Ziztada transgenikoa

Iker Tubia / 2014-05-07 / 1.397 hitz

Dengea kutsatzen duten ‘aedes aegypti’ eltxoak akabatzeko, genetikoki eraldatutako arrak askatu nahi ditu Brasiliak. Hala ere, ondorioak ezin dira aurreikusi.

Aedes aegypti jomugan du Brasilek. Eltxo hori dengea kutsatzen duen intsektu nagusia da. Gaixotasuna anitz zabaldu da azken hamarkadetan, OME Osasunaren Munduko Erakundearen arabera. Asiako hego-mendebaldea eta Ozeano Bareko mendebaldeko herrialdeak dira dengea gehien zabaldu diren tokiak. Besteak beste, Brasil. Orain, naturari ziztada transgenikoa eman nahi diote: genetikoki eraldatutako eltxo arrak askatu nahi ditu Brasiliak aedes aegyptiren populazioa izugarri murrizteko. Modu horretan ugalketa prozesua eten nahi dute. Adituek diotenez, alde onak eta txarrak ditu egitasmoak, baina ezin da aurreikusi zer ondorio ekarriko dituen, ezta dengea bukatzeko neurri eraginkorra izanen denetz. Horregatik, talde ekologista batzuek egitasmoa bertan behera uzteko eskatu dute, badaezpada ere.

Proiektua Oxitec enpresa britainiarraren eskuetan dago. Berak sortu ditu OX513A eltxo arrak, eta, oraingoz, Brasilgo Zientzia Ministerioaren baitako Biosegurtasunerako Batzorde Nazionala intsektu transgeniko horiek komertzializatzearen alde agertu da. Polemika piztu da, baina. Batzuek ez dute begi onez ikusten genetikoki manipulatutako animaliak askatzea. Hala ere, Brasilgo Gobernuak enpresak egin dituen entsaioak azpimarratu ditu neurriaren alde egiterakoan. Horietako bat Juazeiro herrian egin zuten, eta eltxo transgenikoak askatuta mota horretako animalien populazioa %81 eta %93 artean jaitsi zen. Enpresak, baina, ezin du ziurtatu horrek denge kasuak murriztuko dituenik.

Aurretik hainbat saio egin dira aedes aegyptiaren populazioa murrizteko. Lehenbiziko entsaioetan ar antzuak askatu zituzten, baina ez zuen aurrera egin, ar ugalkorren aurka lehiatzen baitziren. Ana Agirre EHUko biologia irakasleak azaldu duenez, emeentzako ez ziren erakargarriak, seguruenik antzuak zirelako eta erradiazioa jaso zutelako. Beste bide bat hartu zuten orduan: gene hilkorrak sartu zizkieten eltxo arrei. Bi gene sartu dizkiete: batetik, larba kumeek fosforeszentzia sortu dezaten eta, hartara, haien jarraipena egitea errazago izan dadin. Bestetik, proteina hilkor bat sortzen duen genea, emeekin ugaldu ondoren kumeei pasatzen dietena.

Gene horiek sustatzaile baten beharra dute. Sustatzaile horrek genea itzalita mantentzen du tetraziklina baldin badago, baina piztu egiten da sustantzia hori ez dagoenean, eta orduan eltxoa hiltzen du. Laborategian ez dira hiltzen tetraziklina ematen dietelako, baina kanporatzen dituztenean, inguruan ez dagoenez tetraziklinarik, hil egiten dira hiruzpalau egunetan. «Denbora aski dute emeak ernaltzeko, arrautzak jarri eta larbak hasteko, baina larbek ez dutenez tetraziklinarik, ez dute hazteko aukerarik», azaldu du Agirrek.

Irakaslearen arabera, Brasilgoa erabaki politikoa da. «Hildakoak daude, eta asko dira kaltetuak». Hamarkadak daramatzate dengea kutsatzen duten eltxoen populazioa murriztu nahian, eta 50eko urteetan lortu zuten. Orain arte intsektizida kimikoak erabili dituzte. «Hori ez da doakoa hondakinei eta inguruaren kutsadurari dagokionez. Orduan, hau beste estrategia bat da, alde onak eta txarrak dituena noski; ez da neutroa, baina arazoan eskurik ez hartzea ere ez da neutroa».

