Arantxa Iraola / 2014-05-14 / 905 hitz
Uraren kudeaketa maiz egin da ustezko garapen industrial eta ekonomikoaren irizpide estuek zedarrituta; bestelako ikuspegi baten aldekoek argudio sendoak ematen dituzte, ordea, aldaketarako. Leandro del Moralen mintzoa arrazoibide horien jiran ardazten da.
Euskal Herrian izan da Leandro del Moral (Ciudad Real, Espainia, 1953). Katedraduna da Sevillako Unibertsitatean (Andaluzia, Espainia), Giza Geografiako atalean. Itzal handia du garapen eredu desarrollistaren irizpideak alboratu eta uraren kultura berri bat proposatzen duten adituen artean, eta horri buruz mintzatzera etorri da. Urak, ibaiak eta herriak erakusketaren harira Donostiako San Telmo museoan antolatu diren hitzaldietako batean aritu zen, esaterako, lehengo ostegunean. EHUko Bizkaiko Errektoreordetzak ere lagundu du bisita antolatzen, eta, ostiralean, Leioako campusean izan zen (Bizkaia).
Europako Parlamentuak eta Europako Kontseiluak 2000. urtean onetsi zuten Urari Buruzko Esparru Zuzentaraua. Esan duzu uraren kultura berri baterako abiapuntu egokitzat hartu izan duzuela. Baina zenbateraino ari da izaten eraginkorra?
Mugarri bat izan zen; benetako paradigma aldaketa bat. Esperantza handia genuen guk jarria. Zuzentaraua ez da deklarazio bat, ez da gutun bat ere: lege bat da, eta estatu bakoitzak horren araberako legeak egin beharko lituzke. Egun egiten dugun balorazioa gazi-gozoa da, ordea. Europako erdialdean, adibidez, arazo handia da oraindik ere ibai asko eta asko moztuta daudela zentral hidroelektriko ugari daudelako. Hemen, gertuago, ureztatzeen intentsifikazioa da arazo agerikoa, Araban eta Nafarroan, adibidez. Horrek urtegi handiak jartzea ekarri du: hortxe ditugu, esaterako, Esa eta Itoizko azpiegiturak.
Zerbitzuei buruz mintzo zara zu…
Ingurumenaren zerbitzuak dira, ekosistemikoak. Ura ateratzea, esaterako, zerbitzu bat da; baina ur gutxiago edukitzea dakar, eta horrek ekar dezake, adibidez, arrain gutxiago egotea eta arrainen zerbitzua urritzea. Edo akuiferoetako ura agortzea ere ekar dezake, eta, ondorioz, lur azpiko uraren zerbitzua urritzea, eta horrek itsasora doazen sedimentuak gutxitu ditzake, eta, ondorioz, hondartzak bere onera ekartzeko zerbitzua ahuldu daiteke. Zerbitzuak dira guztiak. Ez daude gauza onak eta txarrak: ez dago eragin gaiztorik, eta natura gaixoa hor sufritzen. Ez, ez. Ingurumenaren zerbitzuak dira guztiak. Zerbitzu horiek kuantifikatzea da kontua, eta mesede nori egiten dioten aintzat hartzea.
Egokiak ez diren jarduera asko kritikatu dituzue, eta ibai eta paduretan horien ondorioak nabarmenak dira. Atzera bueltarik gabeak al dira?
Badute atzera buelta. Obra hidraulikoen kasuan, esaterako, posible da urtegiak eraistea; martxan badaude era horretako esperientziak. Jada aski etekin atera zaien presak eraitsi izan dituzte, esaterako, Galizian eta Duero ibaian, baita Euskal Herrian ere. Eraitsi egiten dira, ibai horiek lehengora itzul daitezen.
Eta itzul al daitezke lehengora?
Bai, ezin hobeki. AEB Ameriketako Estatu Batuetan, esaterako, egun, ingeniaritza zibilaren jarduera gehienak, arlo hidraulikoan, presak eraisteko izaten dira. Hori bai: urtegi bat egitea bezain garestia da urtegi bat eraistea; izan ere, milioika tona sedimentu egoten dira, kutsatuta usu. Hori dena kudeatu egin behar da. Baina eraitsi, utzi, eta ibaiak lehengora itzultzen dira. Era horretako jardunbideek lan handia emango diete etorkizuneko ingeniariei; ja ari dira alor horietan martxan.
