Iker Tubia / 2014-04-08 / 375 hitz
Iruñeko Planetarioan, Robotika Hezkuntzarako Laborategia zabaldu dute, roboten erabilera ikastetxeetan hedatzeko asmoz. Robotak alokatzeko aukera eskainiko dute.
Hezkuntzaren eremuan roboten ezagutza eta erabilera zabaldu nahi dute Iruñeko Planetarioak, NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Nafarroako Gobernuak. Horregatik, Robotika Hezkuntzarako Laborategia zabaldu dute Yamaguchi parkean. Helburu nagusiak bi dira: ikastetxeetan robotikaren erabilera sustatzea eta zabaltzea, batetik, eta robotak erabiltzeko aukera ikasle guziei eskaintzea, bestetik. Horretarako, ikastetxeen sarea osatuko dute, hartara bertara joan edota bertako robotak alokatzeko aukera izanen dute. Baina hezkuntzaren alorretik kanpo ere, nornahik han lan egiteko txokoa izanen du. 46 robot izanen dituzte erabiltzeko prest.
Gabriel Rubio Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien eta Proiektuen alorreko arduradunak esan duenez, proiektua «mugarri» da Nafarroako zientzia eta teknologia berrikuntzen planean. «Zerbait egitea beharrezkoa zen teknologiaren irakaskuntza erakargarriagoa izan dadin», esan du. Proiektua atzetik dator, 2012an hasi baitziren hainbat ikastaro eginez eta ikastetxeen sarea osatuz. Oraingoz hogei ikastetxek parte hartzen dute sarean, 50 irakaslek baino gehiago jaso dute heziketa eta mila ikasletik gora ari dira robotika proiektuekin lanean.
Rubioren aburuz, horrek interesa badela adierazten du, eta aukera zabaldu nahi izan dute: «Lanak egiten ziren, baina ikusi genuen talde txikietan geratzen zela, eskolaz kanpoko jarduera gisa, eta ez ginen ikasle guztiengana ailegatzen». Hala, orotariko ikasleei aukera zabaltzea da orain helburua.
Txoko irekia
Aurkezpenean Alejandra Nicosia laborategiko arduradunak eman du proiektuaren nondik norakoen berri. Esan duenez, hezkuntzako robotika irakaskuntza curriculumean sartzeko interesa piztu nahi dute: «Robota ez da tresna huts gisa hartu behar, irakasgaietan ikasteko bide gisa baizik. Horregatik, robotikak ikasgeletan duen garapenean aurrera egiten ari gara», azaldu du. Beraz, laborategiaren funtzio azpimarragarriena robotak ikastetxeei alokatzeko aukera izanen da. «Horrek guzien eskuetara ailegatzea ahalbidetzen du», azaldu du Nicosiak. Batik bat derrigorrezko lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleei begira eginen dute lan.
Irakasleen formakuntzaz ere arduratuko da zentroa, robota hezteko tresna izan dadin, eta ikastetxeetan proiektuak egiteko laguntza eta aholkuak emanen dituzte. Hala ere, ikastetxeak eta irakasleak dira robotika haien egunerokoan txertatzeko aukeraren alde egin beharko dutenak.
Laborategia ez da soilik ikastetxeentzako txokoa izanen. «Laborategia ez da soilik haien proiektuak lantzera etorri nahi duten erakundeentzat, guraso eta seme-alabek jarduerak egiteko tokia ere izanen da», esan du arduradunak. Tailerrak ere izanen dira han, adibidez, apirilaren 22tik 26ra ikastaroa antolatu dute 8 eta 12 urte bitarteko haurrentzat. Hainbat egitasmo, beraz, robotika zabaltzeko.