Birute Mary Galdikas, Antropologoa eta primatologoa: «Orangutanak ikertzeko jaio nintzen»

Edurne Elizondo / 2014-06-15 / 1.365 hitz

Inork ez ditu orangutanak Birute Mary Galdikasek bezain ongi ezagutzen. 1971n Borneora joan zen, ametsa bete eta primateok ikertzera. Beren habitatean ikusi eta ikasi nahi izan zituen animaliok. Ez zuen oihana berriz utzi: han gelditu zen.

Borneon eta Sumatran 67.000 orangutan bizi direla uste da. Zaila da kopuru zehatza jakitea. Animalia nahiko bakartiak dira; mamuen gisakoak, oihanetako zuhaitzen gainean. Birute Mary Galdikas inor baino gehiago hurbildu da haiengana. Antropologoa eta primatologoa da; Orangutan Foundation International erakundeko burua (http://orangutan.org). Lituanian sortu zen haren familia, baina Galdikas (1946) Kanadan hazi zen. Borneora Ameriketako Estatu Batuetatik joan zen, 1971n, orangutanen bila. Haien alde lanean ari da oraindik, oihanean. Han idatzi zuen Reflections of Eden, Borneon orangutanekin emandako denborari buruz. Oihanetik erantzun ditu, halaber, argindarrak aukera eman dionean, BERRIAk egin galderak.

Arriskuan da oihan hori. Palma olioa ustiatzen duten enpresak dira mehatxu nagusia?

Bai, inolako zalantzarik gabe. Palma olioa ustiatzeko, oihan primario tropikalean soilguneak sortzen ari dira enpresak. Ondorioz, orangutanak etxerik gabe gelditzen ari dira, eta babestu beharreko bilakatu dira beren lurrean. Hainbat kasutan aukera dute ondoko oihanetara mugitzeko, baina bertze anitzetan, ordea, soildutako eremuetan gelditu bertze erremediorik ez dute. Aurrera egiteko, palmen kimuak jan behar izaten dituzte, eta, ondorioz, gatazka latzak sortzen dira. Orangutanak ehizatu eta hil egiten dituzte. Duela bost edo sei urte, ohiko politika zen palma olioa ustiatzeko baimenak zituzten etxeek beren lursailetan agertzen ziren orangutanak hiltzea. Hori egiten zuten, Indonesiako eta Malaysiako legeek orangutanak babesten dituzten arren. Oihana soiltzen denean, esparru arrotz bilakatzen da orangutanentzat, poliki mugitzen baitira lurrean. Horrek harrapakin erraz bilakatzen ditu ehiztarientzat. Emeak hiltzen dituztenean, haien kumeak hartzen dituzte ama hilen gorpuen gainetik, saltzeko. Orangutanen habitataren %80 desagertua da. Animaliok desagertzen ari dira, beren etxe bakar diren oihanekin batera.

Kalimantanen aritzen zara zu. Herritarrei nola eragiten die egoerak?

Dayak herria bizi da han. Haien lurrak palma olioa ustiatu nahi duten enpresen esku uzten ari da gobernua, haiei deus erran gabe. Han bizi dira, ordea, eta horrek gatazka sortu du. Poliziak eta militarrek esku hartu dute kasu anitzetan, eta gehienetan bertako herritarrak dira galtzaile. Beren lurretik bota dituzte, eta palma olioa ustiatzen duten enpresentzat lan egin bertze erremediorik ez dute. Haien kultura eta ohiturak, eta lurraren jabe izateko dituzten eskubideak, ez dituzte kontuan hartzen enpresek.

Zer egin daiteke?

Palma olioa duten produktuak erosteari utzi behar diogu. Hori da garrantzitsuena. Eta erraza, gainera! Jendeak soiltzea eteteko boterea du, arduraz erosten badu.

Zure lanak agerian utzi du oihanaren galerak zer ondorio izan dezakeen orangutanentzat.