Gripe tankerako gaixotasuna da dengea, eta jaioberri, haur txiki eta helduak jo ditzake. Dena den, ez da oso hilgarria. OMEren datuen arabera, urtero 500.000 lagunek izaten dute denge larria, eta kasu horiek ospitalean artatzen dituzte. Horietatik %2,5 hil egiten da. Brasili dagokionez, 1976tik izugarri zabaldu da aedes aegypti eltxoa, inguruaren baldintzengatik, batik bat urbanizazio azkarrarengatik. Horrek gaixotasuna urtetik urtera asko zabaldu du. 2013an 1,4 milioi lagunek izan zuten gaixotasun hori. Aurtengo urtarrila eta otsailean, baina, %80 jaitsi dira kasuak aurreko urteko hilabete horietan izandakoekin alderatuta. Hala ere, Osasun Ministerioak prebentzio neurrien beharra azpimarratu du.

Transgenikoaren zalaparta

Arturo Elosegi EHUko ekologia irakasleak begi onez ikusi du Brasilen hartu nahi duten neurria: «Itxuraz nahiko ziurra beharko luke». Haren aburuz, ideia hori ez da berria, baina bada hitz berri bat: transgenikoa. Hain zuzen ere, hitz horrek beldurra eragiten du, haren iritziz. «Horrek esan nahi duen bakarra da gene batzuk aldatu zaizkiola, kontua da zer gene eta zer egiten duten gene horiek. Kasu honetan, gene horrek antzutasuna ematen dio, eta horrek ziurtasuna ematen du».

Agirrek, berriz, alde onak eta txarrak daudela nabarmendu du. Haren aburuz, neurria ona izanen da dengea murrizteko helburua lortuko balu, baina ez dago frogaturik hori hala izanen denik: «Eltxo hauen populazioa gutxitzeko metodo gisa entsaioen arabera ongi funtzionatu du, baina ez dago argi horrek dengearen infekzioa murriztuko duen, ez baita gaixotasuna kutsatzen duen eltxo bakarra». Hala ere, fumigatzeekin-eta eltxoak bizi diren eremuak idortzen jarraitzeaz aparte ez du alternatiba gehiagorik ikusten.

Ez du berdin uste Greenpeace talde ekologistako Luis Ferreirimek, eta eltxo transgenikoak erabiltzea «irtenbide faltsua» delakoan dago: «Momentu honetan eta halako gaixotasunen aurrean, inbertsioak behar dira, sendagai eta bakuna eraginkorrak sortu ahal izateko». Haren aburuz, informazio falta dago, datu guztiak Oxitec enpresak emandakoak baitira, eta ez dago informazio independenterik gertatuko dena aurreikusteko. Berak beste asmo batzuk antzeman ditu erabaki hauen atzean. «Argi dago beste interes batzuk daudela. Enpresa hauek ez dira interes orokorra babesteko lanean aritzen, lehenbizi, haien onura ekonomikorako baizik». Ferreirimek bezala, Agirreren aburuz, informazioa ezinbestekoa da edozein erabaki politiko hartzerakoan. Biologia irakasleak ez daki zein informazio den Brasilen zabaltzen ari dena.

Greenpeacek eltxo transgenikoek ekar ditzaketen ondorioen inguruko zalantzak nabarmendu nahi izan ditu. «Gizakiak egin dituenen aurrean natura jakintsua izan da: herbizidak onartzen dituzten laboreekin erresistentzia garatu duten sastrakak sortu dira, ikusi ditugu transgenikoak jasaten dituzten eltxoak…». Erantzunik gabeko galdera gehiago egin ditu: «Zer gertatuko litzateke eltxo transgenikoek naturan tetraziklina aurkituko balute? eta zer gertatuko da bere nitxo ekologikoarekin?».

Bada irakasleak eta ekologista ekintzailea bat datozen puntu bat: naturan egiten den edozein azterketa kontu handiz egin beharra dago. Elosegik esan du ezin daitekeela aurreikusi zer gertatuko den, baina gauza bat argi dago: «Espezie bat murrizteak beti dakar ondorioren bat: bere lehiakide bat ugaritu daiteke edo bere harrapakari bat murriztu daiteke». Agirrek ere ohartarazi du ar antzuak askatzea kontrolik gabeko neurri bat dela: «Efekturen bat balu, oso garrantzitsua izanen dela pentsa dezakegu, naturan askatzen dituztelako eta organismo kopurua oso handia delako».