Ibaietan obra asko egin izan dira iragan hamarkadetan uholdeen beldur. Zein neurritan izan ziren gehiegikeriak lan klase horiek guztiak?
Gehiegikeriak egin ziren; horretan ez dago zalantzarik. Ikerketa askok erakusten dute obra horiek segurtasun sentipen faltsua ekarri dutela. Lan asko egin ziren, esaterako, ibaiak kanalizatzeko: ibaien bideak zuzendu, hormigoiz bete eta, hartara, ibaien abiadura bizkortzea lortu zen, altuera gutxiago har dezan urak, eta, hartara, uholde arriskua murrizteko. Zenbait kasutan ezinbestekoak izan dira horrelakoak. Baina inertzia horri lotuta, toki berri askotan eraikitzen jarraitzeko ere erabili dira sarritan obra horiek… Eta garbi izan behar da ibaiak lekua eskatzen duela; lehenago edo geroago, lur horien jabea bera dela erakutsiko duela. Horregatik, herrialderik aurreratuenetan, eta alorrean tradizio handiena dutenetan —esaterako, Herbehereetan—, defendatzen dute ibaiei beren lekua eman behar zaiela eta gero malgutasuna izan behar dela hondamenak badatoz, aurre egiteko. Epe luzera, seguruena horixe da. Hondamenak etortzea ezingo da inoiz erabat saihestu; beti gerta daiteke ordura arte parekorik izan ez duen tamainako hondamendi bat, batez ere egun, klima aldaketaren arriskuekin muturreko fenomenoak ugaritzen ari baitira.
Erabaki garrantzitsuak dira uraren ingurukoak, eta aldagai askok dute eragina. Nork hartu behar ditu?
Erabaki zailak dira, bai, konplexuak. Duda-mudakoak ere bai sarritan; inoiz ez dakizu, seguru, zer gerta daitekeen. Horregatik, garrantzitsua da gizarteko eragile guztien partaidetza sustatzea.
Zenbateraino da berria zuek proposatzen duzuen uraren ikuspegia? Ez da, hain justu, desarrollismoaren aurreko urteetara itzultzea?
Bai, bai, halaxe da. XX. mendean izan zen aldaketa hormigoiak ekarri zuen, batez ere, XIX. mende amaieratik aurrera, eta XXI. gizaldiaren hasierara arte iraun du. Egun, egoera ebaluatzen ari gara beste jarrera batekin; teknologia eskura badago ere, ez erabiltzea da proposamena. Gauzak beste era batera egitea da helburua, eta, ahal bada, lehengora daitezkeen gauzak lehengoratzea. Hein batean, krisiak berak aldaketa hori lagun dezake. Ikusi beharko da, hala ere, benetako jarrera aldaketa bat dakarren.
Uraren kudeaketa, gero eta gehiagotan, esku pribatuetan dagoela diozue. Zein arrisku ditu horrek?
Bai, udal asko, egoera ekonomiko larriak itota, uraren kudeaketa pribatizatzen ari dira. Jereztik nator (Andaluzia, Espainia), eta hango udalak, uraren zerbitzua pribatizatuta, 40 miloi euro eskuratu berri ditu. 25 urterako hartu du enpresa pribatu batek kudeaketa, eta badaki urte horietan diru hori dena berreskuratu eta, gainera, dirua eskuratuko duela. Negozio handia da ura. Inork ezin dio uko egin; eta monopolioa da, gainera, enpresentzat, uraren sare bakar bat baitago. Uraren pribatizazioak herritarra bezero bihurtu du. Enpresa pribatuek, gainera, sarri askotan, ez dute sentitzen inori azalpenik eman beharrik. Izan ere, krisiak itota aldaketa egin duten hiri eta erakundeek nekez jarriko dituzte baliabideak enpresa horien jarduerak kontrolatzeko. Eta enpresak, jakina, tarifak igoko ditu; beti igotzen dituzte tarifak. Ondorioz, daukagun egoera ekonomikoan, zenbait sektore badaude dagoeneko ordaindu ezinik. Jerezen, esaterako, uraren zerbitzua pribatizatu zenetik, ezin ordaintzeagatik eginiko ur mozketak lau aldiz handitu dira.