Igor Susaeta / 2014-04-12 / 862 hitz
Iñigo Aranbarrik egungo langabe baten istorio ekonomikoa, soziala eta laborala kontatu du ‘Apirila’ nobelan, bi plano erabiliz-
Oraingo egoera eta 1766ko Azkoitiko ‘gosearen matxinadarena’ parekatu ditu.
Euskal Herriko Ilustrazio garaia, orain bi mende eta erdikoa, gogora ekartzean, Iñigo Aranbarrik (Azkoitia, Gipuzkoa, 1963) pentsatzen du haren onurak besterik ez dela nabarmentzen. «Binilozko disko eder haren B aldea, ordea, ez zaigu inoiz kontatu». Ez direla transmititu eta orduko gertaera batzuk nahita ezkutatu eta isilarazi direla iruditzen zaio. Orduan ere, adibidez, espekulatu egiten zuten boteretsuek, eta horrek negatiboki eragiten zien herritar xumeei. «Baina justizia soziala eskatzen zutenak masakratu egiten zituzten». Aranbarrirentzat, hortaz, badaude paralelismoak orduko eta gaur egungo egoeren artean. «Herri xeheak ordaintzen du beti». Horri buruz mintzo da Apirila-n (Susa), bere laugarren nobelan, horretarako bi plano historiko erabiliz
«Esteban Alberdi hondoratzen ari da». Hala hasten da 21 kapituluko eleberria, eta gaur egungo gizon azkoitiar hori da, hain zuzen ere, eleberriaren protagonista. Langabezian dagoen, familia aldentzen ari zaion, pertsonaren istorio ekonomiko, soziala eta laborala kontatu du egileak 200 orrialde pasatxotan. Etxetik kanpo bizi da Alberdi, eta durduzatuta dabil duen egoerarekin. Gau batean kale bazter batean topatuko dute botata. Kolpe handi bat dauka buruan, eta ospitalera eramango dute. Koma egoeran dagoela, amets eldarnioan, denboran atzera egingo du eta 1766ko apirileko Azkoitian ikusiko du bere burua.
Orduan, apirilaren 14an, matxinada bat, Gosearen matxinada deiturikoa, piztu zen han. Benetako gertaera da: jauntxoek artoaren eta gariaren prezioa garestitu zituzten, eta herritarrek lehengo salneurrian mantendu zitzatela eskatu zuten, bestela ez ziren-eta produktu horiek ordaintzeko gai izango. Gose sasoi bat iragartzen zutenez, altxatu egin ziren. «Barbero» lan egiten zuen Alberdik, eta Teresarekin, orainaldiko bere emaztearekin, bizi zen.
Hori da eleberriaren abiapuntua, eta izenburuak badu bere zergatia, Aranbarrik, atzo, aurkezpenean, azaldu zuenez: «Badira apirilari buruzko zita ezagunak. T. S. Eliotek esaten zuen apirila dela hilik krudelena. Gure zaharrek ere zera esaten dute: ‘Apirila, behar ez zuen hila’». Izan ere, nekazari munduan bizi direnek oso ondo dakite, egilearen esanetan, neguko uzta jana dagoela apirilerako, eta udaberrikoa oraindik ez dela iritsi.
Kontatzen duena gaur egungo istorio bat da; langabe baten drama, «eguneroko martxak eta ekonomiaren logikaren dolare horrek xehatzen duena». Baina kontaketarako bi garai, bi plano, erabiltzeak badu bere azalpena. «Izan ere, bietan bera da trasfondo ekonomikoa». Halere, idazterakoan, sasoien arteko identifikazio posibleek sorrarazi dizkiote kezka gehien Aranbarriri. «Horrek kendu dit loa». Halere, argi dauka, bai orduan eta baita egun ere, sistema ekonomikoa aldatzen ari dela, eta jauzi horretan jende xehea dela dolareak txikitzen duena. «Libertate ekonomikoak ez baitu zerikusirik jendearen askatasunarekin». Haren iritziz, jendeak egin dezake produktu baten edo bestearen arteko hautua, baina ez du askatasunik toki batetik bestera joateko. «Historia jendearen kontura pagatzen ari gara, eta eromen horretan auzi sozialak kostu pertsonal izugarria du». Hortaz, bai orduan eta baita orain ere pertsonak oinarrizko eskubide batzuei eusteko borrokatzen direla irizten dio. «Pertsonaiak gatazkaren errekan sartu ditut. Baina erreka hari bihurtuko da, eta horretan funambulistarena egin beharko dute pertsonaiek».
