Gizon duinaren heriotza isila

Edurne Elizondo / 2014-06-22 / 1.027 hitz

Jesus Ioldiren izena eta ibilbidea ahanzturatik atera ditu, azkenean, Granadako Unibertsitateak. Nafarroan jaio zen, baina 1924tik Andaluziako (Espainia) hiri hori izan zuen bizitoki. Kimikako katedradun izan zen, bai eta Granadako alkate ere. 1936an fusilatu zuten. Gaur arte, isiltasunak estali ditu Ioldiren ingurukoak.

Jesus Ioldi Bereau 1936ko urriaren 23an fusilatu zuten. Granadako (Andaluzia, Espainia) kartzelatik hiriko hilerrira eramateko atera zuten. Paretaren kontra jarri, eta tiro egin zioten. Ehorzleak lanpostua lortu zion alkatea ezagutu zuen Ioldiren gorpu hila ikusi zuenean. Familiari eman zion abisua. Senarra hil ziotela kontatu zion Beatriz Perezi. Alargun zela jakin eta hurrengo egunean, doluz jantzi zituen emakumeak hiru semeak. Arropa beltzak hartu zituen hark ere soinean. Orduetan ibili ziren laurak Granadako karriketan gora eta behera. Denen begiradapean. Begirada horiei ihes egin gabe. Granadan, fusilatutako gorrien senitartekoek erabat debekatua zuten doluz janztea.

«Emakume aparta izan zen Beatriz Perez; eta gizon aparta, Jesus Ioldi: ona, duina, zintzoa eta koherentea». Roque Hildagorenak dira hitzak. Fisika irakaslea da, Ioldiren lantoki izandako Granadako Unibertsitateko Zientzien Fakultatean. Han ikasle zenean entzun zuen, lehendabizikoz, Jesus Ioldiren izena. «1936ko kolpe militarraren errepresioak gogor jo zuen Granadako Unibertsitatea; sei irakasle fusilatu zituzten, eta haietako bat zen Ioldi».

Ahanzturatik atera dituzte Ioldiren izena eta ibilbidea Granadako Unibertsitatean. Hiri horretan hil zuten Ioldi, Arizkunen (Nafarroa) sortutako kimikaria. Unibertsitatearen 100. urteurrenari buruzko liburua egin dute berriki, eta atal bat eskaini diote Ioldiri lan horretan. Hidalgok berak idatzi du, Pedro Luis Mateorekin, Miguel Gomezekin eta Lidia Mateorekin. «Lan hau zor genion Ioldiri. Justizia kontu bat da. Orain arteko isiltasuna erabatekoa izan da, eta bazen garaia gure irakaslearen heriotzaren inguruan eraikitako harresia behera botatzeko». Hidalgo emozioz mintzatu da Ioldiri buruz. Arizkunen izan da aste honetan, eta onartu du kimikariaren sorterria ezagutu izanak zirrara eragin diola. «Hagitz hunkigarria izan da».

Jesus Ioldi nor izan zen deskubritzeko egindako urrats guztiak izan dira hunkigarriak hari buruzko lanaren egileentzat. Baina bai eta mingarriak ere, Hidalgok nabarmendu duenez. «Urrats horietako bakoitzean islatu da Granadan zegoen beldurra».

Beldur hori agerian utzi du, adibidez, Ioldiri buruzko daturik ez aurkitzeak. «Unibertsitatean ez zegoen deus; udaletxean ere ez; ezta hilerrian ere. Ioldiri buruzko karpeta guztiak hutsik ziren». Lagun baten bidez lortu zuten egileek, azkenean, behar zuten arrastoa: Federido Garcia Lorcari buruzko dokumental batean, kimikariaren seme Antonio Luis Ioldi agertzen zen. «Telefono gidan bilatu, eta Ioldi bakarra aurkitu genuen Granadan. Unibertsitateko irakaslearen bilobarena zen. Haren bidez lortu genuen Antonio Luis Ioldirekin elkartzea», gogoratu du Hidalgok.

Lorcaren laguna

Kimikako katedradun, eta Granadako alkate ere izan zen Jesus Ioldi, hainbat hilabetez. Federico Garcia Lorca poeta lagun mina izan zuen. Garaiko intelektualen artean bat izan zen, eta, zientzien arloan ere, hainbat Nobel saridunekin harremana izan zuen. Politikaren esparruan, konpromiso sendoa erakutsi zuen beti Espainiako Bigarren Errepublikarekin. «Sanjurjok kolpe militarra eman zuenean, 1932ko abuztuan, Ioldi udaletxean babestu zen, udaltzainekin, errepublika defenditzeko».

Granadan amaitu bidea, Baztanen hasi zuen Jesus Ioldik. 1894. urtean sortu zen, Arizkunen (Nafarroa). Herriko medikuaren semea zen. Aitak bezala, zientzien aldera bideratu zituen ikasketak. «Sorterritik Zaragozara (Espainia) joan zen, ikastera; eta handik, Sevillara (Espainia). Anaia zuen han. Sevillako Unibertsitatean Kimikako katedra lortu zuen Ioldik, baina Cadizen (Espainia) eman zituen eskolak, bi urtez». 1924. urtean, azkenean, Granadara ailegatu zen arte.

