Kolonietako nerbio-egoera

Estibalitz Ezkerra / 2014-05-25 / 677 hitz

Mendebaldearen presentziak Afrikako kolonietako subjektuen psikean izandako eragina aztertzen du Tsitsi Dangarembgaren ‘Nervous Conditions’ nobelak, orain artean aintzat hartzea saihestu den gai bati helduz.

Frantz Fanonen Les damnés de la terre (1961) liburuarentzat idatzitako hitzaurrean subjektu kolonialaren egoera etengabeko «nerbio-egoera» moduan deskribatzen du Jean-Paul Sartrek. Bestearen begiradak arrazializaturiko gorputzetik ihes egin nahiko luke subjektu kolonialak askatasunez bizi ahal izateko, baina bestearen begirada sarkorra bere izatearen barru-barruraino sarturik dauka. Bere pentsamendurik intimoenak ere ez daude bestearen eraginetik salbu: subjektu kolonialak bestearen ikuspegitik ulertzen du bere burua, gorrotatu egiten du bere burua, bere bizimodua bestearen balioen arabera gidatzen gogor saiatzen bada ere ez delako inoiz bestea izatera iristen, beraren modukoen bazterketan oinarriturik baitaude bere egin nahi dituen balioak eta, ondorioz, besteak bere buruaz duen ezagutza bera. Bestea da subjektu koloniala ez dena. Subjektu koloniala ezin da bestearen modukoa izan. Ezinezko egoera honek nerbio-egoera batera eramaten du subjektu koloniala; psikosiaren antzekoa dela esaten du Fanonek, baina kasu honetan subjektu kolonialaren beldurra bere existentziak berak eragiten du.

Subjektu kolonialaren nerbio-egoera du eztabaidagai, hain zuzen, Tsitsi Dangarembgaren (Mutoko, Zimbawe, 1959) Nervous Conditions (1989) nobelak izenburutik bertatik. 1960eko hamarkadaren amaiera eta 1970eko hamarkadaren hasiera artean kokaturik dago lana, Afrikako hainbat herrialde independentzia lortzeko prozesuan zeudenean. Herrialde horien artean zegoen Rhodesia (gaur egungo Zimbawe), Nervous Conditions-eko kokalekua. Rhodesia 1964an egin zen independente 41 urtez britainiarren agintepean egon ostean, baina britainiarren eragina ez zen egun batetik bestera desagertu. Aitzitik, kolonialismo garaian ume beltzentzat zabaldutako misioko eskolek Mendebaldearen balioak zabaltzen jarraitu zuten, kultura eta hizkuntza afrikarren kalterako. Alabaina, misioko eskola horiek ziren ume beltzek hezkuntza bat lortu eta beren bizi-baldintzak hobetzeko zuten aukera bakarra. Horregatik, sarrera gastuak ordaintzeko dirurik eduki ez arren, Tamburen familiak ahalegin handia egiten du bere neba Nhamo eskolara bidaltzeko. Neba baino azkarragoa dela ziur da Tambu, baina neska izanik jakin badaki bere familiak ez lukeela inoiz bere hezkuntzaren alde sakrifiziorik egingo. Neska izanik bere egitekoak dira baserriko lanez eta neba-arreba gazteen zainketaz arduratzea. Eskolara joateko aukera helduko zaio, hala ere, neba hiltzen denean. Hortik aurrera errotik aldatuko da Tamburen bizitza.

Misioko eskolara joan bitartean osaba Babamukuru, haren emazte Maigururen eta bikotearen alaba Nyasharekin biziko da Tambu. Familia osoaren errespetua du Babamukuruk, gizon hezia delako. Hain zuzen, emazteak eta berak Ingalaterran ikasketak burutu zituzten Nyasha haur bat besterik ez zenean. Ama-alabarentzat traumatikoa izan zen Afrikarako itzulera. Maigururentzat emakume independente izatetik familiako kide guztientzat garbitu eta sukaldatu behar zuen emakumea izatera igaro zelako; Nyasharentzat emakume eta beltz izaten ikasi behar izan zuelako. Babamukuruk afrikarren ohitura eta sineskeria zaletasunari egozten die bere familiako emakumeek bizi duten krisialdia. Zurien antzera jokatu behar dutela uste du berak, modu horretan bakarrik egingo du herrialdeak (eta bere familiak) aurrera. Ikasketetan aurrera egitea erabaki badu ere, Tambuk zalantzak ditu osabak zurien jakintza ereduan duen fede itsuan. Bere nota altuengatik herrialdeko eskola onenetako batera joateko aukera sortzen zaionean osaba Babamukuruk defendatzen dituen ideien kontrako mesfidantza areagotuko zaio, ohartzen baita familia kideen arteko harremana gaiztotu egin dela ideia horien ondorioz.

Nyasharen sufrimendua

Nyasha da familia kideetatik gehien sufritzen ari dena. Oporren aitzakian etxera itzultzen den batean erabat argal aurkituko du Tambuk lehengusina. Haren gaixotasunaren nondik norakoak galdetutakoan jateko arazoak dituela esango dio osabak, eta tratamendu psikiatrikoa jasotzen ari dela haiek gainditzeko. Tambuk, ordea, jakin badaki Nyasharen gaitza askozaz sakonagoa dela eta beldur da ez ote den bera ere gaitz horren menpe eroriko, ez ote den herrialdeko hainbatek, gizon zein emakumek, jasaten duten nerbio-egoera jasaten hasiko.

Fanonen lanak subjektu kolonialaren psikearen inguruan informazio argigarria eman arren, denbora luzez Mendebaldeak ez du aintzat hartu kolonia ohietan sorturiko kasu psikologikoetan kolonialismoak berak izandako eragina. Aitzitik, psikologian eta psikiatrian erabiltzen den hizkuntza (buru-gaixotasunen diagnostikoa eta tratamendua) unibertsala dela iritzita, horren arabera artatu izan dira kolonia ohietako gaixoak.

Baina trauma eta mundu poskolonialaren inguruan berriki argitaraturiko lanean Stef Crapsek salatzen duen bezala, jatorri geografiko (geografia modu politikoan ulertuta, hain zuzen ere) eta historikoak diziplina baten sorreran eta garapenean duen eragina aintzat hartzen ez denean, nekez lortuko da aldaketarik. Nervous Conditions-ek azaltzen duen moduan, Afrika beltzak dituen arazo guztien atzean (sexismoa, esate baterako) Mendebaldea ez badago ere, azken horrek beltzen psikean izan duen eragin suntsigarria ezin da gutxietsi.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.