Bihotza zergatik azeleratzen da?

Jabier Agirre / 2014-05-27 / 811 hitz

Zirrara fuerte batek, esfortzu fisikoak edo kafeinaren gehiegizko kontsumoak zuzenean erasaten diote bihotzari, eta erritmo bizkorragoa edo irregularra ekarri. Horrela sortutako palpitazioek ez daukate, printzipioz bederen, aparteko garrantzirik.

Gure gorputzaren organo zentralak —bihotzak, alegia— 60-100 taupada egiten ditu normalean minutuko, baina maiztasun hori aldatu egiten da hainbat faktoreren arabera: sexua (emakumeen bihotza bizkorrago dabil gizonezkoena baino), adina, edo baita bestelako faktoreak ere (emakumea hilekoarekin dagoenean, adibidez, arritmiak eta arazo kardiobaskular batzuk jasateko arrisku handiagoa dauka). Eta bihotzaren erritmoa bizkortzen denean agertzen diren takikardien sintomak (aire-falta, bertigoa, zorabioak eta zenbaitetan baita bularreko mina eta konorte-galera ere) kasu larrietan nahiz arinetan berdin samarrak diren arren, komenigarria da betiere sintoma horien atzean zer dagoen jakiten saiatzea, ea kezkatzeko moduko zerbait ba ote dagoen argitzeko.

Arrazoiak

Bereizi behar dira noizbehinkako takikardiak, egoera edo arrazoi bakan batek sortuak, batetik, eta arazo edo gaixotasun jakin batzuek eragindako takikardiak, bestetik, azken horiek arreta berezia eskatzen baitute.

Noizbehinkakoak. Loteria tokatu zaizula, soldata igo dizutela edo familiaren barruan arazo larri bat eduki duzula jakitea zirrara emozional gogorra eragiten duten albisteak dira, onerako nahiz txarrerako. Eta albistearen ondorioz, pertsona horren bihotza bizkortzen hasten da, eta bihotz-erritmoa erabat aldatzen da. Gehiegizko kirol-jarduera, kafeina eta alkohola sobera hartzea, eta antidepresiboak edo bronkio-zabaltzaileak bezalako botiken kontsumoa ere bihotz-taupaden maiztasun normala aldarazten duten faktoreak dira. Haren eraginak hainbat urtez iraun dezakeen arren, menopausia ere noizbehinkako faktoreen talde horretan aipatu beharko litzateke, bizitzako aro horretan dagoen emakumeak bihotza bizkortu edo azeleratu egiten zaiola sentitzen duelako.

Iraunkorrak. Takikardiak maiz samar sortzen dituzten arrazoiak nerbio-sistemari erasaten dioten arazoekin lotuak egon daitezke, estresa esate baterako, eta baita gaixotasun jakin batzuekin ere.

Estresak eta antsietate edo hersturak bihotz-erritmoari eragiten diote, erritmo hori nabarmen gehituz, eta beste sintoma batzuekin batera (nekearekin eta eztarriko zanpaketa-sentsazioarekin batera) azaltzen dira. Sukarrak, eta baita anemiak ere pultsua bizkortzea dakarte kasurik gehienetan. Anemiaren kasuan, esaterako, oxigenoa ehunetara eramateko ardura duten globulu gorrien eskasiaren ondorioz, gorputz osoan barrena zirkulazioan dabiltzan hematiek maizago edo gehiagotan pasatu beharra daukate ehun horietatik, eta horrek odol-ponpaketa gehitzea dakar, takikardia eraginez azken finean. Hipertiroidismoak, azkenik, tiroide guruinaren jarduera-gehitzeak alegia, gorputzeko funtzioen azelerazio orokorra eragiten du.

Ze neurri har ditzakezu takikardia saihesteko?

Prebentzioa ezinbestekoa da, gure bihotzeko erritmoaren azelerazioa gerta ez dadin, edo bizkortze hori saihesteko.

Murriztu estresa. Estresa da takikardien lagun edo adiskide minetako bat. Kasu askotan oso zaila da estres hori kontrolatzea, baina urduritasunak edo estresak jota baldin bazaude, komeni da stop egin eta erlaxatzea. Nola, baina? Entzun musika, itxi begiak eta imajina ezazu, une edo minutu batzuez, eszena idiliko goxo bat, eta egin arnasketa sakoneko ariketak (hartu arnasa poliki-poliki eta bota gero lasai-lasai, baina indarrez). Horrek guztiak antsietatea kontrolatzen lagunduko dizu.

