Mikel Asurmendi / 2014-03-30 / 461 hitz
- Izenburua: Abisalia
- Egilea: Asier Serrano
- Argitaletxea: Txalaparta
Asteasu, Pasaia edo Urola aldeak nola, halatsu Obaba, Basques’ Harbour edo Otzeta. Euskal eremu errealen alegiazko munduak dituzu horiek. Idazle norberaren beren-berekiak.
Asier Serrano Lubaki bandakoa izan zen. Abisalia du bere azken ipuin liburua. Abisalia uharte ote? Horrela izendatua kausitu dut Interneten, anabasa unibertsalaren indargunean. Euskal literaturaren eremuan aurkitutako artxipelagoa dukezu Abisalia, uhartea edota ipuin-multzoa. Liburuak nola, irudimenak libre!
Abisalia lubaki batean antzeman dut, arrakala erraldoian: Eibarren. Asier Serrano (Eibar, 1975) Lubakikoa zen eta da. Franco hil zen urtean jaio, eta hogei urte geroago joan zen Eibarretik. Abisaliara itzuli da. Hala ere, artean hiria sarri bisitatu du.
Eibar nolakoa Abisalia halakoa, hiri gorria alegia. Kram hiriko auzoa duzu eta Lubram, kale bat. Bisitariak arrakala handi horren bestaldetik heldu ohi dira. Batzuk 36ko fronteko lubakietatik, bestetzuk irudizko unibertso mugagabeetatik. Abisalia-ko pertsonaiak Serranoren imajinazio mugagabearen baitatik heldu dira: Emilard doktorea, Rialdo Koddel maisua, Lilith, Enola, Luzio Dalio Tango… baita Lorelei ere. Eta erlojugilea.
Alexandro Handia, Napoleon Bonaparte edota Stalin ere aurki ditzakezu berton. Aurkituko duzu Gobernadorea ere, kristalezko jauregiko urmaeleko arrain abisalei begira. Zirkua eta zoologikoa plaza nagusian dituzu; antzokia Kram kalean. Parkeko zuhaitzetan Verne, Salgari eta Dumasen liburuak zintzilik aurkituko dituzu, euren liburuak erreak diren arren. Izan ere, Salvador Daliren erlojuak antzo, Abisalian denbora urtu da; denborak galdu du nora. Abisaliako demokrazia sistema iluna da, lubakia eta arrakala. Behinola, Asier haurra bizi izan zen lubaki hartan hiriko bonbilla guztiak batera funditu ziren…
Abisalia ez da ikusezina, haatik. Zirkuko funtzioaren magia bere egina dute herritarrek. Kristalezko begi lausotuek neurona itxura hartu dute. Berbarako, Emilard oftalmologoaren jakintzari eta erlojugilearen trebetasunari esker, horren emazteak ikusmena berreskuratu du.
Nik kontatutako «hori dena egia da, eta ezin duzu sinetsi, edo hori dena gezurra da, eta sinets dezakezu». Bestela esanda: «Zoria edo halabeharra legez, bilatu barik gertatu zait, horrela suertatu da».
Asier Serrano Rialdo Koddel maisuaz galdezka ari denean, bere buruari galdezka ari zaio. Nerabe hura Ahab kapitainaren biloba da. Amonaren etxea abandonatu zuen gaztaroan, eta aldian-aldian Abisalia bisitatzen duen arrotza bera duzu. Irakasle eta musikari bilakatutako hark luma zorrozten ikasi du, eta hiri gorrira gonbidatu gaitu.
Berbarako, hau ere bai: Luzio Dalio Tango lurperatzailearen urretxindorrak ez du berriz kantatuko. Abisalia-ri nostalgia dario tarteka, tantaka… Larregi ote? Edonola den ere, idazleak ikasi du kontatzen eta narratzen. Asier Serranok hiri gorriaren mugak non hasten eta non amaitzen diren deskubritu duela uste dut. Ene ustea ustela ez den ustetan diot.
Dena dela ere, Abisalia hiri gorri unibertsala bilakatzen joanen da XXI. mendean. Euskara unibertsoko esperantoa bihurtuko da, esperantoa arrotzen hizkuntza izanen da, gure esperantza.
Desio izeneko tranbia hartzera gonbidatzen zaitut irakurle. Eibarretik pasatu ohi den bera dukezu. Bidenabar, idazleari ene gomendioa: tranbia har ezazu zuk ere, hiri gorria abandonatu eta zoaz hiri berrien menturan ostera.
Eta, hara, ene desioa ez dadin ustela izan.