Egilea: John Andueza
Argitaletxea: Elkar
Bilduma: Taupadak
Urtea: 2013
ISBN: 978-84-9027-080-6
R: 7.112
2010eko udan Kantauri itsasaldeko Kankal herrian gertatutakoak kontatzen zaizkigu eleberri honetan. Kankal herri txiki eta lasaia da; kanpin bat ere badago bertan eta horra joan dira familia batzuk oporrak pasatzera. Haietako bat Bilbokoa da, Amaia eta Nikorena, hain zuzen. Haien aita, Joseba Bikondoa, kazetaria da eta langabezian gelditu da.
Bi narrazio tartekatuko dira liburuan zehar: bata, Amaiarena, lehenengo pertsonan; bestea, Josebarena, hirugarrenean. Amaiaren ikuspegia haur batena da, eta bere ingurukoei buruzko xehetasunak ematen dizkio irakurleari: neba Niko eta haren lagunak, gurasoak –batik bat aitaren gaineko iruzkinak–, Ameriketan ibilitako amona Teresa, Pol lagunaren aitxitxe Joxe Martin… Aspaldi ezagutu zuten elkar Kankaleko kanpinean, udaro joaten baitira bertara uda pasatzera.
2010eko uda oso berezia izango da, hondartzan hildako bat agertuko baita. Amaiaren aitak, langabezian gelditu denez, hilketa hori ikertzeko ardura hartuko du, jakin-minak akuilatuta. Enrike Miranda da hildakoa, indiano etxeko nagusia, aspaldian herritik ihesi joan zena, Anastasio Larralde alguazilaren hiltzaileetako bat izatea leporatu baitzioten. Joseba Bikondoa kazetariak hori guztia ikertu eta Kankaleko kronika beltza idatziko du. Horixe da eleberri honetako pasarterik erakargarriena; dena den, istorio gordin hori ez da behar bezain ongi ezkontzen Amaia gaztetxoak kontatzen dituenekin, eta irakurlea tentatuta egon daiteke kronika beltza bakarrik irakurtzera jotzera –hasierako kontakizuna, gainera, gehitxo luzatzen da–, baina, oro har, gustura irakurtzeko moduko liburua da.
Eleberri honek erreferentzi asko egiten dizkio historiako gertakizun batzuei, hala nola, Ameriketara joandako euskaldunak, bertan aberastu eta herrira itzulitako indianoak, 1936ko gerra zibila…, eta horretaz gehiago sakontzeko aukera ematen du. Gainera, kronika beltza dela eta, gizonen eta emakumeen arteko harremanek nolakoak izan beharko luketen adosteko eztabaida ere bidera liteke.