Iker Markinez / 2014-03-29 / hitz
OSAGAIAK
4 pertsonarentzako osagaiak:
Kilo bat antxoa.
Hiru tipulin.
Baratxuri fresko sorta bat.
Oliba olio birjina.
Gatza.
Perrexila.
• Lehenik, tipulinak garbitu, eta juliana moduan fin-fin moztu.
• Zartagin bat ipini sutan, eta oliba olio zorrotada bat bota. Su ertainean, tipulina erregosten eduki gatz pitin batekin, hamar bat minutuz.
• Baratxuri freskoak ere garbitu, eta horiek ere juliana moduan moztu. Tipulina dugun zartaginera gehitu, eta beste hamar minutuz guztia erregosi.
• Antxoei burua eta tripak kendu, eta sukaldeko paper baten laguntzaz ongi lehortu. Guztiak gatzatu. Tipulinen zartagina sutik kendu, eta, argazkian ikusten den bezala, antxoa guztiak txukun-txukun jarri bata bestearen ondoan, tipulin eta baratxurien gainean. Zilar paperarekin, zartagin guztia estali.
• Zartagina berriro sutan ipini, eta lau minutuz su ertainean eduki. Han sortuko den beroak ez du ihes egingo; beraz, bapore horrekin egingo dira antxoak.
• Ondoren, zilarrezko papera kendu, perrexil xehatua gainetik bota, eta prest dugu plater goxoa dastatzeko.