Nire ikerketek agerian utzi dute orangutanak nahiko bakartiak direla, zuhaitzetan egoten direla, batez ere, eta fruta heldua jatea gustuko dutela. Erakutsi dute, gainera, orangutanek eremu zabalak behar dituztela oihan primario edo sekundario tropikaletan. Lursail zabalak babestu behar dira, ondorioz, orangutanak babestu ahal izateko. Urteko sasoi bakoitzak ematen dizkien frutak jaten dituzte orangutanek, eta horrek erran nahi du aniztasun handiko oihanak behar dituztela, biologiaren ikuspuntutik, zuhaitz mota anitzekin. Garrantzitsua da kontuan hartzea orangutanak ez direla bertze hainbat tximino handi bezain sozial. Orangutanak babesteko hainbat proiektuk, adibidez, taldeka mugitu dituzte oihan eremu jakin batzuetara. Horrek huts egin du.

Zein da gaur egungo egoera Tanjung Puting parkean (Kalimantan)?

Lehen baino hobea. Legez kanpoko zuhaitz mozterik ez dago, jada. Mehatxu nagusia dira parkeko mugetara ailegatu diren palma olioa ustiatzen duten sailak. Parkeko mugak oraindik ez dituzte fisikoki markatu, baina maparen gainean, behintzat, jarri dituzte. Ekoturismoak ere gora egin du, eta lagundu du parkea babesten.

1971n ailegatu zinen zu. Orangutanak ikertzeko helburu bakarrarekin joan zinen. Zergatik?

Orangutanak ikertzeko jaio nintzen. Nerabe bat nintzenean, orangutan baten argazkia ikusi nuen liburu batean, eta haren begiek erakarri ninduten. Hain zen sakona haren begirada, eta hain humanoa. Sentimendu hori ez dut inoiz galdu.

Louis Leakey arkeologoaren babesa jaso zenuen. Funtsezkoa izan zen haren laguntza?

Haren babesa jaso edo ez, ziur naiz orangutanak ikertu izanen nituzkeela. Baina Louis Leakey ezagutu izanak erraztu egin zizkidan gauzak, hainbat aldetatik: dirua lortzen lagundu zidan, bai eta National Geographic aldizkarian nire artikuluak argitaratzen ere. Artikulu horiek nire lana ezagutzera eman zuten.

Dian Fossey, Jane Goodall eta zu. Hiru emakume primateak ikertzen.

Ahizpak ginen. Eta edozer gerta ere, ahizpak betirako dira. Janek eta Dianek nire lana sutsuki babestu zuten beti. Louis Leakey hil eta gero, Janek lagundu zidan behar nituen diru laguntzak lortzen. Dian hagitz emakume alaia zen. Hagitz eskuzabala zen, gainera. Opari anitz egin zidan. Behin, konturatu omen zen zapatek min egiten zidatela; bertze inork ez zuen sumatu. Zapata haiek kendu eta berriak erosi zizkidan. Kontua da zapatek ez zidatela batere minik egiten. Inoiz ez nuen jakin nola asmatu zuen erabiltzen nuen zenbakia. Oparitu zizkidan zapatak ezin hobeki gelditzen zitzaizkidan. Urte luzez jantzi nituen.

Zer oroitzapen duzu oihanera ailegatu zinen garaiari buruz?

Gogoan dut, batez ere, beti euria egiten zuela. Urtaro euritsuan ailegatu ginen kanpamentura. Beroak akabatzen egoten ginen, eta, bat-batean, hotzak harrapatzen gintuen. Hezetasuna barruraino sartzen zitzaigun. Arropa inoiz ez zitzaigun erabat lehortzen; hezea janzten genuen beti. Behin, Rod Brindamourrek, orduko nire senarrak, gehien maite nituen jeansen zango bat erre zidan, su ondoan lehortzen saiatzen ari zelako. Anitz mehetu nintzen hasieran, eta arropa guztiak handi gelditzen zitzaizkidan. Anitzetan gaixotzen ginen, eta gorputza intsektuen ziztadez betea genuen. Eskuak hagitz gaizki nituen, infekzio batek jota. Atzaparren gisa gelditu zitzaizkidan! Ezin nituen mugitu ere! Antibiotikorik gabe, hilik ginateke. Egoera gogorra zen, baina, hala ere, gustuko nuen! Erreskatatutako orangutan kumeak nituen denbora guztian gainean.

Izan zenuen inoiz amore emateko tentazioa?

Latza izan zen, hagitz latza. Hainbat aldiz lurrera bota nuen neure burua, ezin nuelako aurrera jarraitu, oinazeak ez zidalako uzten. Baina inoiz ez genuen amore eman nahi izan.

