Juan Luis Zabala / 2014-06-15 / 218 hitz
Ez didazue esango ez dela harrigarria: urte erditik gora igaro da Bernardo Atxagak Nevadako egunak nobela kaleratu zuenetik, eta hari buruzko hiru aipamen kritiko baino ez daude Armiarma atariko Kritiken hemeroteka-n. Beste datu estonagarri bat: 111 Akademiaren saria irabazteko azken bost hautagaien artean ez da egon Atxagarena, saritua izan zitekeenetako bat izan arren, iaz argitaratua denez.
Liburua irakurri ez banu, pentsatuko nukeen liburuan dagoela gakoa, testuaren kalitate faltaren ondorioa dela horren oihartzun motela izatea. Baina irakurri dut, eta nobela bikaina iruditu zait. Nire gustutik haragoko beste ebidentzia bat ere bada: Espainiako Kritikaren saria nekez irabaziko zukeen zinez txarra balitz.
Ez da kontu berria. Atxagaren Zazpi etxe Frantzian nobelak askoz ere sari gehiago eta laudorio beroagoak jaso zituen kanpoan Euskal Herrian baino.
Kalitate faltaren hipotesia baztertuta, beste azalpen posible bat bururatu zait: Atxaga modaz kanpo ote dago euskal literaturaren plazan?
Azak ontzeko, Joseba Gabilondo eta Ur Apalategiren azkenaldiko lan kritikoek diote Ramon Saizarbitoriaren obra dela —eta ez Atxagarena— euskal literaturaren egungo premiei ondoen erantzuten diena, eta kanpoan erakusteko egokiena.
Gabilondo eta Apalategiren argudioak taxuzkoak dira, eta ez naiz horiei aurre egiteko gauza sentitzen. Baina berdintsu onartuko nituzke alderantzizko ondorioetara iristeko balioko luketenak ere. Irakurle moduan, modak eta kritikarien ikuspegi makroliterarioak gorabehera, nire irakurle-plazer txikietarako ez dut biotako inori uko egiteko asmorik, ez Atxagari eta ez Saizarbitoriari. Eta zuk, irakurle?