Alberto Barandiaran / 2014-04-11 / 469 hitz
Geronimo buruzagi apatxea, bizitza osoa zurien kontra borrokatu ondoren 86 urterekin, gau batez, whiskiarekin mozkortu, zalditik erori, konortea galdu, gau osoa ibai baten ondoan pasa, pneumoniak jo eta handik hiru egunera hil zen buruzagi handia, Goyakhla deitzen zen, aharrausi egiten duena. Taklihshmin (Iluna) aitak jarri zion izena, txikia nekatuta bizi omen zegoelako beti. Zezen eseria sioux buruzagiak, berriz, Thathanka Iyothanka zuen grazia, ernegatu egiten zelako erraz samar. Chief Joseph Nez Perce tribuko nagusiari Hinmahtooyahlatkekht esaten zioten: menditik behera datorren oinaztura.
Namibian eta Botswanan hitz egiten den xoon hizkuntzak 117 kontsonante dauzka, gutxienez. Eta hitz luzeenak, puskaz luzeenak, hizkuntza eskimaletako hiztunek osatzen dituzte. Esaterako, Tuktusiuqatiqarumalauqpuq, hots, «ai karibua ehizatzeko lagunen bat banu!». Asia hego-ekialdeko hizkuntz askotan, berriz, silaba bakarreko hitzak dira usuenak.
Ez da ohikoena, baina, euskarak bezala, japonierak, txinerak, turkierak edo estonierak ez dute generoren araberako bereizketarik egiten hitzen artean, eta hizkuntz afroasiatiko gehienetan, berriz, femeninoarekin markatzen badute hitza, gauza edo kontzeptu hori txikia den seinale; Namibiako nama hizkuntzan, aldiz, kontrakoa gertatzen da: handitasuna frogatzen du femeninoaren markak. Are bitxiagoa dena: Amazoniako hainbat hizkuntzatan iragana ez zaie bakarrik aditzei aplikatzen, baita hitzei ere; horrela adierazten dute aipatutako gauzak edo objektuak hilda, izorratuta edo hondatuta dauden.
Jean-Pierre Minaudierrek bildu ditu hizkuntzen inguruko berezitasun horiek eta gehiago, Poésie du gérondif izeneko liburuan (Gerundioaren poesia). Gramatiken, hizkuntzen aniztasunaren eta munduko kulturen loriarako liburua, editoreak berak aukeratutako azpitituluaren arabera. Egilea hizkuntzazale porrokatua da, eta urteak eta urteak eman ditu gramatikak biltzen. Pasioz bizi du zaletasun bitxi hori. 1.163 liburu omen ditu apalategian, 856 hizkuntzen ingurukoak. Ez ditu bakarrik aztertzeko pilatu. Gauez, goizez, etxean, metroan, oporretan, ametsetan irentsi egiten ditu, zoratuta gauza bera esateko zenbat modu eta molde ezberdinak dauden munduan barrena. Euskara ere landu du, eta hitzaldiak eman ditu haren jatorriari buruz, Parisen.
Minaudierrek bezala Louis-Jean Calvet hizkuntzalariak hizkuntzen aberastasuna aldarrikatzen du, eta hizkuntzen ekologiari buruzko liburu bat baino gehiago argitaratu ditu. Histoires de mots (Hitzen istorioak) dibulgaziozko lanean, Europako hainbat hizkuntzatako hitzen etimologiak proposatu ditu, indoeuroparretik eratorritako erroetatik abiatuz.
Esate baterako, buru hitza. Grekoz kephale zen, latinez caput, eta gotikoz haubit. Hortik sortu dira, aldaketa linguistikoen arauei jarraituz, chef, capo, cabeza, head, haupt edo hoved hitzak, frantsesez, italieraz, espainolez, ingelesez, alemanez, eta danieraz hurrenez hurren. Jainkoaren ideia aditzera emateko hitza, berriz, argiarekin lotzen du Calvetek, latinaren dies hitzarekin alegia, zeinak eguna adierazten baitu. Hizkuntz germanikoetako god, gott edo gud horiek, berriz, sanskritoko hu eta huta hitzekin — «sakrifizioak egiten dizkiogun hori»— erlazionatuta omen daude. Theos greziarra nondik ote datorren? Calvetek dheu erroa proposatzen du, alegia kea edo baporea, hots arnasa edo hatsa.
Hitz jolasak dira, bitxikeriak. Etimologia ez da, inondik inora, hizkuntzalarien artean izen onena daukan diziplina, askotan garaiko ideologia edo gurari politiko eta sozialak justifikatzeko erabili izan baita hitzen atzean egon daitezkeen esanahiak biltzeko asmo hori, baina pistak eman ditzake hitzek ezkutatzen duten memoriari buruz.
Gaur eta hemen, ez da ekarpen eskasa.