Kontuz estimulatzaileekin. Aktibatzeko edo indarberritzeko balio diguten hainbat elikagai (kafea, tea edo azukrea adibidez) arriskutsuak ere izan daitezke, dosi handitan hartuz gero, tabakoa eta alkohola ere izan daitezkeen bezala.

Mugi zaitez. Egunero ordu-erdi oinez edo bizikletan ibiltzea, edo igeri egitea takikardiak saihesteko ariketa aerobiko oso onuragarriak dira. Saia zaitez, bada, horrelakoak modu erregularrean praktikatzen, zure adinera eta osasun-egoerara egokitu eta moldatuz betiere.

Beste ohitura batzuk. Badira emaitza handiak lortzen dituzten ekintza txikiak ere. Ahal bada, ez da ezkerraldearen gainean bermatuta lo egin behar, bihotzaren gain gehiegizko presiorik ez egiteko. Eta palpitazioak nabaritzen badituzu, apunta itzazu: horrela, frekuentzia kontrolatuko duzu, antsietatea uxatuz, eta medikuarengana zoazenean datu horren berri eman ahal izango diozu.

Tratamendua

Palpitazioen aldizkakotasunak eta intentsitateak baldintzatuko du, normalean, medikuak aginduko duen tratamendua. Bihotz-erritmo azkarregia moteltzea eta ager daitezkeen konplikazioak murriztu edo gutxitzea izango dira kasu guztietan helburu nagusiak.

Kasu arinak. Takikardiak garai edo urte-sasoi jakinetan eta estres eta antsietate-egoerekin lotuta azaltzen badira, lasaigarriak, medikuak agindu ondoren bakarrik noski, erabili ahal izango dira konplikazio horiek konpondu edo arintzeko.

Kasu larriak. Zenbait kasutan, medikuak takikardia aztertu eta arritmiarik ez badago, agian beta-blokeatzaileak errezetatuko dizkio pazienteari, bihotzeko maiztasuna gutxitzen laguntzeko. Aurrez arritmiaren bat diagnostikatuko balitz, erritmo kardiakoa normalizatzen edo berreskuratzen lagunduko duten beste botika batzuk (flekainida, propafenona) aginduko ditu medikuak. Medikamentuek eraginik lortuko ez balute, eta emergentzia-kasuetan, korronte elektrikoak erabil daitezke, bihotzeko bulkada elektrikoei zuzenean eragiteko. Eta kasurik muturrenekoetan, pauso-markagailu bat ezartzea izango da irtenbide egokiena.

Konplikazioak

Normalean ez da konplikaziorik egoten, baina azaltzekotan, garuneko isuriak, bihotzeko gutxiegitasuna eta kasu oso larrietan, bat-bateko heriotza aipa daitezke.

Brakikardia: erritmoa moteltzen denan

Bihotzeko taupaden maiztasuna jaitsi egiten da, atseden-egoeran batez ere, minutuko 60 taupadatik behera egoteraino. Normalean ez da sintomarik ezta konplikaziorik ere azaltzen, baina badira bradikardien agertzea errazten duten faktoreak:

Arrisku faktoreak. Bihotzaren erritmoa kontrolatzen duten bulkada elektriko normalak etetea hainbat arrazoirengatik gerta daiteke: zahartzeko prozesu naturalarengatik, herentziaz jasotako bihotzeko arazoren batengatik, hipertentsioagatik edo baita beste gaitz batzuk tratatzeko erabiltzen diren botikengatik ere.

Zer egin. Bradikardia-prozesuaren eboluzioa nahiko motela da, eta kasurik gehienetan ez du tratamendurik behar izaten. Dena den, kasuaren berezitasunak hala eskatuta tratamendua beharrezkoa bada, pauso-markagailua izaten da arazoari aurre egiteko irtenbiderik usuena; izan ere, kasuaren eboluzioak aurrera egingo balu gaixotasun koronarioa, meningitisa edo baita entzefaloko lesioak ere azaldu baitaitezke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.