Egilea: Yoseba Peña
Ilustratzailea: Amaia Ballesteros
Argitaletxea: Ibaizabal
Bilduma: Ekin
Urtea: 2013
ISBN: 978-84-8394-786-9
R: 7.094
Afrikara abiatuko da eleberriko protagonista gaztea, Berain, aitak proposatutako udaleku batera, Tanzaniako Arushara, hain zuzen. Berainen gurasoak bananduta daude eta gutxiagotan egoten da berarekin amarekin baino; ama, Amaia, ingeles irakaslea da herriko eskolan, eta aita, Asier, antropologian katedraduna da EHUn. Hori dela eta, aitak bidaia asko egiten ditu eta Afrikarekin maiteminduta dago. Gazteak ez du bere aita ulertzen, eta harreman gazi-gozoa dute.
Berainek mota guztietako abenturak bizi izateko aukera izanen du Tanzanian. Johann von Silk da udalekuaren arduraduna, eta, dirudienez, Kilimanjaroko diamantearen bila dabil. Arka Beltza aurkitu zuen espedizio mitikoko kidea da. Udalekuan herrialde batzuetako gazteak elkartuko dira, arraza ezberdinetakoak, oporrak elkarrekin pasatzeko. Haien artean, Emmy dago, von Silken alaba; berarekin zeharo maiteminduko da Berain lehen momentutik.
Gazteek safari bat egingo dute eta leku eder asko ezagutuko dituzte: Mamyara lakua, Ngorongoro sumendia, Serengeti parkea, Tanganyka lakua, masaien boma edo herrixka bat… Elefanteak, lehoiak, ñuak…; bertako animaliekin txundituta geldituko dira. Bidaian zehar, Afrikako kondaira, ohitura eta pasarte historiko batzuen berri izango dute.
Egunek aurrera egin ahala, Berainek imajinatu ere ezin zituen abentura arriskutsuak bizitzeko parada izango du, Kilimanjaroko diamantearen bila doazenekin nahigabe abiatuko baita. Errealitatearen ikuspegirik gordinena aurrez aurre ikusiko du, eta gazte inozoa izatetik gizakien alde iluna ezagutzera pasatuko da ezinbestez. Bere iniziazio-bidaia izango dela esan daiteke.
Gertakizunen erritmo narratiboa areagotuz joango da eta irakurlearen jakin-mina ez da bukaerara arte aseko.
Ikasleekin landu daitezkeen gaiak:
Arrazen eta herrien arteko begirunea, elkartasuna, gurasoen eta seme-alaben arteko harremana, gazteen maitasun-sentimendua, Afrikaren egoera, haur-soldaduen egoera… Antropologia zientziaz ere zerbait ezagutzeko aukera ematen du liburuak.
Afrika bere zenbait kondairaren, ohituraren eta gertaera historikoren bidez ezagutzeko parada ematen du liburu honek. Irakurle gazteek erraz egin ahal dute bat protagonista gaztearen ikuspegiarekin zein sentimenduekin.
Euskara txukunean idatzita dago (akats gutxi batzuk gora-behera) eta solasaldiak hika daude; beraz, erregistro ez-formala ere lantzeko aukera dugu.
gracias por el laburpen