Iker Tubia / 2014-04-09 / 654 hitz
Iruñeko Navarro Villoslada institutuko ikasleak kalera atera dira hiriko seinaleek euskararen ordenantza betetzen dutenetz aztertzera. Argazkiak bildu, eta sarean jarriko dituzte.
Huts egin du Iruñeko Udalak. Hala ebatzi zuten atzo Navarro Villoslada institutuko ikasleek. Izan ere, Iruñeko hizkuntza paisaia aztertzera atera ziren Batxilergoko lehenbiziko mailako A ereduko 11 ikasle. Argazki kamera, mapa eta papera eskuan, seinaleetan euskara ageri zenetz, eta agertzekotan, nola agertzen zen bildu zuten. Iruñeko Udalak ez zuen azterketa gainditu; are, nota oso txarra atera zuen. Adibidez, Itxaso Turrillas, Miriam Mortalena eta Julen Rodriguezen taldeak hamar seinale egoki baizik ez zituen aurkitu. 35 gaizki ziren.
Biko taldeak egin, eta kaleak banatuta ekin zioten ikasleek lanari. Nafarroako Gorteen kalean abiatu ziren Turrillas, Mortalena eta Rodriguez. 150 metro baizik ez zituzten egin, eta ordurako hainbat argazki atera zituzten. Kalearen izena euskaraz zegoen San Ignazio etorbidearen bidegurutzean. Metro gutxi batzuk aurrerago, baina, soilik erdaraz ageri zen kale beraren izena. Pentsa liteke bigarren plaka zaharragoa zela. Ez da hala. Orain, Iruñeko Udalak kalearen izena erdaraz idazten du, eta alboetan calle eta kalea hitzak jartzearekin aski dela dio.
150 metro baizik ez ziren, eta zezen plaza eta Txantrea hitzak ez ziren euskaraz ageri seinaleetan. Seinale berean, Norabide guztiak txikiagoa zen Todas las direcciones baino, eta Alde Zaharra hitza letra etzanez eta gris kolorez idatzia zegoen, erdarazko adiera ez bezala. Parkimetroa erabiltzeko argibideak ere ez zeuden ordenantzak eskatzen duen bezala adieraziak. Euskarazko azalpenak letra etzanean ageri ziren, eta zati batzuk erdaraz soilik adieraziak zeuden. Guzien artean batek arreta piztu zien ikasleei: Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuak ez zuen euskararik erabiltzen bere atarian. Udalaren hizkuntza paisaia zen aztertu beharrekoa, ordea.
Lizarra kalean sartu ziren ondoren. «Hori gaizki dagoela uste dut! Kolore desberdina du», ohartarazi zuen Mortalenak. Euskaraz, gris koloreko letrekin adierazia zegoen motozikleten aparkalekua. Behin eta berriro ikusi zituzten gaizki adierazitako seinaleak, eta ikusitakoa paperean jaso zuten: ongi zeudenak zutabe batean, gaizki zeudenak bestean. Batzuetan gaztelera hutsez zeuden, euskarazko testua txikiagoa zen besteetan, kolore apalagoz idatzitako euskal letrak anitz ziren, eta batzuetan euskaraz idatzitako testua laburragoa zen gaztelerazkoa baino. Beste batzuetan, akats bat baino gehiago ageri ziren batera. Adibidez, Tutera kalean Udaltzaingoaren seinalean euskarazko letren kolorea argiagoa eta erdarazkoa baino txikiagoa zen, eta etzanez idatzita zegoen.
Kontzientzia piztea
Lanean hasita, inoiz ez zutela bukatuko zirudien. Han eta hemen ikus zitezkeen urraketak. Ibilgailuen irteeretako seinaleak, parkingak, kale izendegia… denetarik aurkitu zuten erdaraz. «Hau gaizki dago», esan zuen Rodriguezek. «Baina ez da udalarena», erantzun Mortalenak. Hizkuntza paisaia oso-osorik aztertzeko orririk ez zutela konturatu ziren.
Rodriguezek anitz ikasi zuen atzoko jardueran: «Nire ustez, oso interesgarria da horrelako jarduerak egitea. Lehen pentsatzen nuen dena ongi zegoela, baina gaia lantzean konturatu naiz, adibidez, letra txikiagoa duela euskarak». Batzuetan itzulpena ere gaizki dagoelako harritu egin zen.
Mortalenaren aburuz, ez dago arrazoirik euskara zokoratzeko. «Dena berdin egin behar da euskaraz eta gazteleraz». Bide beretik mintzatu zen Turrillas: «Nafarroan gaude, eta bi hizkuntza hitz egiten direnez, denak euskaraz egon behar du». Euskarak Iruñeko seinaleetan duen egoeraz hausnartzerakoan, udalak hizkuntza horri «garrantzi gutxi» ematen diola azaldu zuten.
Hamaiketakoa jan bitartean pentsatu zuten gaiaren inguruan. Ondoren, indarberriturik, Yanguas y Miranda kalera abiatu ziren. «Ene, zenbat dauden hemen». Ordurako nekea antzeman zitekeen haien aurpegietan. Kale hartan, seinale gehienek ez zuten ordenantza betetzen. «Dagoeneko ez dakit ezta zein argazkitan gauden», kexu zen Mortalena.
Halako batean aurkitu zuten ordenantzara egokitutako seinale bat: billabesaren geltokian. Hala ere, ondorio kezkagarriak atera zituzten ordubeteko ibilaldian. «Gehienak gaizki daude: argiago, txikiago, etzanez…», zioen Mortalenak. «Ez dute euskara errespetatzen, gehienak gaizki daude eta aldatu beharko lirateke», gehitu zuen Turrillasek.
Helburuak bete zituzten. Haien irakasle Amaia Irazustak azaldu zuenez, ikasleak euskarara gerturatzeko modu bat izan zen, baita hausnarketa bultzatzeko bidea ere. Izan ere, ikasleetako batzuek ez dute uste euskara bazterturik dagoenik. Jarduera «erraza» eta «polita» izan zela zioen. A eredukoak izanik, euskara maila apala dutela azaldu zuen; beraz, gutxi ateratzen dira ikastetxetik euskarazko jarduerak egitea. «Honek asko motibatu ditu, haien lanak zerbaiterako balio duela ikusten dutelako. Udalari erakutsiko diogu». Googlemapsen paratuko dituzte irudiak eta euskalgintzari bidaliko dizkiote.