapuntu liburuak. Museoak idazleak gonbidatzen ditu bere bildumako obra bati buruzko hitzaldi bat ematera, eta Antoni Muntadas artistaren artelan bat aukeratu zuen Canok bere saiorako. Hiru pantailaz osatutako triptiko moduko bat da pieza. 90eko hamarkadan Kolonbian hartutako argazkiak daude erdiko pantailan, eta jendea ageri da albokoetan, txaloka. Bortxa irudiak erdian, eta antzokiko txaloak ertzetan. Canok lan hori hautatu zuen hitzaldiko gai gisa 2009an, eta testuarekin bueltaka aritu da geroztik. «Sedimentazio moteleko liburua izan da». Presarik gabe aritu da txaloen inguruko gogoeta txatalak bildu eta berak idatzitako kontakizunean txertatzen. «Dezente aldatu da testua hasierako hitzaldi hartatik. Ez oso modu sistematikoan, baina joan naiz laudorioekin edo txaloekin lotura zuten gogoetekin osatuz, eta bukaeran guztiak batzen dituen oinarri autofikzionala sortu diot».
Liburua txaloen inguruko gogoeta bilduma bat da tarteka, baina bada aitorpen pertsonalik ere liburuko orrietan. Idazle izateko arrazoia azaltzen du Canok, adibidez, txalo eta txalo artean. «Hamabost urterekin, eskolaz aldatu berri, inork ezagutzen ez ninduen lizeo hartan idazlan bat irakurrarazi zidaten lehen egunetan, eta nor nintzen apenas ez zekiten ikaskideek txalo egin zuten. Zergatik naizen idazle galdetzen didatenean, ezagutzen ez ninduten ikaskideek hamabost urterekin jotako txaloari esker dela esaten dut batzuetan. Haiei zor diedala nire bizitzan hartutako bidea. Eta, agian, halaxe da».
Tramite eta harresi
Baina bada eztena duen txalorik ere. Canok ematen du azalpena: «Txaloa askotan tramite bat izaten da, eta bada harresi bat ere, Txaloak esaten du, ‘bueno, ba listo, bukatu da’. Puntuazio keinu baten modukoa da txaloa. Txaloen ostean bagoaz beste paragrafo batera, beste historia batera eta ahaztu egiten dugu ikusi duguna. Utzi egiten dugu gai bat eztabaidatzeko gonbitea izan zitekeena, eta bagoaz gure lehengo bizitza berreskuratzera lehen bezalaxe». Horregatik proposatzen zuen Pier Paolo Passolinik txalorik gabe amaitzen zen teatroa. Eta hortik dator liburuaren titulua ere: Txalorik ez, arren.
Txalo guztiak ere ez dira txalo mota berak, idazleak dioenez. Eta testuan biltzen dituen ñabardurak dira horren froga. Liburuko orrien artean, badira txalo diplomatikoak, joan-etorriko txaloak, txalo paralizatzaileak, autotxaloak, txalo interesatuak eta baita geografiaren araberako txaloak ere. Euskal Herrikoak aipatzen ditu Canok, adibidez. «Askotan esan izan da Euskal Herrian txaloa garesti saltzen dela, baina ez da egia. Joaten zara antzokietara Madrilera edo Bartzelonara edo beste leku askotara, eta nire sentsazioa da hemen baino txalo gutxiago egiten dela. Eta horrek beti harritu nau. Egia da ez garela oso onak geurea maitatzen edo geureari buruz zentzuz ondo hitz egiten. Ni joan izan naiz Bartzelonara antzezlan bat ikustera hari buruzko kritika oso on bat irakurri dudalako egunkarian. Gogo hori pizten dit kritikak, baina gero han ikusi antzezlana, eta ez zen hainbesterako. Eta, aldiz, hemen zailagoa da hori egitea. Hasieratik esaten dugu hainbesterakoa ere ez dela».