Zigarro elektronikoa kaltegarria ote?

Jabier Agirre / 2014-05-06 / 759 hitz

Tabakoaren ordezko moduan sortu dute, eta berehala agertu dira aurkako iritziak. Zenbait adituk eragin kaltegarriak aipatu dituzte; kontsumoa erregulatzeko legeak ere agertu dira. Goiz da, hala ere, erabateko erantzuna emateko.

Gero eta gehiago dira erre ordez zigarro elektronikoa erabiltzen dutenak. Beren tabako kontsumoa murrizten saiatzen diren erretzaileak dira erabiltzaile nagusiak, oraingoz hori baita erretzearen antza handiena duen ordezko metodoa. Baina hasieran erretzeko ohitura albo batera uzteko alternatiba egokia zirudienak baditu itxuraz bere eragozpenak eta kalteak ere.

Nola funtzionatzen du?

Zigarro elektronikoa substantzia likidoen nahaste batek osatutako zilindro bat da, funtsean. Likido horiek berotzen direnean sortzen den bapore edo lurruna da erretzaileak tabako kearen modura aspiratzen duena. Eta hortxe dago metodo berriaren arrakasta: tabakoaren alderdi kaltegarririk gabeko ohiko zigarro bat erretzen ari delako ustea edo ilusioa sortzea.

Zigarro horrek zer dauka?

Oraingoz arautegi finko eta espezifikorik ez dagoenez, zigarro elektroniko horietan erabilitako likidoen konposizioa oso aldakorra izan daiteke. Orokorrean, zigarro elektronikoen karga ondorengoa izan ohi da: ura, nikotina (aukerakoa) eta hainbat substantzia kimiko (propilenglikola edo glizerina, esaterako). Eta gai horiek aho bidez hartuz gero kaltegabekoak diren arren, ez dakigu oraindik oso ongi inhalazio bidez zer-nolako eraginak izan ditzaketen.

Epe labur eta luzeko ondorioak

Zigarro elektronikoaren eraginak eta ondorioak aztertzeko orduan daukagun arazo nagusia da oso gutxi direla gai horri buruz egindako ikerketak. Ezjakintasun horren aurrean, zuhur jokatzea dirudi biderik onena, eta horixe da, hain zuzen ere, osasun adituek eta agintariek aukeratu dutena.

Toxinak.

Konposizio batzuetan ez da nikotinarik agertzen, eta agertzekotan ere, beti tabakoan baino proportzio txikiagoan izango da. Gai toxikoen edukia ere zigarro normalarena baino txikiagoa da, baina, hala ere, ezin esan daiteke zigarro elektronikoak erabat kaltegabekoak direnik.

Aldaketak biriketan.

Espainiako Pneumologia eta Kirurgia Torazikoko Elkarteak ohartarazi duenez, epe luzera zigarro elektronikoek biriketan eragin ditzaketen aldaketak tabakoak eragindakoen oso antzekoak dira. Gainera, haren konposatuek eztarria edo arnasbideak urratzen dituzte, eztula edo itobeharra sorraraziz.

Kantzerigenoak al dira?

Ameriketako sendagai edo medikamentuen agentzia nagusia den FDA erakunde ospetsuak txosten batean dioenez, zenbait markak potentzialki kantzerigenoak diren substantziak dauzkate beren konposizioan, dietilenglikol izenekoa adibidez (eragin kartzinogeno hori zientifikoki praktikan oraindik frogatu ezin izan den arren).

Erretzaile pasiboak.

Zigarro elektronikoek airea kutsatzen dute, ohiko zigarroek baino neurri txikiagoan bada ere. Botatzen duten ur-lurruna ere ez da erabat sanoa. Horregatik emanazio horien esposizio pean dauden pertsonek zigarro horietatik ateratzen den nikotina eta gainerako osagai kaltegarriak irentsi edo absorbitzen dituzte, horrek ekar ditzakeen kalte posible guztiekin.

Tabakoaren ordezkoa

Esandako guztiagatik, zigarro elektronikoak ez du aparteko arrakastarik lortu tabakoaren ordezko gisa. Osasunaren Munduko Erakundearen arabera, metodo hori erabiltzen duten pertsonen % 1ek soilik lortzen du, azken finean, bi azturak (tabakoa erretzea, batetik, eta zigarro elektronikoa erabiltzea, bestetik) bertan behera uztea. Zigarro elektronikoaren fabrikatzaileek berek onartzen dute ezin erabil daitekeela nikotina ordezteko terapia moduan, zigarro tradizionalen alternatiba gisa baizik.

Mekanismo erraz bezain eraginkorra

Lehen esan bezala, zigarro elektronikoa altzairu herdoilgaitzezko zilindro bat da, hainbat atal edo zati dituena:

Ahokoa: Lurruna inhalatzeko balio du.

Aktibazioko botoia: Erabiltzaileak botoi hori sakatzen du zupada bat eman nahi duen bakoitzean, eta era horretan mekanismo osoa martxan jartzen da.

Baporizadorea: Likidoa bere barruan hartzen duen depositu moduko bat da, eta erresistentzia baten bidez likidoa berotu egiten da, lurruna lortzeko.

Bateria: Baporizadorea hornitzeko, sistema guztiak funtziona dezan. Litiozkoa da, behin eta berriz kargatzeko modukoa. Dena den, 8-9 ordu bitarteko autonomia dauka.

Adoleszenteen artean, gero eta arrakasta handiagoa

Gailu hauen erabiltzaile gehienak erretzaile ohiak edo euren tabako kontsumoa gutxitu nahi duten erretzaileak diren arren, adituek diotenez, gero eta gehiago omen dira zigarro elektronikoaren ohitura horretan hasten diren gazte eta nerabeak.

Hasiera goiztiarra. Zigarro elektronikoaren salmenta 18 urtez azpikoen artean debekatua dagoen arren, azken estatistikek diotenez 11 urtetik 18 urtera bitarteko gazteen % 6,8k probatu omen dituzte noizbait zigarro horiek.

Zapore erakargarriak. Gaixotasunak Kontrolatu eta Prebenitzeko Zentroaren txostenaren arabera, bi dira gazteen artean moda berri hau hain erakargarria gertatzeko arrazoi nagusiak: zapore bariatuak eta erakargarriak eskaintza (txokolatea, menta, banilla, etab.), batetik, eta tabako arrunta baino ohitura light edo arinagoa izatea, bestetik.

Arriskuak. Zenbaitetan, hasierako zigarro elektronikoek ondoren tabakoaren kontsumoan hastea erraztu dezakete. Kontuan hartu behar da, era berean, nikotina dutela zigarro elektronikoek, eta adin txikikoen garuneko garapenean ondorio negatiboak izan ditzaketela.

Legez, non erabil daiteke zigarro elektronikoa?

Gailu horien inguruan dagoen hutsune legala nolabait betetzeko, erabilera baterako edo espazio eta guneetan komuneko zigarro elektronikoaren erabilera erregulatzen duen arautegi bat onartu berri da.

Ezingo da zigarro elektronikorik erre administrazio publikoetako zentroetan, osasun zentro eta ospitaleetan, ikastetxeetan (salbuetsita geratzen dira unibertsitateak eta helduen formazio edo trebakuntzako zentroak), haurren jolas parkeetan eta garraio publikoko ibilgailuetan.

Erre ahal izango da taberna eta jatetxe moduko establezimendu publikoetan.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.