Igor Susaeta / 2014-04-06 / 733 hitz
Giza existentziari buruz hausnartu du Iban Zalduak ‘Inon ez, inoiz ez’ ipuin bilduman, autobiografiatik aldenduta.
Hiru ataletan banatu ditu 40 ipuinak, eta bigarrengoan euskal gatazkaz mintzo da.
Zenbait nahasketarekin arduratuta dago Iban Zaldua (Donostia, 1966). Esaterako, autobiografia eta nobelaren uztartzearekin; saiakera eta eleberria harremanetan jartzearekin; eta baita kazetaritza lanak eta «ustezko literatura» lotzen dituzten liburuekin ere. «Eta ez naiz ari esaten soilik euskal literaturan gertatzen denik». Kezkatuta dago, era berean, fikzioarekiko nekea antzematen duelako idazleengan. Baina berak fikzioan sinesten jarraitzen du. Ez du esan nahi fikzioa denik egia esateko modu bakarra edo errealitatea ezagutzeko tresna oparoena, baina berak, behintzat, bide hori hautatu du. Horregatik, eta haren esanetan, fikzioaren aldarrikapena izan nahiko luke Inon ez, inoiz ez (Elkar) ipuin bildumak.
Kontrazalekoa kontuan hartuta, 2006 eta aurten artean idatzitako 40 ipuin bildu ditu, eta Ramon Saizarbitoriaren esanetan, giza existentziari buruzko hausnarketa ulerkor, samur eta gupidagabea proposatzen dute. Hiru atal dauzka, eta bigarrengoan, Hemen, orain, deiturikoan, euskal gatazkaz, «La cosa-z» egilearen arabera, mintzo da. «Kronologikoki ordenatu ditut ipuin horiek; bildumako laburrenak eta errealistenak dira». Hamaika gaiez mintzatu da, eta horretarako, hainbat molde narratibo baliatu ditu, luzera txikiagoko eta handiagoko ipuinak tartekatuz. Ibon Egaña literatur kritikariak zehaztu du zeintzuk diren gai horiek: «Bikote harreman domestikoak, absurdoa, seme-alaben zaintza, adulterioa, etxeko istripu txikiak eta ez hain txikiak, heriotza, subjektuaren ezegonkortasuna…». Literatura autobiografikoaren arriskuez ere hitz egin du Inon ez, inoiz ez-en, eta Egañaren iritziz, autobiografiatik eta «ni-tasunetik» abiatzen den literaturaren antidoto gisakoa da bilduma.
Gehiegizko autoanalisia
Hain zuzen, Egaña eta Saizarbitoria gonbidatu zituen Zalduak, atzo Donostian egindako liburu aurkezpen jendetsura. Kritikaria, irakurle «analista» delako; eta idazlea, aldiz, irakurle «lotsagabea» delako. Baina atzoko protagonista ez da obren aurkezpenen zalea. «Azalpen gehiegi emateko ohitura daukagu. Eta are okerragoa dena: batzuetan iruditzen zait saiatzen garela irakurleari irakurketa bat inposatzen». Dudak dauzka, gainera, idazleek ez ote duten «autoanalisirako» gehiegizko joera. «Funtsean: ez ote ditugun gauza hauek [aurkezpenak] egiten idazle sentitzeko». Idazle izatea beste zerbait dela pentsatzen baitu: ordenagailuaren aurrean, orrialde zuriaren parean, idaztea. Hortaz, William Faulkner idazle estatubatuarra gogoratu zuen: «Don’t be a writer. Be writing. (Ez izan idazle. Izan idazten)».
Eta idatzi, idatzi du Zalduak; baita kaleratu ere. Iruditzen zaio, adibidez, 2005eko Etorkizuna (Alberdania) ipuin liburuaren ondorengoa dela atzo aurkeztutakoa. Orain urte gutxi Biodiskografiak (Erein, 2011) eta Idazten ari zela idazten zuen idazlea (Elkar, 2012) argitaratu zituen, baina bildumak baino gehiago, haiek ipuin liburuak direlakoan dago, «ardatz argi bat» daukatelako.
Inon ez, inoiz ez-en ezaugarrietako bat, ordea, «aniztasun tematikoa» da, eta, beraz, zeukan materialari behar bezalako ordena emateak eragin dizkio buruko min handienak. «Ze kontua ez da soilik idaztea, zuzentzea, berridaztea eta ale batzuk paperontzira botatzea». Uste du zailena dela ikustea zein ipuin dagoen sobera, harmonia bat bilatzea. «Metatutako ipuin mordoxka liburu noiz bihurtu erabakitzea izan da gehien kostatu zaidana».
Ataletan banatzeko hautuak, aldiz, ez dio buruhauste askorik eman. Irakurtzeko orduan «funtzionala» izateko, irakurleari gida bat eskaintzeko egin du hautu hori. Besterik gabe. Dena den, Xabier Mendiguren editorearen aburuz, badaude bai loturak eta baita paralelismoak ere atalen artean. Zalduari iruditzen zaio euskal gatazkari buruzkoa dela argiena, errealistena. «Halere, geroz eta garrantzia gutxiago ematen diot ipuin fantastikoen eta errealisten arteko desberdintasunari».
Eta errealismoa aipatuta, Saizarbitoriak pentsatzen du «ezeren gainetik», hain zuzen, errealista dela Zaldua. «Eta ez soilik gizartearen kolorea antzemateko gai delako, gauzen egiarekin obsesionatuta dagoelako baizik». Martutene (2012) eta, besteak beste, Ehun Metro-ren (1976) egilearen iritziz, Zalduak «jaurtigailu» bat gisa zuzentzen ditu ipuinak nahi duen helburura: «Indartsu, itzulinguruetan nahastu gabe». Ale luzexeagoak egin zaizkio atseginenak Saizarbitoriari — «gure gatazkaz ari direnak batez ere»—, eta Zalduarengan nobelagile bat badagoela iradoki zuen, umorez, Zalduari berari begiratuz. Eta loreak botatzen hasita, zera erantsi zuen: «izaera guztietako jendeak aurkituko du antologikoa irudituko zaion ipuinen bat».
Nobelaren desprestigioa?
Liburuaren azken ipuinean esaten denaren harira —Nobela nazioak, ipuin herrialdeak—, Saizarbitoria ez dago ados Zalduarekin. Saizarbitoriak dendariei eta editoreei aditu izan die ipuinak nobelak baino gutxiago saltzen direla. «Hala bada, ba borrokatu egin beharko dugu horren kontra». Gainera, nobelaren «desprestigio bat» aurreikusten du, agian, haren hitzetan, eleberri asko idazten direlako. «Laster, beharbada, jendeak esango du ipuinak egin behar direla». Zaldua, ordea, ez dago ados, eta kideari erantzun zion oso baikorra dela esatea nobela joango dela desprestigiatzen, ipuinaren mesedetan. «Dena den, ipuin bakoitza da nobela bat bere laburtasunean». Finean, batarengatik edo bestearengatik erakarrita sentitu, gustuen araberakoa dela deliberatu zuten.
Zalduak ipuin bildumaren aldeko apustua egin du, fikzioa baliatuz. Egañaren ustez, gainera, horren indarrean sinesten duen egilea da. «Eta liburu honetan narrazioaren artea goitik behera menperatzen duela nabari zaio».