Koldo Nuñez / 2014-05-15 / 650 hitz
Aurtengo apirila geologikoki oso aktiboa izan da Pazifikoko plakaren ertzetan, eta bertan inoiz baino lurrikara gehiago detektatu dira. Horietako batzuk oso indar handikoak izan dira, eta Txilen bertan 8ko indarrera iritsi dira Richter eskalan. Ez dakigu zergatik areagotu den plaka horren aktibitate sismikoa, eta ez dakigu sumendiak piztuko ote dituen.
Plaka horren inguruan oso sumendi indartsuak daude, esaterako Indonesiako Krakatoa. Horretan, 1883an, azken mendeotan egon den erupziorik indartsuenetako bat piztu zen. Baina badaude inguruan beste sumendi indartsu batzuk, esaterako Filipinetako Pinatubo sumendia. Han, 1991ko ekainean, erupzio handi bat piztu zen, eta errautsak eta gasak mundu osoko estratosferara iritsi ziren, kopuru handietan. Ondorioz, planetaren azalaren batez besteko tenperatura jaitsi egin zen 0,5º C hurrengo hilabeteetan. Pinatubo sumendia Pazifikoko plakaren ertzaren ondoan dago. Baina munduko plakak ez daude bakartuta, elkarri josita baizik, eta batean gertatzen denak oihartzuna izan dezake beste plaketan. Iberiar penintsula bera plaka txiki batean dago, eta Eurasiako eta Afrikako plaken artean kokatuta.
Eurasiako plakaren jarduera gehiena Atlantikoaren erdian eta Mediterraneoan izaten da, esaterako Islandian eta Italian. Bada Islandian Katla izeneko sumendia. Azken mila urteotan 16 erupzio ikaragarri handi izan ditu, azkena 1918an. Erupzio batetik bestera 40 eta 80 urte artean pasatu izan ohi dira, baina oraingoan, maiztasun hori ez da bete, eta 100 urtera hurbiltzen ari gara. Nonbait, sumendiaren azpian hurrengo erupziorako materiala metatzen ari da. Katlaren erupzio guztiak ikaragarri indartsuak izan dira, eta gehienetan, Eyjafjallajökulull sumendiaren erupzioen ondoren gertatu dira. Horrek erupzio ikusgarria izan zuen duela lau urteko udaberrian, 2010ean hain zuzen ere. Orduko apirila eta maiatza amesgaizto baten moduan gogoratuko dute luzaro Europako aireportuetan. Sumendiak jaurtiriko errautsek ia zortzi kilometroko alturako hodei bat altxatu zuten, eta ehunka, milaka kilometrotara zabaldu zen haizeek bultzatuta Europa gehienaren zeruetara iritsiz. Asteetan, milaka hegaldi bertan behera utzi zituzten, eta galera ekonomiko oso handiak izan ziren. Erupzio gehienetan bezala, aurreko hilabeteetan lurrikarak sumatu ziren maiz, eta haien jatorria Eyjafjallajökulull sumendiaren inguruetan kokatu zen. Lurra puztu egin zen, eta etengabe altxatu, erupzioa lehertu arte. Hala ere, neurri gabean ustekabean harrapatu zituen zientzialariak eta agintariak, indar txikiagokoa eta, hortaz, eragin txikiagokoa izango zelakoan. Erupzio ikusgarria izan zen, baina inolaz ere ezohikoa tamaina aldetik eta edozein egunetan berriro gertatuko dena. Ez zen espero, eta ez zen aurreikusi. Begi gehienak beste sumendi bati ari ziren so egiten, Katla sumendiari hain zuzen ere. Katlak, laster baina ez dakigu oraindik noiz, erupzio ikaragarri handia izango du. Ez dakigu noiz, baina zalantzarik gabe hurrengo hilabete edo urteotan gertatuko da, eta oso kaltegarria izan daiteke. Sumendia monitorizatuta dago, eta etengabe ari dira ikerketak egiten.
Baina bada Europan beste sumendi arriskutsu bat, Italiako hegoaldeko Vesuvio mendia. Hori ezaguna dugu 72 urtean Ponpeia eta Herculanum hiriak betiko suntsitu zituelako eta milaka lagun hil, artean euskaldunak ezagutu zituen Plinio Zaharra hura aztertzera joan zenean. Erupzio handia izan zen, baina are handiagoa izan zen 1631koa, eta haren errautsak Europa hegoalde osora zabaldu ziren. Ondoren, hainbat erupzio txiki edo ertain izan dira, azkena 1944an. Batez beste, 60 urteko maiztasunarekin gertatu ohi dira, eta honetan ere epea pasatu da oraindik erupzioa piztu gabe. Hala ere, Napoliko badiaren ertzetan azken hamarkadetan kosta dezente igo da leku batzuetan. Kai batzuetan itsasoaren azalean bizi diren molusku litofagoen higaduraren maila egungo mailatik metro pare bat gorago dago jada. Ez dago argi noiz gertatuko den hurrengo erupzioa, baina badirudi badiaren azpian magma kopuru handia ari dela pilatzen sakonera txikian. Dagoeneko lehorretik badia erdirantz hasiak dira zundaketa zulatzen informazio bila. Vesuvioren oinetan hiru milioi lagun bizi dira gaur egun, horietako milioi bat menditik oso gertu. Azken milaka urteotan Vesuviok ez du azken 500 urteotan izan duen aktibitate txikia, eta horrek alarma piztu du zientzialarien artean, zerbait gogorraren ataria izan daiteke eta. Europak baditu gutxienez bi sumendi indartsu etorkizun labur batean oso erupzio handiak sor ditzaketenak, Katla Islandian eta Vesuvio Italian. Haien erupzioak izugarri bortitzak izan daitezke, eta ezin gaituzte lotan, prestatu gabe harrapatu. Eyjafjallajökulullek eman zigun abisua, hurrengoan askoz okerrago izan daiteke. Sumendiak erdi lo dauden bitartean, gu ezin gara lo egon.