Ane Urrutxikoetxea / 2014-05-08 / 396 hitz
2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusiak emana liburu batean eta CD batean argitaratu du Bertsozale Elkarteak.
Bertsozale Elkarteak 1986an lehen Bertsolari Txapelketa Nagusia antolatu zuenetik, lau urtean behin liburua argitaratu du, lehiaketan botatako bertso esanguratsuenak bilduz. Liburuarekin batera, azken urteetan bestelako euskarriak ere erabili ditu, hala nola DVDak. Aurten, elkarteko kideen eskaerei erantzunez, CDa ere argitaratu dute, eta bertan entzungai izango dira liburuan jasotako bertso guztiak. Dena den, txapelketako irudiak ikusi nahi dituenarentzat bideoak ikusgai dira elkarteko webgunean. Lanku Kultur Zerbitzuak prestatu du liburuaren edizioa, eta txapelketan kantatutako 800 bertso inguru bildu dituzte, finaleko bertso guztiak barne. Horrekin batera, hainbat kolaboratzailek txapelketaren inguruko kronikak, argazkiak, analisiak eta iritziak jaso dituzte liburuan, Gari Garaialde eta Alberto Elosegiren argazkiekin. Guztira, 500 ale prestatu dituzte, 20 eurotan saltzeko (hamabost euro elkarteko bazkideentzat).
Jon Agirresarobe Bertsolari Txapelketa Nagusiaren koordinatzailearen arabera, zaleen eskaerei erantzunez erabaki dute bertsoak MP3 formatuan argitaratzea: «Aurrekoetan DVDa atera izan dugu, baina gaur egun horrek ez dauka zentzurik, jendeak baduelako bideoak Interneten ikusteko aukera. Aldiz, bertsozale askok CDa kotxean edo etxean entzun nahi dute».
Xenpelar dokumentazio zentroak koordinatu du liburuaren egitura, Arnaitz Lasarte, Rosita Anakabe eta Maria Izagaren transkripzioekin. Bertatik egindako lana ezinbestekoa izan da liburua aurrera ateratzeko, Felix Irazustabarrena bertso edukietan aditu eta kazetariaren esanetan: «Txapelketa bakoitzeko liburu bat argitaratu dugun arren, zenbaki bakoitza ezberdina da, txapelketaren eta garaiaren arabera egin delako. Horregatik, oso garrantzitsua izan da Xenpelar dokumentazio zentroak egindako lana». Liburu mardula argitaratu du elkarteak, bertsolaritzan adituak direnen iritzi eta analisiekin. «Ez da kolpe bakarrean irakurtzeko liburua; zaleek eta bertsolaritza ikasleek zatika irakurriko dute liburua, eta kontsultak egiteko erabiliko dute. Lagungarria izan daiteke bertsoen inguruan prestaketa lanetan dabilenarentzat».
Irazustabarrena izan da bertsoak hautatzeko arduraduna, eta saio bakoitzeko agerraldirik onenekin batera, bertsoen testuingurua gehitu du liburuan. Horrela, saio bakoitzeko 10-11 bertso bildu ditu, saio bakoitzeko bertso kopuruaren orekari eutsiz.
Villabonako Mintzola fundazioko ikerlari Karlos Aizpuruaren esanetan, aurreko edizioetan ez dute horrenbeste ikerketa lan bildu. «Guztira, hamalau analisi daude liburuan, eta horrekin batera, txapelketan erabilitako sei doinu eta hiru neurri berri txertatu ditugu». Doinu horiek Joanito Dorronsorok eta Martin Aramendik identifikatu dituzte.
Fundazioko ikerlari bakoitzak bere ikerketa lerroa jarraitu du. Liburuan parte hartu dute EHUko Ixa taldeak eta Jone Miren Hernandez, Xabi Paia, Teresa del Valle, Jexus Larrañaga eta Olatz Mitxelena ikerlariek, Herrialde Katalanetako Anais Falco, Chritsian Simelio eta Pere Bescosekin batera. Horrez gain, Xabier Sukiak, Gorka Azkaratek, Joxerra Garziak, Arkaitz Goikoetxeak eta Andoni Egañak bertsogintza aztertu dute.