Ekialdeko euskararen printzak

Iker Tubia / 2014-04-01 / 1.590 hitz

Nafarroako ekialdean zaraitzuera eta erronkariera galduagatik, Aezkoak oraindik bizirik duen euskalkia ez du galdu nahi.

Nafarroako ipar-ekialdean euskara indartzen ari da azken urteetan. Inguru hartan, ekialdeko nafarrera galdutzat jo liteke. Erronkarieraren transmisioa Fidela Bernaten heriotzak eten zuen 1990ean. Zaraitzun, berriz, 2007an zendu zen Mari Kruz Esarte hondarreko euskaldun zaharra. Bestelakoa da haien ondoan duten Aezkoako ibarra. Euskalkiak ez da une gozoan bizi, gutxi baitira euskara etxean ikasi dutenak. Hala ere, hiruretan osasuntsuena da, oraindik herritarren artean komunikatzeko erabil baitaiteke. Hala, euskalkia indartzeko saioa abiatu dute hiru gazteren ekimenez. Hilero, aezkeraz mintzo direnak eta aezkeraz hitz egin nahi dutenak elkartzen dira: batzuk, ikasteko; besteak, mintzatzeko. Guzien artean, aezkera erabat galtzea saihestea dute helburu.

Jon Retegi, Miriam Burusko eta Bittor Aroskoa aetz gazteek Zerika taldea sortu zuten jarduera hori martxan jartzeko. Gazte euskaldun zaharra da Retegi. Aroskoa AEK-ko irakaslea da. Lehenbizikoak euskalkiaren ezagutza zuen, bigarrenak euskara irakasteko metodologia. Bien uztartzeak ahalbidetu zuen duela bi urte aezkera ezagutarazteko ikastaroa egitea. «Nik ez nekien aezkeraz mintzatzen, baina jakin nahi nuen», azaldu du Aroskok.

Erabileran oinarritutako hamar saio egin zituzten Garraldan, Etxabarrengoa elkarteko ganbaran. «Harrera oso ona izan genuen, 20-30 lagun inguru bildu ginen», azaldu du Aroskoak. Oinarria harturik, ganbaran erdietsitako jakintza karrikara ateratzeko tenorea zela erabaki zuten. Hilabetean behin biltzen hasi ziren aezkera ikasten ari zirenak eta aezkeraz mintzo zirenak. Bost herritan egiten dituzte hitzorduak, mahaiaren bueltan, askaria aitzakia: Garraldan, Abaurregainan, Arian, Orbaizetan eta Hiriberrin. «Hasieran, kostatu egin zen, ez genuen elkar ezagutzen. Baina, gero, askatzen hasi ziren, eta oso gustura ibili ginen. Helduenak batik bat lehengo kontuez mintzo dira, euskararekin duten lotura txikitakoa baita», azaldu du AEK-ko irakasleak.

Helburua da Aezkoako euskarak dituen ezaugarri eta berezitasunak ezagutaraztea, euskararen erabilera sustatzea —posible bada tokian bertan egiten den bezala— eta euskaldunen beste bilgune bat sortzea. Oraingoz, bide onean dabiltza. Gazte eta helduak biltzen dira, euskaldun berri eta zaharrak, euskalkia galdu dutenak eta euskara ikastolan ikasi dutenak. Aroskoren aburuz, gazteek interes handia dute, eta horrek esperantza pizten du haien artean.

