Enbarazurik gabeko liburuak

Iñigo Astiz / 2014-05-01 / 462 hitz

Irakurtzeko zailtasunak dituztenentzako lehen euskarazko lau liburuak kaleratu ditu Gaumin argitaletxeak.

«Mendebaldeko gizarte normaletan biztanleen %30 inguruk du irakurtzeko zailtasunen bat. Zailtasun psikologikoak dituztenak, dislexia dutenak, hizkuntza oraindik erabat menperatzen ez duten etorkinak… Baina euskal gizartean kopuru hori bikoitza izango da gutxienez. Euskaraz alfabetatu gabeko jende asko dago gurean, eta zailtasunak ditu euskaraz irakurtzeko». Eta ehuneko handi horrentzat aritu nahi izan du orain Fernando Morillo Grande idazle eta Gaumin argitaletxeko kideak. Horregatik kaleratu dituzte Irakurketa Erraza etiketapean sortutako lau liburu. Muga fisiko, psikiko edo sozialengatik irakurketaz gozatzeko aukerarik ez dutenei irakurketaz gozatzeko aukera eskaintzeko. Zabalpen handia izan dute gisako egitasmoek Katalunian azken hamarkadan, eta orain bi urte sortu zen Euskal Herrian Euskadi Irakurketa Erraza taldea. Gazteleraz kaleratu dituzte orain arteko liburuak, eta orain heldu dira etiketa horren pean lehen euskarazko lanak. Lau, guztira.

Katalunieratik itzuli dituzte bi, eta propio euskaraz sortu dituzte beste bi. Montse Flores Pallares idazlearen Rif mendietako ura eta Nuria Marti Constans idazlearen Traizioa lakuan dira itzulitako lanak. Eta Ander Izagirreren Txernobil txiki bat etxe bakoitzean, eta Fernando Morillo Granderen Santiago Bidearen misterioa dira euskaraz sortutakoak. Txernobylgo hondamendi nuklearrean gertatutakoa du abiapuntu Izagirreren lanak, eta Donejakue bidean ezagutu zuen marinel baten istorioa kontatzen du Morillok. Gaumin argitaletxeak kaleratu ditu guztiak, eta Bilboko Alondegiko BBK Mediatekak lagundu ditu euskaraz sortuak.

«Ez zait erraza gertatu erraz idaztea». Izagirreren hitzetan, idazten zuenari adi idaztera bultzatu du sinple idatzi beharrak. «Ariketa zaila eta polita izan da: normalean, idazterakoan erabiltzen ditugun hainbat baliabide baztertu edo aldatu egin behar horrek idazketa prozesuaz kontzienteago izatera bultzatu nau. Kosta egin zait, baina gimnasia polita izan dela uste dut». Eta antzera Morillo ere. Estuan eroso. «Lastoa debekatuta dago. Istorioaren bihotz eta funtsera jo behar duzu».

Baina kontua ez da soilik erraz irakurtzeko moduko liburuak idaztea. Irakurketa Erraza etiketa duten liburuek nazioartean ezarrita dauden hainbat parametro bete behar dituzte. Bada horretarako arau sorta zehatz bat. Istorioaren nondik norakoei buruzkoak dira arau horietariko batzuk, egiten den hitz hautaketari buruzkoak beste batzuk, baina badira lerrokerari eta letraren tamainari buruzkoak ere.

Irakurle gazteen gosea

«Irakurketa errazeko liburu bat ez da jatorrizko testu baten laburpena egitea, eta ez da esaldi sinpleekin idatzitako liburu bat sortzea ere. Hori baino askoz ere gehiago da». Blanca Matarena da azalpena. Orain bi urte eratu zuen Euskadi Irakurketa Erraza taldea, eta haren arduradun da egun. Eta azaltzen duenez, hain zuzen ere, kontzeptua azaldu eta zabaltzea izan da egin behar izan duen lehen lanetariko bat. Merkatuan ziren irakurketa errazeko liburuak ezagutaraztea izan zen bestea. Baina hasieratik igarri zuen euskarazko liburuak argitaratzeko beharra. Jendeak egiten zion eskaria. Hitzaldiak ematera joan, eta beti jasotzen zuen galdera bera. «Non dago euskarazko Irakurketa Erraza?». Eta orain heldu da argitalpena.

Irakurle gazteak aipatu ditu Morillok. «Eskura dituzten testu ulergarri bakanak haur literaturakoak dira maiz, eta narratiba erraz baina helduago baten gose eta beharrez dira».

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.