Euskaraz azpidatzitako 29 filmeko katalogo bat osatu du Filmazpitek

Araitz Muguruza / 2014-06-13 / 379 hitz

‘Omar’, ‘Tous cobayes’, ‘A nagy füzet’ eta ‘Gabrielle’ pelikulak eskuratzeko moduan izango dira datozen hilabeteetan.

«Harribitxiak» dira Filmazpit programaren katalogoan dauden filmetako asko, hala iruditzen zaio Jose Luis Rebordinosi, Donostiako Zinemaldiko zuzendariari.«Ongi aukeratuta daude, ikuslea hausnarketa egitera bultzatzen baitute». Hain zuzen ere, zinema areto komertzialetatik at zeuden filmak euskarazko azpidatziekin zabaltzeko helburuz sortu zuten Filmazpit, orain dela hiru urte. Hemendik gutxira gehituko dizkiote katalogoari A nagy füzet, Gabrielle, Tous cobayes eta Omar filmak, eta zerrendako pelikulen kopurua 29koa izango da.

Filmazpit programan Donostiako Zinemaldiak, Euskadiko Filmategiak eta Tabakalerak kolaboratzen dute. Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak finantzatzen du, baina urte hasieratik Zineuskadi ere arduratzen da horretaz. Hain zuzen ere, kolaborazio hori jakitera emateko, agerraldia egin zuten atzo Donostian.

Programa hasi zutenetik 170 proiekzio egin dira. Ontzat jotzen dute hori program sustatzen dutenek. Filmazpit programa udal eta herrietako eragileek erabil dezaketela gogoratu du Rebordinosek, ikastetxeek, zineklubek edo kultur taldeek. Oraingoz, Gipuzkoako 22, Bizkaiko hamar eta Arabako hiru herritan jarri dituzte euskarazko azpidatziak dituzten filmak. Donostian, Berrizen, Tolosan eta Zarautzen, esaterako, modu erregularrean proiektatzen dituzte Filmazpiteko lanak. Nabarmendu dute, bestalde, Nafarroa eta Ipar Euskal Herritik ere iristen zaizkiela eskariak. Ehun filmen azpidatziz osatutako datu base bat ere badago Filmazpiten atarian, eta doan deskargatu daitezke.

Donostiako Zinemaldian ematen diren 24 filmi jartzen dizkiete azpidatziak urtero. Sail Ofizialetik kanpo eskaintzen direnak izaten dira. Hiru formatutan eskura daitezke pelikulak: DVDan, Blu-ray diskoan eta Betacam Digitalean. Sistemak «zailtasunik ez duenez», programa erabiltzera bultzatu nahi du jendea Josemi Beltranek, Donostia Kulturako zinema ataleko arduradunak. «Baldintza bakarra jartzen zaie eskatzaileei, filmak eskuratzen dituzten moduan, doan eman behar dituzte». Film laburrak ere badaude atarian. Luze gabe, migrazioen inguruko film laburren bilduma bat sartuko dutela jakinarazi dute.

Elkarlana jaialdiekin

Zinema jaialdi gehiagotan ere parte hartzen du Filmazpitek; besteak beste, Donostiako Beldurrezko eta Fantasiazko Zinema astean, Dock of the Bayn eta Baionako Reconters sur les Docksen. Denborarekin indarrik galtzen ez duten filmak hartzen saiatzen direla gehitu du Beltranek. «Urte batzuk beranduago ere zeresana ematen dutenak hartzen ditugu». Euskadiko Filmategiak bere aldetik, pelikulen kopia gorde ohi du filmategian.

————————
170 PROIEKZIO EGIN DIRA
2011n Filmazpit programa hasi zenetik 170 proiekzio egin dira Euskal Herrian. Gipuzkoako eta Bizkaiko herrietako udal edo elkarteek erabili dute programa gehien; 22 eta hamar herritan hurrenez hurren. Araba, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko herriek ere egin izan dute eskaera.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.