Bizirik irauteko lana

Aezkoako euskaran mintzo direnak zenbat diren jakitea lan zaila da. Izan ere, badira jakin arren erabiltzen ez dutenak. Gainera, euskalkia etxe barnera mugatu ohi da, eta askotan beldurra eta lotsa izaten dira hango euskararen etsaiak. Aroskoak esan duenez, 60-80 lagun inguru dira aezkeraz hitz egiteko gai. Gazte euskaldun zaharrak are gutxiago dira. Retegi ariatarraz gainera beste lauzpabost gehiago baizik ez dira. Aezkoako euskara txikitan ikasi zuen ariatarrak, aitarekin. Amak txikitan erabili ohi zuen, baina debekuen kariaz hamar urterekin euskara mintzatzeari utzi zion, eta ahantzi. «Amarekin egiten dut ere, nahiz eta beti berak erantzun ez. Konprenitu dena egiten du, eta anitz aldiz erantzun ere bai», dio. Ingurukoekin, baina, euskara batura jotzen du, ohiturik dago txipa aldatzera.

Retegik bere euskara ibiltzea maite du, eta batzuetan inguruko adinekoengana joaten da elekatzera. «Oso gustura ibiltzen naiz elekan, eta zaharrak ere bai. Badira bi etxe batez ere anitz maite ditudanak, eta, joaten naizenean, ordu bat baino gehiago pasatzen dut beti». Oraindik badu aukerarik. Gainera, horrek ere ikasteko parada eskaintzen dio, zaharrek «puska hobeki» mintzatzen baitira, haren ustez, eta, batzuetan, ezagutzen ez dituen hitzak aditzen dizkie. Aezkera etorkizunean hitz egin ahal izateko, baina, gehiagoren babesa beharko du.

Ekialderago, makurrago

Aezkoa baino ekialderago daude Zaraitzu eta Erronkari ibarrak. Geroz eta ekialderago, tokiko euskararen egoera makurragoa da. Nafarroa ekialdeko euskarak galduta daude. Herritarren ahotan hilik bai, baina ez dira desagertu. Hiztegiak, gramatika liburuak, ikasteko metodologiak, idatziak, kantuak… anitz ikasi eta ikertu dira. Izan ere, hiztunekin aztertzeko aukera izan dute hizkuntzalariek.

Horietako bat Aitor Arana hizkuntzalaria izan zen. Zaraitzuera gaur egun liburuetako hizkera dela dio, eta berau mintzatzen dakitenek horietatik ikasi dutela. Inguru horretako euskalkien galera prozesua «motela baina etengabea» izan zela aipatu du. Ia 200 urte behar izan zituen. «Euskara eskolan ez erabiltzeak, hizkuntzari garrantzirik ez emateak eta, azken batean, euskara modernitatean ez sartzeak ekarri zuten galera hori», azaldu du. Gainera, Nafarroako apaiz gehienek euskara baztertu egin zutela gogorarazi du. «Baziren apaizak elizan etxekoandre euskaldunei esaten zietenak euskaraz eginez gero infernura joango zirela».

Euskalkian mintzatu ez, baina Zaraitzun euskaldun kopurua geroz eta handiagoa da. «Euskara bultzatzeko gogoa badago, eta oso barneraturik dago euskara tokikoa bertakoa dela. Jendeak badaki euskara berezi bat bazutela aurreko belaunaldiek, nahiz eta agian ez duten ahalegin handirik egiten hura ezagutu eta erabiltzeko». Cesar Armendarizen hitzak dira. Lau urte daramatza Otsagabian eskolak ematen. Zaraitzun herritar talde batek ikastaroa egin zuen duela 15 urte, baina ez du jarraipenik izan.

Gerora, Otsagabiako eskolako irakasleek ere egin izan dute tokiko euskara ezagutzeko ahaleginik, ikastaroa antolatu baitzuten haientzat. «Helburua zaraitzueraren ezaugarri nagusiak ezagutzea izan zen, gero eskolara ahal zen neurrian eramateko asmoarekin». Hala, testuak aztertu zituzten, kondairak eta esaera zaharrak ikasi, eta Aranak egindako lana ezagutu.

