Jon Rejado / 2014-04-22 / 1.169 hitz
Giltzurrun emaile bizidunak, katean egindako organo emateak eta asistolian emandakoak ugaritu dira urte hauetan, osasun alorreko beharrei erantzuteko.
Dena dago elkarri lotuta. Transplanteak egiteko teknikak, hartzaileak eta emaileak. Hala behar du oreka egoteko, eta oreka horri euste aldera etengabeko berrikuntza eta egokitzapena egin behar da. Hala, gaur egun, duela hamar urte beharrezkoak ez ziren bideetan aurrera egiten ari dira ospitaleak, bai teknika aldetik, bai koordinazioaren alorrean ere.
Kepa Esnaolak, Gurutzetako ospitaleko transplanteen koordinatzaileak, aldaketa horiek tekniken hobekuntzak ekarri dituela azaldu du. Giltzurrun transplanteak horren adibide dira. «Teknika findu ahala, gero eta gaixotasun gehiago tratatzeko erabiltzen da; horren ondorioz, itxarote zerrenda geroz eta luzeagoa da». Duela urte gutxira arte, hildako pertsonen organo emateekin nahikoa zen eskariari erantzuteko, baina hori aldatuz joan zen.
Hego Euskal Herriko organo emaileen tasa handia da, ia Osasunaren Mundu Erakunde OMEk hobesten duenaren parekoa (40 organo emaile milioi biztanleko). Ordea, behar berrietara egokitzeko, ONT Espainiako Transplanteen Erakundeak helburu berri bat finkatu zuten duela sei urte. Giltzurrun donazioen %10 eta %15 artean emaile bizidunekin egitea. Gurutzetako ospitalea %25era heldu zen 2013an. Emaile bizidunen ugaritzeak bat egin du laparoskopia teknikaren hedatzerekin. Horri esker, giltzurrun emaileentzat «askoz ebakuntza arinagoa» dela esan du Esnaolak.
Gaur-gaurkoz, giltzurrunetara mugatu dute organo emaile bizidunen beharra. Munduko herrialde batzuetan gibel emaile bizidunekin lan egiten dute. Ordea, gure artean ez dago horren beharrik.
Teknika berria hedatu
Duela sei urte etorkizuna emaile bizidunetara jotzea bazen, gaur egun etorkizunera begirako beste erronka bat jarri dute, asistolian egindako donazioa. Hau da, bihotza geratu zaien hildakoen organoak baliagarri izateko alternatibak lantzea. Protokolo horiek Euskal Herriko ospitale batzuetan ezarrita dauden arren, besteetara zabaltzen ari dira. Aurten Gurutzetan hasi dira, eta Esnaolak espero du horri esker 20 edo 30 giltzurrun gehiago izatea.
Jose Elizalde Nafarroako Ospitaleko Transplanteen koordinatzaileak nabarmendu du donazio mota horretan ere oso baldintza zehatzak bete behar direla. «Garuneko odol jario handia duen pertsona batean, adibidez, gerta daiteke bihotzak punpatzen jarraitzea makina batek birikak aireztatzen dituelako». Halaber, heriotza entzefalikoa gertatzen denean baino azkarrago egin behar da donazioa, organoak honda ez daitezen.
Teknika berrien eta aurretik zeudenen «fintzearen» eskutik organo gehiago lortzea posiblea bada ere, koordinazioa ere nabarmendu dute. Elizaldek nabarmendu du heriotza entzefalikoa duten gaixoen antzematearen garrantzia, eta, horretarako, ospitaleko arlo guztien arteko harreman zuzen eta hurbila behar da.
Donazio gurutzatuak
Ospitale barruko koordinazioaz gain, ONT erakundearen bidezko koordinazioa ere garrantzitsua dela esan du Esnaolak. Horrek, giltzurrun emaile bizidunen ugaritzearekin batera, organo emate «gurutzatuak» ahalbidetu ditu. Emaile biziduna hartzailearen gertuko pertsona izan ohi da. Ordea, batzuetan ez dira bateragarriak. Hala denean, egoera bertsuan dauden beste emaile-hartzaile bikoteak bilatzen dituzte, eta «bateragarritasun gurutzatuak» bilatzen dira. Gerta daiteke trukea hiru bikoteren artean ere izatea. Halakoetan, ebakuntzak ordu berean hasten dira, eta organoak hegazkinez garraiatzen dituzte ospitale batetik bestera.
Donazio katea horiek emaile «altruistek» abiaraz ditzakete; hau da, hartzailea zein izango den jakin gabe giltzurrun bat eskaintzen duten organo emaile bizidunek. Esnaolak azaldu du kasuak sakon aztertzen direla: egoera pertsonala, psikologikoa, osasuna… Medikuek egoki ikusten badute, pertsona horrek beste askoren bizitza hobetuko duen donazio katea bat abiaraziko du.
———————-
Hamabost ordu eta erdiko «eromena»
Azkeneko hiru urtean gertatutako donazio kasu erreal baten bitartez, prozesuaren eta koordinazio lanaren nondik norakoak azaldu ditu Lucia Elosegi Donostia ospitaleko transplanteen koordinatzaileak.
08:00etan jaso dute deia. Orduan hasi da «eromena», Lucia Elosegi Donostia ospitaleko transplanteen koordinazio bulegoko arduradunak definitu duen bezala. Deia ZIU zainketa intentsiboetako unitatetik egin dute. Balizko organo emaile bat atzeman dute. 55 urteko gizon bat da; istripu batean buruan kolpea hartu eta heriotza entzefalikoa du.