Horregatik, Ferreirimen aburuz, Brasil laborategi handi bat bihurtu nahi dute. Baina laborategi horrek ez du aterik, eta mundu osora zabaldu litezke ondorioak, baleude. «Behin naturan askatuta oso zaila izanen da atzera egitea», ohartarazi du. Gogora ekarri du enpresa berak euli transgenikoak askatu nahi izan zituela Katalunian, baina Generalitateak atzera bota zuen, ez zuelako argitzen arriskurik izanen ote zen. «Hori ikusirik, Brasilen ere arreta printzipioa aplikatu beharko litzateke, eta gisa honetako intsektu transgenikoak baztertu».

Brasilen ere eztabaida piztu da, baina nagusiki enpresa eta ingurumenaren defentsarako eragileen artean. CTNBioren oniritziaren ondoren, Anvisa Osasunaren Zaintzarako Agentzia Nazionalak produktuaren erregistro komertziala onartu beharko du, eta merkaturatzea zaindu.

——————–

 Jeane Martins, Agronomian doktorea: «Ekologia arrisku handirik baden ikertu beharra dago»

Eltxo transgenikoen afera gertutik jarraitu du Jeane Martinsek (Natal, Brasil, 1971). IFPB Paraibako Hezkuntza, Zientzia eta Teknologia Institutu Federaleko irakaslea da, agronomian doktorea. Ez du ezkutatu eltxo transgenikoek sortzen dioten ezinegona.

Zer iruditzen zaizu Brasilgo gobernuak aede aegypti murrizteko hartu nahi duen erabakia?

Arrapaladan hartutako erabakia dela uste dut; horren eraginkortasuna eta ingurumenean sor ditzakeen kalteak hobeki aztertu behar ditugu. Eztabaida zabaltzeko beharra ere badago, batez ere gizartean, ikerketa erakundeetan eta akademian.

Uste duzu neurri honek dengea murriztuko duela?

Ez dago bermerik, 2011n Brasilen egindako entsaioen emaitzetarako ere denbora gutxi igaro delako. Gainera, beste toki batzuetan antzeko esperientziak izan dituzte, eltxo beraren aurka, eta ez zuten helbururik bete. Izan ere, astero zazpi milioi eltxo baino gehiago askatu behar dira hasiera batean bertako 20.000 eltxo deuseztatzeko, eta, jarraian, astero 2,8 milioi eltxo.

Nola eragin dezake ingurumenean?

Ez dago batere argi, ezin baita epe motzera neurtu. Intsektuaren jarrera, ugalketa, egokigarritasuna, ahulguneak eta, batez ere, ekosistemarekiko elkarreragina aztertu behar dira. Eraginak ziklo askoren ondotik baino ezin dira argitu. Gainera, beste espezie bat handitzeko aukera ere badago, eta hau ere dengearen bektore izatea. Ekologia arrisku oso handia izan genezake, baina ezin da neurtu. Horri buruzko ikerketak falta dira.

Brasilen eztabaida piztu da.

Eztabaida soilik enpresaren eta gizarte zibileko erakundeen artean izaten ari da. Lehenbizikoek irabaziak izanen dituzte, eta arazoaren irtenbidea dakartela diote etorkizunean sortu daitezkeen arazoak aintzat hartu gabe. Bigarrenak ingurumena eta gizartea defendatzeko prest daude: Brasilgo eta kanpoko GKEak eta ikerlari batzuk transgenikoen defendatzaileek hartutako bideekin kezkaturik daude. Baina sarri polemika kanpotik ere badator.

Oro har, zein da brasildarren kezka?

CTNBio Biosegurtasunerako Batzorde Nazionalak eltxo transgenikoa askatzearen alde agertu da. Enpresa britainiarraren hainbat entsaio gizarteari lotutako Sao Paoloko Unibertsitateak egin ditu. Ikus daitekeenez, legearen arabera ari dira jokatzen, eta, gainera, zientziaren, teknologiaren eta biosegurtasunaren goi esferen babes osoa dute. Hainbeste argumentu eta publizitateren zurrunbiloan, gutxi dira kontra agertu direnak.

Baina bada informazio aski gizartean gaiari heltzeko?

Gizarteak ez du informazio handirik, batez ere gehien kaltetutako herrietan. Entsaioak egin diren komunitateetan herritarrek ez dakite zer gertatzen ari den. Gizartean, oro har, ez dago gaiari buruzko jakin-minik. Nabarmendu nahi dut ez dugula batere argi eraldatutako eltxo emearen ziztadak animaliengan eta pertsonengan nola eraginen duen. Horrek argi uzten du herritarrak arriskuan direla, eta, zoritxarrez, herritar horiek ez dakite sufrituko dutela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.