Zihara Enbeita / 2014-06-19 / 239 hitz
Bai, hala da, familia ugaria da gurea. Eta hiru seme-alabak denak zeharo desberdinak dira. Ezin hirurak berdin zaindu, berdin hezi, bakoitzak bere beharrizanak dituelako, bakoitzak adierazteko era desberdina. Beraz, ezin ulertu zergatik hezi eta neurtu gura ditugun ume guztiak berdin. Zergatik eskatzen diegun gauza bera denei. Imajinatu dezagun arropetan taila bakarra balego zer gertatuko litzatekeen. Batzuentzat handiegia, besteentzat txikiegia, laburregia, luzeegia… Eta arazoa jantziena edo jantzi behar dutenena litzateke? Orduan zergatik erabili patroi berbera ume guztiak hezteko? Zapata neurrira erosi beharrean, hanka zapataren neurrira zabaltzen edo estutzen ahaleginduko bagina legez. Etxean zein eskolan. Ume bakoitza nolakoa den jakin aurretik nolakoak izan behar duten esaten diegu, eta azkenerako, guk ez dakigu eta eurak ere ez dakite nor diren. Ingurua deskubritzeko, ezagutzeko aukera gutxiegi uzten diegu, eta are gutxiago euren burua ezagutzeko. Dena eginda ematen diegu, eta jesartzeko gai izan aurretik jesartzen ditugu, eta zutuntzeko gai izan orduko oinez egitera behartzen ditugu. Eta dena kontrolpean, dena zuzenduta, zigor eta sarien arabera neurtua. Adierazteko, zabaltzeko mugak jarriz. Eta jakiei almazenean nola ume bakoitzari ere etiketa ipiniko diogu, badaezpada, gure kontrolpetik ihes ez egiteko. Beti gure onespen bila dabiltzan begirada txikiak sortuz.
Hobe genuke helduok mundua umeen begietatik begiratuko bagenu umeei mundua gure begietara egokitu beharrean. Hobeto goitik behera barik behetik gora ikusteko ahalegina egingo bagenu. Bestela, presa dugunean, umeen erritmoari errua botatzen jarraituko dugu; arropak ahalik eta gutxien zikintzeko, erakusleiho barruan sartuko ditugu, eta asper ez daitezen eskola, ikastaro eta tailerretara bidali.