Emaile bat agertzen denean ez dago denborarik galtzerik, Elosegik azaldu bezala. Lehenik eta behin, heriotza entzefalikoa egiaztatuko dute, baita pertsonaren historia klinikoa aztertu ere. «Historia klinikoan ikusten dugu organoak ematea galaraz diezaiokeen aurrekariren bat ote duen; hartzailearen osasuna ezin da arriskuan jarri». Historia klinikoan ez dute arazorik atzeman.
Aurreko datuak egiaztatuta, familiarekin harremanetan jarri dira. Unearen gogortasuna nabarmendu du Elosegik. «Familiei babesa emateko eta laguntzeko prestatu gara; oso une gogorra da». Prozesu horretan organoak emateko aukera azaldu, eta zendu den pertsonak zuen nahiari buruz galdetu diote. «Errespetu osoz azaltzen diogu, eta babesa ematen diegu esaten dutena esaten dutela». Familiak baiezkoa eman du.
Heriotza istripu baten ondorioz gertatu denez, beste baimen bat behar dute. «Indarkeriazko heriotza guztietan baimen judiziala behar dugu, hilketa izan ote den baztertzeko». Zaintzan dagoen auzitegiko medikua azkar heldu da ospitalera. «Kasu horiekin konpromiso handia dute». Istripua bera eta ospitalean egindako sendabide eta probak aztertu ondoren, baimena eman du.
Erritmo bizia
12:00etarako baimen guztiak lortu dituzte. Lau ordu baino ez dira igaro deia jaso dutenetik. Elosegik jendearen asmo ona nabarmendu du. «Oso azkar egin ohi dugu, betiere familiak behar duen denbora errespetatuta; lehentasunezkotzat jotzen dira kasu hauek». Donazioa prestatzen hasteko unea da.
Donostia Ospitaletik Madrilera hots egin dute, ONT Espainiako Transplanteen Erakundera. Organo emaile bat dutela azaldu diote hango koordinatzaileari, baita oinarrizko datuak eman ere: odol taldea, ezaugarriak… ONTk bere eragin eremuan Zero Larrialdirik ote dagoen begiratu du; hil ala biziko kasu horiek erabateko lehentasuna dute. Bi daude. Madrilen birikak behar dituzte, eta Santanderren, bihotza.
ONT erakundeak ekimena izan du, eta Madrilgo eta Santanderko ospitaleekin harremanetan jarri da. Organo emailearen ezaugarriak jakinarazi dizkiete haietako arduradunei, eta baiezkoa jaso dute. Emailearen ezaugarriak egokiak dira. Bestalde, Donostia ospitaleko Transplanteen Koordinazio Bulegoa harremanetan jarri da Gurutzetakoarekin (Barakaldo, Bizkaia) gibela eta giltzurrunak dituztela jakinarazteko. Bizkaiko ospitaleak baiezkoa eman du: nahi ditu.
Elosegik azaldu du organoak hartzeko logistika korapilatsua dela. Ospital bakoitzetik talde bana atera da Donostia Ospitalera. Talde horiek organoak hartu eta transplanteak egingo dituzten ospitaleetara garraiatzeaz arduratuko dira. ONT erakundeak hori guztia koordinatzeko egiten duen lana nabarmendu du Elosegik: bidaia luzeetarako hegazkin txikiak antolatu, aireportuen baimenak lortu… Herrialde barruko garraioa bizkor egiteaz, berriz, Donostia ospitalea arduratuko da. Denbora erabakigarria baita.
16:00 dira. Santanderretik, Madrildik eta Gurutzetatik heldutako taldeak ebakuntza hasteko prest daude. Horiekin batera Donostia ospitaleko beste talde batzuk daude, giltzurrunak eta giza ehunak hartzeko. Dena prest dago, eta emailea ebakuntza gelara eraman dute. «Ebakuntza beste edozein kasutan bezala egiten da, errespetu osoz».
16:30ean hasi dute ebakuntza, talde guztiek batera. Organoak ikusi arte, ezin dute jakin ondo dauden. Ebakuntza hastean egiaztatu dute: ondo daude. ONT erakundeari jakinarazi diote, eta hark erietxetara deitu du hartzaileak ebakuntzarako presta ditzaten. «Organoa atera aurretik, hartzaileak prestatzen hasten dira».
20:00etan bihotza atera dute. 20:20ean birikak. 20:40ean gibela. 20:50ean giltzurrunak. Organoak atera, eta hozkailuetan gorde dituzte, eta jatorrizko ospitaleetarako bidea hartu du talde bakoitzak. Azkar egitea funtsezkoa da. Gibelaren kasuan hartzailea 20:30ean Gurutzetako ebakuntza gelan dago. 21:30ean hasi dute ebakuntza, eta 02:15erako amaitu.
Organoak atera ostean, giza ehun batzuk hartu dituzte: korneak, hezurrak eta zuntzak… Giza ehun horiek Galdakaoko Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentrora eramango dituzte.
125 katebegi
23:30ean bukatu da «eromena» Donostia ospitalean. Transplanteak egiten dituzten ospitaleetan gehiago luzatuko da, ordea. Elosegik zehaztu du 100 eta 125 pertsona inguruk parte hartu dutela donazio eta transplante prozesuan, ZIUko langileetatik hasi eta gidarietara arte, eta horien guztien «borondate ona eta konpromisoa» nabarmendu du.
Lucia Elosegik gogorarazi du 55 urteko gizonak emandakoa, baita horrekin lortutakoa ere. «Alde batetik gogorra da, familiaren mina eta tristura zeure egiten duzulako, baina hainbeste bizitza ematen da; heriotza heriotza da, eta kontsolamendurik ez du, baina zerbait ona eta polita egin izandako sentipena dute».