Armendarizen aburuz, euskalkia berreskuratzea oso zaila da, baina tokiko hitzak eta esaerak erabat ez galtzeko modua badela dio. Hala, haien lanetako bat bistaratzearena da. Paneletan eta egutegietan tokiko hitzak erabiltzen dituzte, eta irakasleak ere saiatzen dira haiek erabiltzen. «Ezinezkoa da euskalkia oso-osorik berreskuratzea, baina erreza da hainbat aditz eta hitz norberaren errepertorioan sartzea». Bestalde, iaz irakasleek ipuinak grabatu zituzten zaraitzueraz, urtean antolatzen diren hiru euskararen egunetan ere berezko esamoldeak eta hiztegia lantzen dituzte, eta orain proiektu berri bati ekin diote: tokiko kantak grabatzen ari dira. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ere lantzen dute Zaraitzuko euskara. «Euskararen egunean, adibidez, esketxak egin zituzten zaraitzueraz, eta ikasle helduenek ezagutzen dute», azaldu du.

Erronkarin egoera bestelakoa da. Pragmatikoagoak dira, eta erronkariera berreskuratzea baino euskara bera berreskuratzea garrantzitsuagoa dela uste dute. Saio batzuk egin ziren aspaldi: adibidez, erronkariera ezagutzeko ikastaroak antolatu zituzten. Baina ez da saio gehiagorik egin. Koldo Viñuales erronkariarra Kebenko euskara elkarteko kidea da. Dioenez, indarrak batzea eta euskara hedatzea da lehentasuna. Herritar gutxi direla azaldu du, eta erronkariera bultzatzeko apustua eginez gero are gutxiago izanen zirelakoan dago. Aurrerago gai horri heltzea begi onez ikusiko luke, dena den. «Uste dut gazteen eskuetan geldituko dela. Hemen, 40 urtetik beherako gehiengo batek badaki euskaraz, haiengandik etorriko beharko da».

Materiala, baina, egon badago. Hiztegiak eta gramatikak eginak daude, eta eskolan ere hiztegi txiki bat dute. Hala ere, Viñuelasen aburuz, oraintxe bertan garrantzitsuena Nafarroako ekialdeko herritarrekin biltzea litzateke. «Kontaktuak izanen bagenitu, agian posible izanen zen guk ere zerbait martxan jartzea», dio.

Mintzatzea helburu

Erronkarin bezala, Zaraitzun eta Aezkoan ere herritarrek euskaraz hitz egitea dute lehentasun. Hala ere, Aroskoren aburuz, aezkerak ere pitz lezake euskararekiko jakin-mina. Euskalkia berpiztea zaila da, baina gutxienez tokiko hizkeraren kutsua duen euskara hitz egitearekin konforme litzateke bera. «Galduko dela jakin badakigu, gure helburua da gutxienez kutsu bat geratzea, oinarri hori mantentzea», aitortu du. Izan ere, aezkera haien nortasunaren zati handi bat dela uste du. Hura galtzea nortasunaren zati handi bat ere galtzea litzateke, beraz. Nafarroako ekialdean hasi dira bidea egiten.

————————

Iñigo Auzmendi. Zaraitzuera hiztuna: «Zaraitzuera ez da hain desberdina batuarekin»

Australian bizi da Iñigo Auzmendi zaraitzuarra (Itzaltzu, 1978). Sorterriko euskalkia ezagutzen du, baina erabiltzeko aukera gutxi ditu Itzaltzutik hain urruti bizita. Euskaldun zaharrik ez duen arren, zaraitzuera bizi daitekeelako froga da bera.

Zer iruditzen zaizu Ekialdean euskarak duen egoera?

Euskaldunak badira Zaraitzun eta Erronkarin. Euskaraz baldin badakizu euskalki bat ikastea ez da zaila. Azkenean muina euskara da. Ulertzen dut Irunberrin, Zangozan edo Artaxoan tokiko euskara nolakoa zen jakitea ez dela erraza. Baina Zaraitzun eta Erronkarin bai. Zaraitzun hiztegia, ikasliburuak egin dituzte, testu asko daude… Dena hor dago. Nahi kontua da. Beste kontu bat da Zaraitzun, Aezkoan edo Erronkarin zenbat pertsona bizi diren euskaraz. Ezagutzaren ehunekoa handia da, beste gauza bat da erabilera. Gainera, gure herrian, Itzaltzun, euskaldunak badaude, baina bi ume daude soilik.

