Goizalde Landabaso / 2014-04-22 / 256 hitz
Ez dakit gain behera noiz hasi zen. Urtebetetze egun batean bere deirik ez nuen jaso, eta harritu egin nintzen. Senitarteko horrek denon urtebetetzeak ondo gogoan izaten zituen. Dagoeneko ez du deitzen, ez niri eta ez inori ere. Batzuetan pentsatzen dut mundua aspaldi eman zuela amaitutzat, baina bizitza tematu egin dela berarekin, eta gorputza oraindik ere hemen daukala. Alegia, ez diola joaten uzten. Ezagutzen gaitu, eta oraindik ere txisteak kontatzen dizkigu. Dagoeneko, baina, urrun dago ezagutu genuen emakume bizi hartatik.
Elkarrizketetan, aldiro-aldiro, aurretiaz erantzundako galdera bera erantzun egin behar duzu. Reset etengabean bizi da. Horrek, jakina, gu denok zer pentsa utzi gaitu, eta, maiz, hizpide izaten ditugu oroimenik bako ondorio lakatzak. Oroimenaren krak-aren kontra borrokatzen gara etengabe. Hori garelako batez ere, memoria. Bizi izan ditugun esperientziek, ezagutu ditugun edota baztertu ditugun pertsonek, ustekabeek, hainbeste gauzak egiten gaituzte. Hori dena da gomuten bizigai. Zer gara horiek denak amiltzen zaizkigunean? Gauzaez horretan izan ginenaren zuztrapilorik gelditzen da? Bizitzak eraman zizkigunak gogoratzeko erritualak egiten jarraitzen dugu, oroimenak kale egiten badigu galduko ditugulako. Betiko. Eta galera horretan gu geundu gaitezke. Bai, egia da, ziurrenen une horretan ez gara ezertaz jabetuko. Arrotz-herritar bilakatuko gara. Heriotza arteko tarteak inoizko pisurik handiena, eta aldi berean, mengelena izango du. Gure senitartekoa ahanzturara ailegatzen ari da, eta ez dakit horren jakitun ote den. Berarentzat garrantzitsuak ziren gauzak desagertzen ari dira; senarra zenaren urtebetetze eguna, ezkondu zen data; dena lausotzen ari zaio. Gomutak itoginak dituen itsasoa da.
Gure senitartekoa ahanzturara doa, eta gu ahalegintzen gara memoriaren eraikidurari eusten, baina ez dugu asmatzen. Eta borroka galtzen ari gara.