Idurre Eskisabel / 2014-04-04 / 164 hitz
Egia esateko gazteen hezkuntza maila neurtzeko PISA txostenek errezeloa sortzen didate. Batez ere, OCDE delako sustatzailea, eta, ondorioz, arduradunek batere disimulurik gabe adierazi izan duten bezala helburua gazteak sistema ekonomikora behar bezala egokitzea delako —hots, eragingarri bezain otzan izateko—.
Baina, tira, ikusi dudanean azken PISA txostenaren xedea gazteek eguneroko arazoei aurre egiteko gai diren neurtzea dela, otu zait, akaso, OCDE gauza interesgarriak egiten hasi dela. Beraz, konfiantza berriz hasi dut irakurketa, gure nerabeeek egunerokoan ibiltzeko zein baliabideren jabe diren jakiteko gogoz: hots, nola moldatzen diren porru-patatak prestatzen, tarratatutako prakak josten, ondoezik den laguna artatzen, baratze bat lantzen, liburuentzako apalategi bat egiten, beren haserre eta frustrazioak bideratzen, besteenak kudeatzen… Baina, inozoa orain ere ni! Jarri dizkieten probak izan dira: aire girotua programatzea, MP3arekin elkarreragitea, garbiketa robota maneiatzea, makina batean tren txartela erostea, auto zirkulazioan ondo moldatzeko adinako ikuspegi espaziala dutela erakustea, eta urtebetetze besta bat politeziaz kudea dezaketela frogatzea.
Ziurrenera ez da egongo jakintza zer den erabakitzea baino botere forma fin, atzemangaitz eta eragingarriagorik.