Onarpen sozialarekin estali
Azkoitian lehertu, Azpeitian segitu eta inguruko beste herrietara astebetez hedatu zen matxinada —Eibar, Mutriku, Deba ibarrera…—, ordea, ez da kontu ezaguna ez azkoitiarrentzat beraientzat ez gipuzkoarrentzat, Apirila-ren egilearen ustez. Itzal ilun bat dela dio, eta matxinada hartako pertsonaia batzuen erabateko onarpen sozialarekin estali zela jende xeheak pairatutako sufrimendua, errepresioa, eta egin zuten borroka. «Ez zen hildakorik izan, baina historiara pasatu diren progizon horiek guztiek heriotza zigorra eskatu zuten matxinadan buru izan zirenentzat», zehaztu zuen, atzo. Horregatik biniloaren B aldea kontatzeko beharra.
Kontakizuna josterakoan, erabaki behar izan du nola mugitu narratzailearen ahots batetik bestera, zergatik egin denbora jauziak, zer dela-eta ez osatu nobela historikoa, «horretarako aukera guztiak izanagatik»… Eta, aldi berean, tentuz landu behar izan du «korala» bihurtzen ari zitzaion mundu horretan nola bereizi pertsonaiak elkarrengandik, «jauntxoak, matxinatu guztiak bezalaxe, berdinak ez direla esan beharra neukalako».
Tratatu dituen bi planoetatik ez daki zeinek duen pisu handiagoa eleberrian. Biak «fusionatzen» ahalegindu da, baina inpresioa dauka matxinoen garaikoak duela zama handiagoa, «gutxieneko azalpen batzuk eman behar nituelako». Ahots erregistroari dagokionez, ez du «errekreazio filologiko-historikorik» egin, eta orduko pertsonaiek egungoek moduan hitz egiten dute nobelan.
Haietaz mintzatzeko, dokumentazio lana gauzatzeko, Gipuzkoako Artxibo Orokorrera, Tolosara, jo du, eta hango aktei esker egin ahal izan du berreraikitzea. «Pertsonaia nagusien izenak soilik dira nire asmakizuna. Matxinadan parte hartu zuten beste guztiak artxiboetan zeuden bezala ekarri ditut liburura; kondenatuak izan zitezen nahi zuen errepresorearen eskuak jarri bezala, alegia». Datu historiko horiek biltzeaz David Zapirain eta Alfonso Otazu arduratu dira.
Euskal Herriaren historiaren atal interesgarritzat dauka Aranbarrik. «Askotan, baina, kezka nazional batek mozkortzen gaitu, eta eramaten gaitu XV. mendera, arkadia zoriontsu batera. Gatazka sozial bat, ordea, gertuago eduki dugu eta ez dugu ukitu ere egin». Gogoratu zuen atzoko aurkezpenean, esaterako, Xabier Munibe Peñafloridako kondeak El borracho burlado opera osatu zuela, eta hartan herri xeheari barre egiten zitzaiola. «Europan ere gertatzen zen. Baina horretaz ez da hitz egiten hemen». Areago, pentsatzen du jauntxoek jokatzen zuten rola eta egungo gobernuek daukaten zeregina antzekoak direla.
Beraz, «indar ekonomikoek dakarte iraultza, eta matxinada ez zen izan erantzun defentsibo bat besterik». Orain okerrago gaudela esango luke: «Errukiarekin eta erruki nahiarekin ordezkatu dugu amorrua». Baina badaude paralelismoak: «Azkenean, ez da egungo Alberdi ordukoa amesten duena; baizik eta ordukoa ari da etorkizunean gertatzen ari zaiona ikusten». Hori da jolas literarioa, binilo diskoaren B aldea erakustea xede duena.