Itzal berria pestizidentzat

Jon Rejado / 2014-05-13 / 771 hitz

Frantziako landa eremuko haurren osasunean eragina izan dezaketen pestizida zantzuak antzeman ditu ikerketa batek. Biozida batzuek hormonen jarduna alda dezaketela ohartarazi dute zenbait elkartek.

Pestiziden gaineko eztabaidak beste osagai bat hartu du. Generations Futures elkarteak ikerketa bat egin du Frantzian, eta gai horiek haurretan duten presentziaz ohartarazi du. Landa eremuko umeak aztertu dituzte, 3 eta 10 urte artekoak; 53 pestizidaren zantzuen bila aritu, eta 35 aurkitu dituzte haurretan. Batez beste, ume bakoitzean 21 gairen arrastoak antzeman dituzte. Substantzia horietako batzuek hormonen jarduna alda dezaketela adierazi du Generations Futures elkarteak.

Landa eremuko haurren artean egindako ikerketa ez da egoera horretaz ohartarazi duen bakarra. Adingabeekin egindako ikerketa hori Generations Futures elkarteak abiarazitako programa zabalago baten arlo bat da; disruptore endokrino izan daitezkeen pestiziden eragina aztertzen ari dira: hormonetan duten eragina, hain zuzen ere. Aurrez bi ikerketa egin zituzten: egunerokoan gai horiekin dauden kontaktuak aztertu zituzten batean; marrubietan duten presentzia, bestean.

Bertsuak ziren bi ikerketa horien emaitzak. Zereala oinarri duten jaki askotan —gailetetan, zerealetan, gari pastan…— pestizida zantzuak antzeman zituzten, baita marrubietan ere. Azken kasu horretan ikusi zuten Huelvako (Andaluzia, Espainia) marrubi guztietan pestizida zantzuak zeudela. Besteak beste, carbosulfan, spirotetramat eta dimetomorfo substantziak antzeman zituzten —debekatuta daude hirurak—. Intsektiziden eraginaz ere ohar egin zuten ikerketek.

François Veillerette Generations Futures elkarteko bozeramaileak nabarmendu du «substantzien koktel bat» agertu dela ikerketa horietan. Carlos de Pradak, Fundacion Vive Sano taldeko ingurumen toxikotasuneko zuzendari eta Fodesam elkarteko presidenteak, gogorarazi du gai horietako askok disruptore endokrinoak izateko arriskua dutela. Hala ere, zehaztapen gutxi dago eragin horri buruz. «Gai toxiko batzuen eraginak ez dira zuzen ikertu, eta horien artean dago disrupzio endokrinoa».

Frantziako ikerketa haurrekin egin izanaren garrantzia nabarmendu du De Pradak. «Haurren gorputzaren garapena elkarrizketa kimikoetatik sortzen da; hormonek zeresan zuzena dute haietan, eta edozein aldaketak zuzeneko eragina izan dezake». Hau da, nahiz eta disruptore endokrinoek helduengan eragina baduten, haurrengan «bereziki» eragiten dutela. Gaiari azkar heltzea ezinbestekoa dela ohartarazi du.

De Pradaren ustez, ez dira guztiz fidagarriak «segurtasuna» emateko irizpideak, eguneko dosi onargarriak edota gehieneko hondakin kopurua. «Oso kontzentrazio txikietan ere eragina izan dezaketela egiaztatu da».

Pestiziden araudi berria

Amaia Ortizek, Neiker-Tecnaliako Landare Ekoizpen eta Babeseko arduradunak, beste osagai bat gehitu dio landa eremuan pestizidak erabiltzeari buruzko eztabaidari. «Pil-pilean» dagoen gaia dela azaldu du, urte hasieran hasi baitira ezartzen Europako Parlamentuak gai horren inguruan hartutako erabakiak. Mugak jarri ditu arau berriak.