Gauza anitz utzi zenuen atzean Borneon egoteko: gurasoak, Borneon bertan jaiotako semea gero. Ongi moldatu zinen?

Senarrak eta nik, biok utzi genituen gauza anitz atzean. Funtsean, mendebaldeko gizarte bateko erdiko klasearen bizitzeko modu erosoa utzi genuen atzean. Binti semearen falta anitz sumatu nuen, baina aitarekin zegoen, AEBetan. Familia eta lagunak ere urrun nituen, eta haien falta sumatu nuen. Baina nahi nuena egitea lortu nuen.

Orangutanak beren habitatean ezagutzea zen zure helburua. Orduan ezer gutxi zekiten adituek animalia horiei buruz. Nolakoa izan zen lehen hartu-emana?

Magikoa. Orangutanak lehendabiziko aldiz Sekonyer ibaiaren ertzean ikusi nituen: ama bat kumearekin. Une batez guri so egin ziguten, baina berehala ihes egin zuten, ezpainekin musu soinuak eginez. Zoragarria izan zen. Batez ere, baieztatu ahal izan nuelako ikertzen ari nintzen esparruan orangutanak bazirela.

Zein izan da irakatsi dizuten lezio nagusia?

Orangutanei so eginez, jendeak pentsa dezake haien jokabidea sinplea dela. Baina ez da egia. Denboraren %60 zuhaitzetako adarretan ematen dute, hostoak eta frutak jaten. Zuhaitzen loreei so, gai dira jakiteko une bakoitzean fruta helduak non dauden. Jaten ari ez direnean, zuhaitz batetik bertzera mugitzen ematen dute denbora; habia egin, eta bertan gelditzen dira, atseden hartzen. Denbora gutxi ematen dute sozializatzen, bokalizatzen edo elkar apaintzen. Lezio anitz irakatsi didate. Nagusia da orangutanek elkarren beharra dutela, gizakiok bezala, eta bakar-bakarrik bizi badira hil egiten direla emozionalki.

Gizakiek harrapatutako orangutanekin ere lan egin duzu.

Haiekin izan dudan harremana askotarikoa izan da. Berriz aske utzi ditugun hainbat orangutan ez dira berriz sekula etorri guregana kanpamentura. Bertze zenbait, berriz, bai. Haien adinak eta gizakien esku bizi izandakoek eragin handia dute. Orangutan anitz erreskatatu ditut, eta guztiekin izan dut ama batek seme-alabekin duen harremana. Elkar maite izan dugu, modu sakonean, gainera. Familia dira niretzat.

Akmad da zurekin harreman berezia izan duten orangutan horietako bat. Nolakoa zen?

Hagitz harreman intentsoa izan genuen. Gazte zenean erreskatatu genuen. Nahiko independentea zen ordurako. Hala ere, gustatzen zitzaion nirekin egotea. Nire gainean eseri egiten zen, eta, anitzetan, nire ohera etortzen zen lo egitera. Nire haurtxoa zen. Heldu bilakatu zenean, oihanera itzuli zen. Bolada luzeak ematen zituen bere kabuz, eta gero bisita egitera etortzen zen. Kumeak izan zituen aldi bakoitzean niregana etorri zen, haiek erakustera. Tamalez, animalien trafikoa indarrean da, oraindik ere, besteak beste orangutanena. Trafikoa oihanen soiltzearen ondorio da. Gure zentroan hamaika orangutan erreskatatzen ditugu urtean.

Lanean jarraitzeko arrazoiak badira, beraz?

Zoragarria izan da orangutanekin hainbertze denbora eman ahal izatea. Nahiko nuke jendeak orangutanak gehiago eta hobeki ezagutzea. Ia humanoak dira, eta, hainbat alderditan, gizakiok baino pertsona hobeak dira. Baretasuna eta pazientzia zer diren irakatsi didate; naturarekin bat egiten, suntsitu beharrean.

Bizkarra eman diegu tximino handiei?

Gure senideak dira, baina egiten dugunak ondoriorik ez balu bezala jokatzen dugu haiekin. Haien habitata suntsitzen ari gara. Naturarekin bat egiteko beharra dugu, izaki bizidun guztiak errespetatzekoa, gure senideak bazter utzi gabe.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.