Anjel Lertxundi / 2014-04-09 / 122 hitz
Hainbat gauza baikorragoren artean, Patxi Baztarrikak honakoa ere esan zuen herenegungo agerraldian: «Duela hogei urte baino gutxiago hitz egiten da euskaraz Araba, Bizkai eta Gipuzkoako etxeetan». Esaldia formula daiteke beste modu batean ere: «Duela hogei urte baino gehiago hitz egiten da gaztelaniaz Araba, Bizkai eta Gipuzkoako etxeetan». Ifrentzua deitzen zaio. Baita galtzerdiari buelta ematea ere.
Baina Baztarrikak esandakotik abiatuta, beste formulazio bat ere badarabilt nik buruan bueltaka, hirugarren bidea deitzen duten horietakotzat har daitekeena: «Duela hogei urte baino gutxiago hitz egiten duzu zernahi hizkuntzetan etxean». Telebista edo sare sozialak ditugu etxean solaskide nagusi, etxean entzuten den puska handi bat ez da gurasoen eta seme-alaben jarduna. Etxeko zalaparta etxean sartu ditugun apopiloena da. Haien jarduna dibertigarriagoa da, nonbait, etxean bizi garenon artekoa baino.