Zaraitzuera ikastaroen bitartez ikasi zenuen?

Ni euskara eskolan ikasten hasi nintzen. Amatxirekin pixka bat hitz egin nuen. Non ikasi dut euskara? Jendearekin hitz egiten, liburuekin… Eta Zaraitzuko euskara? Berdin. Nik nire amatxi eta haren ahizpa nituen, haiekin pixka bat hitz egiten nuen, baina haiek orain ez daude. Amatxirengandik zerbait ikasiko nuen, baina 1994an hil zen. Zaraitzuko euskarazko ikastaroa 2002 inguruan egin zuten. Tarte horretan, hango testuak irakurtzen nituen. Praktikatzeko ere ez da erraza, eta, are gutxiago, Australian bizita. Mezu elektronikoak idazteko erabiltzen dut orain, bizi naizen tokian ez baitago euskaldunik.

Zaraitzueraz mintzo direnak oso gutxi izanen dira, eta haietako bat, Australian.

Badakit ni ez naizela bakarra. Arazoa da euskara jende asko ikasten ari dela Zaraitzun, baina lehendabizi euskara ikasi behar dute. Nahiko lan dute horrekin. Agian pixka bat gehiago itxaron behar da, normaltasun handiago batera ailegatu arte. Hango etxeak, toponimoak, testigantzak… dena Zaraitzuko euskaraz dago. Zaraitzuarra izatea eta Zaraitzuko euskara ez jakitea, Euskal Herrian euskara jakin gabe bizitzea bezala da. Egin daiteke, baina zerbait falta zaizu. Zaraitzuko euskara ez zait iruditzen hain desberdina denik euskara batuarekin, Aezkoakoa ere ez. Erronkariera da bereziena, horrek ahalegin handiagoa eskatzen du.

Gartxot filmean lagundu zenuen.

Asiskok [Urmeneta] ekialdeko euskara batua egin nahi zuela uste dut. Iparraldeko gauza asko daude ez direnak Zaraitzun erabiltzen, baita euskara batukoak ere. Komikia, bai, zaraitzueraz idatzi zuen. Komikia Itzaltzun aurkeztu zuenean ezagutu genuen elkar Asisko Urmenetak eta biok. Gero, filma egiten hasi iren, eta gehiagotan etorri ziren. Gauzak galdetzen zituzten. Paisaiak ikusteko eta gero pelikulan jartzeko nirekin eta Itzaltzuko beste batzuekin jarri ziren harremanetan. Hortik hasi eta posta elektroniko bidez hitz egiten jarraitu genuen. «Ezagutzen duzu Zaraitzuko kanturen bat? Ohituraren bat? Badakizu nola joaten ziren artzainak? Nola esaten zuten hango euskaraz hau?», galdetzen zidaten. Ziurrenik, pelikulan ez da hainbeste ikusten. Gero egin zuten liburu bat, eta pelikulan atzetik agertzen diren gauza guztiak hor azaltzen dituzte luze eta zabal. Hori egiteko, pixka bat lagundu nien. Zaraitzuko kapitulua egiterakoan, gauza batzuk berrikusteko eskatu zidaten, adibidez.

Penaz ikusten duzu Zaraitzun zaraitzuerarik ez aditzea?

Pena da euskara galtzea. Toki askotan galdu da, eta ez dakigu deus. Zaraitzun dena dugu. Erabiliko da edo ez nahi badugu, baina galdu-galdu… Hala ere, jendea euskaraz biziko da Zaraitzun? Eta jendea Zaraitzun biziko da?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.