Adrian Garcia / 2014-04-05 / 547 hitz
Haurrentzako marrazki bizidunetan neskek eta mutilek dituzten rolei buruzko kexa ugari jaso dituzte erakundean.
1998. urtean sortu zuten Emakundeko Begira batzordea, publizitatean sexismoaren aurka borrokatzeko. Iragan arazotik komunikabideen esparrura zabaldu da, eta haiek erabiltzeko dekalogo bat prestatzen ari dira. Ana Alberdi (Eibar, Gipuzkoa, 1953) Emakundeko idazkari nagusiak nabarmendu du telebistak gaztetxoen hezkuntzan duen pisua. Parekidetasunaren alorrean pauso asko daude emateko, haren ustez.
Orain arte sexismoaren alorrean komunikabideen jarduna zainduko zuen erakunderik ez al zegoen?
Begira abiatu zenean, publizitatea kontuetan soilik jartzen zuen indarra. Herritarrek kexa bat egiten badute publizitate desegoki baten inguruan, guk jasotzen dugu, eta dagokion enpresari txosten bat bidaltzen diogu, eduki hori erretiratzeko eskatzeko. Auzibidea ireki dakioke enpresari, eta zigor bat ezarri, behar duten erantzuna ematen ez badute. Orain, berdintasun legea dela eta, beharrezkoa ikusten zen komunikabideen edukiak hobeto zaintzea generoaren inguruan.
Zertan hobetu behar dute komunikabideek sexismoaren inguruan?
Badago egiteko lana. Balioen aldaketetan eta gizartearen ereduan rol benetan zabala du telebistak. Gazteentzat, bereziki.
2005eko Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Legeak zer-nolako bermea ematen du?
Zigorra ezartzerainoko eskumena ematen du. Enpresa bati esaten badiogu publizitatea ez dela zuzena, normalean bide onetik zuzentzen dira auziak. Erantzun baikorrik ez badago, gerta daiteke zigorra jartzea, eta legeak horrela ezartzen du.
Komunikabideen kasuan, zer ahalmen du legeak?
Zailagoa da komunikabideen kasuan; hor beste era batera jokatu behar dugu, prestakuntza eta sentsibilizazio bidez. Kode deontologiko batzuk proposatu, eta elkarlanean aritu behar dugu. Gure helburua da jendeak praktika onak berez ikastea.
Dekalogo bat eta kode deontologikoak ari zarete prestatzen.
Dekalogoaren proposamen bat zehaztu dugu. Dekalogoa ez da izango betiko itxita geratuko den dokumentua. Praktikak eta erabilerak aldaketak ekarriko ditu. Kexa bat jasotakoan, dekalogo horretan jasotako irizpideen arabera lan egin beharko da. Ikerketa eta lan prozesu bat jarriko dugu, dauden kode deontologikoak aztertzeko. Ez dakigu zein neurritan hartzen diren kontutan, baina kode deontologikoak egon badaude.
Hedabide askoren kode deontologikoetan jasota dago parekidetasuna zaintzeko beharra. Zein neurritan betetzen da?
Parekidetasunik eza ikustek,o ez da luze egon behar telebista aurrean. Ez dago telebista aurrean denbora askorik eman behar horretaz konturatzeko. Gaur egun, oraindik ere gizonak askoz gehiago ageri dira hedabideetan. Edozein elkarrizketatan, tertuliatan… Aldatzen ari dira gauzak, baina gehiago egin behar da. EITBkoak ahaleginak egiten ari dira; beti ez da erraza. Emakumeen profesionalen zerrenda bat badugu, eta erabiltzen dute.
Saioetako edukiei buruzko kexa asko al dago?
Batez ere, gaztetxoentzat bideratutako saioetan. Oro har, marrazki bizidunek islatzen dituzten ereduetan kexa asko egon ohi dira. Gauza asko aldatu beharra daude.
Zein eredu dira horiek?
Neskek eta mutilek dituzten rolak. Mutilak dira beti protagonista, eta indarkeriaren inguruan ondo tratatzen ez diren hainbat egoera ageri ohi dira.
1998. urtetik ari zarete iragarkien inguruko kexak biltzen. Zeintzuk izan ohi dira ohikoenak?
Emakumearen gorputza objektu gisa erabiltzea. Edukiekin zerikusirik izan gabe, erakargarria izateko asmoz zentzurik gabeko irudi horiek jartzen dituzte. Edertasun fisikoaren eredu hori erabiltzen dute. Tarteka, badaude indarkeriarekin lotuta dauden iragarkiei buruzko kexak. Askotan, emakumea pertsona gaixotzat hartzen da; beti tratamendu baten hartzaile gisa. Iragarkiei erreparatuz gero, badirudi soilik emakumeak direla gizartean osasun arazoak dituztenak.
Zer-nolako garrantzia du telebistak haurren heziketan?
Sozializazio prozesuetan beti aipatzen da eskolak eta familiak duten eragina. Oso argi dugu hedabideetan agertzen dena eta gaztetxoentzako saioak garrantzitsuak direla. Telebista oso presente dago gure bizitzan, eta hor ematen diren ereduak badute indarra gero normaltzat hartzen ditugun portaerak zehazteko. Hain sartuta dago gure bizitzan, eragin oso handia baitu.