Hasier Rekondo / 2014-03-30 / 426 hitz
- Izenburua: Txalorik ez, arren
- Egilea: Harkaitz Cano
- Argitaletxea: Edo!
Ez du lan xamurra iruzkingileak molde txikian argitaratutako liburu honen aurrean. Izan ere, akufenoen gaitzaren eraginez txaloak besterik entzuten ez dituen protagonistak zera dio: «Gauza bera gertatzen zaio idazleari, bere liburuaren kritika txarrik irakurri ez arren, kritika epeletan interpretatzen ikasi baitu, lerro artean, ez zaiola kritiko horri liburua gustatu, hori zuzenean aitortzera ausartzen ez den arren. Koldarkeriaz edo errespetuz, sigi-sagaka aritzen da sarritan kritikoa…». Baiki, ez zaio zirrikitu askorik uzten kritiko koitaduari. Eta areago esango nuke, azkenaldian kritikariaren lanaren gainean ematen diren iritzi gehienetan gutxitan aipatzen dira, gurean bederen, kritikariek bere lana bete ahal izateko izan ohi dituzten bizi-baldintzak. Horrela bada, eta gure literaturan hainbesteko pisua duen egile baten aurrean koldarkeriak eta errespetuak albo batera uztea zaila den arren, zalantzez eta ironiaz ederki harilkatutako entsegu labur honek txaloak besterik ez ditu merezi, inongo epelkeriarik gabe, azkenaldian txaloetara bakarrik ohitutako idazleari okagarri gerta dakizkiokeen arren.
Txalorik ez, arren (Edo!, 2014) entsegu labur honetan, «txaloaren sindromea» landu du Harkaitz Canok (Lasarte, Gipuzkoa, 1975). Bere ohiko lanabesa darabil, maisuki: ironiarako berezko jariotasuna, ondo baino hobeto ehundutako aipuetarako zaletasuna, estilo landua bezain gardena, gizarteak onartutako ideiak goitik behera desmuntatzeko joera. Artium museoan Antoni Muntadasek eraikitako On Translation instalazioaren gainean 2009. urtean Canok egindako hitzaldia du abiapuntu saiakera laburrak. Saiakera izanagatik, Canok fikziorako (auto-fikzio asmakizun madarikatua albo batera utziko dugu errespetuz) joera ere badarabil txaloaren gainean ibilbide historiko-filosofiko sakona, arina (ez dira zertan kontrajarriak izan behar) eta irakurterraza ontzeko. Xede horrekin, Muntadasen erakusketa ikustera Donostiatik Gasteizera doan akufeno-txalo arbuiagarriak entzuten dituen protagonistaren zenbait pasadizo xume (nago Canoren markatariko bat den tentsioa sortzeko macguffin-a ahulagoa dela kasu honetan) eta pentsamendu heterodoxoa azaltzen dizkigu.
On Translation saileko triptikoaren bideo-instalazioa aztertzean, txalo egiteko era ezberdinak daudela jabetzen da protagonista. Esaterako, erdiko pantailan, 90eko hamarkadan Kolonbian hartutako biolentziaren irudiak ageri dira, ezkerreko zein eskuineko publikoak txalotu egiten ditu. Egungo publikoaren antzera, tolerantea da. Ibilbide historiko-filosofiko horretan zehar, besteak beste, Grezian edo Erroma klasikoan txaloek zuten trataera aztertzen da, egungo konbentzioetatik biziki aldenduta, Shakespeareren sasoiko aktoreek txistuak baino areago jasaten zituzten ahate lepo-moztuen odol zipriztinak nabarmentzen dira, eta sare sozialetan hain ohikoak diren «auto-txaloen» txotxolokeriaren berri ematen da.
Gorazarrerik gabe jositako pentsamendu eta aipu erakargarriak aurkituko ditugu libertimendu estilistiko honetan. Hala nola gurean totem bilakatu den Xalbadorren anekdota gogoangarria gailentzen zaigu. 1967 urrun hartan txistuak txalo bihurtu zuen haren bertso epifanikoa. «…/ zuek ezpazerate kontentu/ errua ez daukat, ez, nik/ txistuak jo dituzue bainan/ maite zaituzten oraindik!». Nago egun ezinezkoa litzatekeela bertso hori, txistuak politikoki zuzenaren mamuaren atzean isildu baitira. Txaloak okagarri zaizkion arren, cano-nizazioari ekingo diogu.