Araudi berria osasun sistemaren funtzionamenduaren modukoa dela gaineratu du Ortizek. Tekniko aditu batek zehaztuko du labore batek tratamendua behar duen edo ez. Hori erabakitzen badu, erabili beharreko produktua eta kantitatea zehaztuko du. Errezeta bat emango dio: agindutako kantitatea soilik erosi eta erabili ahalko du nekazariak; beste laboreetan ezingo du erabili. «Arauak erabat debekatu ditu egutegiaren araberako tratamendu fitosanitarioak».

Horrez gain, produktua erabiltzeko modua eta baldintzak ere zehaztu ditu araudiak: baldintza meteorologikoak, erabili beharreko tresneriaren baldintzak egiaztatzeko irizpideak… Neiker-Tecnaliak 2005etik egin ditu saioak lan egiteko modu horrekin, eta Ortizek nabarmendu du gai fitosanitarioen eta ongarrien erabilera urritu egin dutela. Are gehiago, Europak agindutako araudi aldaketarekin batera, salerosiko diren gai aktiboak «izugarri» urrituko dituen araudi bat onartu dute. «Arriskutsuak izateagatik debekatuko dira».

Aldaketa horrek, pestiziden erabilera urrituko duen heinean, bat egiten du Generations Futures eta Fundacion Vivo Sanoren aldarrikapenekin. Ordea, disruptore endokrino izan daitezkeen gaiekin are zorroztasun handiagoa izateko eskatu diote Europako Batasunaren zuzentarau horri. Horretarako, gai horri buruzko atal bat eskatu dute.

—————–

Zerk eragiten du disrupzio endokrinoa?

1. Pestizidak. Azaletik, sudurretik edo ahotik sartzen dira gorputzera; ohikoa da dermatitisa eragitea azalean. Gehienetan azaletik sartzen dira pestizidak gorputzean, bai haiekin zuzeneko kontaktua izanda, bai airean daudelako. Endosulfan delakoa jotzen dute arriskutsu handienekotzat. Asko erabiltzen dute nekazaritzan. Debekatuta dago herrialde batzuetan; Espainiak baimendua du.

2. Dioxinak. Zenbait produktu fabrikatzean sortzen dira dioxinak (herbizidak, antiseptikoak, egurra tratatzekoak…), eta zenbait gai erretzean (plastikoa, papera…). Errauste plantek, paper enpresek eta PVCa egiten duten lantegiek isurtzen dute dioxinarik gehien airera.

3. Bifenilo polikloratuak. Klorina dutelako jotzen dituzte arriskutsutzat. Batez ere transformadoreetan egoten dira, eta bereziki arriskutsuak dira transformadorea sutan badago.

4. Hexaklorobentzenoa. Gai kimikoak sortzean eta zaborrak erraustean eratzen da, eta pilatu egiten da gorputzean. Jakien edo airearen bidez zabaltzen da. Arrainei eginiko probetan agertu da kalte egiten duela.

5. Ftalatoak. Plastikoei elastikotasuna emateko erabiltzen dituzte: janaria gordetzekoei, jostailuei… Beste hainbat produktutan ere badira: kableak, tinta, kosmetikoak… Besteak beste, uteroari kalte egiten diote, eta esperma kaskartzen.

6. Alkilfenolak. Detergente modura erabiltzen dituzte industrian. Pinturan, plastikoetan, PVCan eta jantzietan daude, adibidez. Sistema immunologikoari kalte egin diezaiokete.

7. A bisfenola. Plastikoarekin egindako hainbat produktutan erabiltzen dute, egonkortzeko egokia baita. Ohikoa da honako produktu hauek A bisfenola izatea: elikagaiak biltzeko plastikoek, umeentzako edatekoek, urarentzako eta plastikoarentzako plastikozko botilek, sukalderako tresnek… Hainbat kalte ere eragiten ditu A bisfenolak, ikerketek egiaztatu dutenez: gorabeherak hilekoan, malformazioak, prostatako eta bularreko minbizia…

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.