«Ospe handiko profesionala izan zen Jesus Ioldi. Irakasle bikaina, eta maitatua», nabarmendu du Hidalgok. Kimikariaren semeak 4 urte bertzerik ez zituen aita fusilatu zutenean. Harekin izandako solasaldian, hala ere, harrotasunez kontatu zien Hidalgori eta bertze ikerlariei Jesus Ioldik Marie Curie ezagutu zuela. «Argazki batean harekin ageri zela erran zigun, bertze deus baino lehen». Ez zen izan Ioldik ezagutu Nobel saridun bakarra; Pieter Zeemanekin ere harremana izan zuen.

Esparru politikoan, Espainiako Bigarren Errepublika ezarri ondoko lehenbiziko udal hauteskundeetan parte hartu zuen, 1931n, eta zinegotzi izan zen Granadako udalean. Granadako Alderdi Autonomo Errepublikanoko kide zen orduan. 1932an alkate egin zuten; bost hilabetez egon zen karguan. 1934an, Izquierda Republicanan eman zuen izena.

Capileira herrian atxilotu zuten Ioldi, Granadan, 1936an, militarren altxamendua gertatu eta handik gutxira. Emaztearen sorterria zen hura, eta oporretan zen bikotea, semeekin. «Hiru hilabetez eduki zuten hobiak egiten lanean, Viznarren, Granada ondoan», azaldu du Roque Hidalgok. Ihes egiteko hainbat aukera izan zuela nabarmendu du, baina Ioldik inoiz ez zuela alde egin nahi izan. «Hiru eguneko baimena eman zioten Viznarren, eta handik Granadako espetxera eraman zuten. Fusilatzeko baino ez zuten handik atera».

Ioldiren heriotza «kolpe latza» izan zela erran du Granadako Unibertsitateko irakasleak. «Ioldiren heriotzak beldurra zabaldu zuen. Gizon zintzoa eta zuzena zen, ibilbide bikainekoa; Ioldi hil bazuten edozein hiltzen ahal zutela argi ikusi zuten denek Granadan». Hiriko gizartean pertsona nabarmena zela erantsi du Hidalgok. «Fede handikoa zen; gizon moderatua, eta demokratikoa. Ulertzen zaila da Ioldik egindako bideari eta lanari buruzko memoria galdu den bezala galdu izana. Isiltasuna erabatekoa izan da. Aurpegirik gabeko izen bat izan da Jesus Ioldirena, orain arte».

Roque Hidalgok argi du egoera horri buelta ematea dela Ioldiri buruz idatzitako lanaren helburua. «Granadako Unibertsitateko kimikaria nor izan zen zabaldu nahi dugu; ezagutzera eman, egin zuena; harekin dugun zorra kitatzeko garaia da».

Jesus Ioldiren inguruko ilunak argitzen hasi dira azken garaian. Granadako Unibertsitateak omenaldia egin dio bertan katedradun izandako kimikari nafarrari, adibidez. «Antonio Luis Ioldi semeak parte hartu zuen ekitaldian, eta hagitz gauza polita izan zen, harentzat, aitak merezi zuen aitortza jasotzea azkenean», azaldu du Hidalgok.

Granadako Udalak ere karrika bati jarri dio Jesus Ioldiren izena. «Unibertsitatean fusilatu zituzten irakasleen artean Ioldi zen, oraindik ere, karrika bat ez zuen bakarra. Kalearen izena irakurtzen duenak, behintzat, Ioldi nor izan zen jakiteko grina senti dezake orain». Sartagudako memoriaren parkean ere jarriko dute, aurki, Ioldiren izena.

Granadako hilerriko paretaren kontra fusilatu zuten Jesus Ioldi. Ehorzleak haren heriotzaren berri eman eta gero, gorpua lurperatzeko baimena eskatu zuen Beatriz Perez alargunak. Eman egin zioten, eta han lur eman zioten.

1970. urtean, Capileira herrira eraman zituzten Ioldiren, haren emazte izan zenaren eta bien seme gazteenaren gorpuzkiak. Elkarrekin dira hirurak, Granadako Alpujarrako herri horretako hilerrian. Senar-emazteen seme nagusia ere zendu zen jada.

Capileiran denbora anitz eman zuen Ioldik. «Pilotan aritzea biziki maite zuen, eta herriko elizaren paretaren kontra aritzen zen». Arizkunen ikasitakoak Granadara eraman zituen irakasleak. Musika klasikoaz gozatzen ikasi zuen han, bai eta egile alemaniarrak irakurtzen ere. Antonio Luis Ioldiren ahotik, kimikariaren erretratu hurbila egin dute Roque Hidalgok eta bertze ikerlariek. Etxeko gizona erakutsi dute, unibertsitatean eta udaletxean aritu zena ere bai. Zabaltzeko. Ezagutzera emateko. Gehiago ez isiltzeko.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.