Amaia Portugal / 2014-06-15 / 584 hitz
Joseba Rios arkeologoak eta beste zenbait kidek Arlanpeko kobazuloari buruzko ikerketa monografikoa argitaratu dute; duela 185.000 urteko neandertalek utzitako arrastoak aurkitu dituzte bertan.
Garai batean, gizakiak beste animalia haragijaleekin lehiatu behar zuen, eta inguruko ekosisteman zuen eragina hutsaren hurrengoa zen, gaur egungoarekin alderatuta. Garai hori Behe Paleolitoaren bukaeran eta Erdi Paleolitoaren hasieran zehazten da Euskal Herrian, eta haren erakusgarri da Lemoan (Bizkaia) dagoen Arlanpeko kobazuloa.
Askotariko denbora tarteetan, bertan bizi izan ziren hienak, otsoak, hartzak, panterak… eta gizakiak. Izan ere, duela 185.000 urte —eta geroago ere bai— neandertalak han zebiltzala frogatzen duten arrastoak daude. Neandertal zaharrak Euskal Herriko lehenetarikoak. Horren eta beste gauza askoren berri eman dute Joseba Riosek eta beste zenbait arkeologok, aurkeztu berri duten ikerketa monografiko batean.
Riosek Historia ikasi zuen, Deustuko Unibertsitatean, eta Kantabriako Unibertsitatean (Espainia) eta Leipzigeko (Alemania) Max Planck Institutuan ere ibilitakoa da. Burgosen dagoen Espainiako Giza Eboluzioari buruzko Ikerketa Zentroan (CENIEH) egiten du lan gaur egun.
Ia halabeharrez ekin zion Riosek Arlanpen ikertzeari, 2006an. Bi urte lehenago, Sopelan (Bizkaia) indusketa batzuk egiten ari zirela, Behe Paleolitoko aztarna batzuk aurkitu zituzten, eta testuinguru bila, garai bereko arrastoak non egon zitezkeen aztertzen hasi ziren. Arlanperi buruzko lerro eskaseko erreferentzia bat aurkitu zuten Bizkaiko kobazuloei buruzko bilduma batean aurrena, eta Ignacio Barandiaranen sintesi lan batean gero.
Hari ahul horretatik tiraka, kobazuloa aurkitu zuen (1961ean) Zornotzako espeleologia taldeko kideekin hitz egin zuten, bai eta Barandiaran Fundazioari baimena eskatu ere, Jose Migel Barandiaran zenaren etxea bisitatzeko. «Kobazulotik ateratako material batzuk zeuden; printza oso handi bat, tartean. Lutitazkoa zen [harri beltz bat], eta itxuraz, oso zaharra», dio Riosek. Arlanpen ikertzea merezi zuela pentsarazi zien.
Askotariko aztarnak
Kosta zitzaien kobazuloa topatzea, amildegi batean eta landareek estalita baitago. 2011ra arte egin zituzten indusketak; Bizkaiko Aldundiak, Barandiaran Fundazioak eta Eusko Jaurlaritzak lagundutako ikerketa da. Bertan identifikatu dituzte negua lozorroan igaro zuten hartz kumeen haginak, animalia haragijaleen otorduen arrastoak, fosil bihurtutako gorotzak… Riosek azaldu duenez, «informazio horrekin badakigu haragijaleak hor bizi izan zirela. Baina, noski, 40.000 urteko denbora tarteaz ari gara, eta hor bada nahiko asti batzuk eta besteak kobazulo horretan noizbait bizi izateko».
Neandertalak, tartean. Izan ere, gizakiek jandako animalia belarjaleen hezurrak eta askotariko lan tresnak ere topatu dituzte. Suharriz egindako punta batzuek, adibidez, inpaktu hausturak dituzte, ehizarako erabiltzen zituztelako. «Giza arrastorik ez dugu topatu, baina bai haien aztarnak. Esan dezakegu Arlanpen bizi izan zirela neandertal zaharrenetako batzuk. Arrasateko Lezetxiki aztarnategia Arlanpe baino pixka bat zaharragoa dela uste dut, baina kronologia antzekoa da».
Nola zehaztu dute, baina, kronologia hori? Nola jakin aztarna horietako batzuk duela 185.000 urtekoak direla? Geologiak, garaiz garai kobazuloan metatu diren geruzek, zeresan handia dute horretan. Bai eta garai horietako bakoitzari lotzen zaizkien klima kondizioek ere, geruza bakoitzaren ezaugarriak garai jakin batekin erlazionatzen laguntzen baitute. Hala dio Riosek: «Gizakiek utzitako aztarnak estratigrafiatan daude, eta estratigrafia horietan lortu ditugu datu kronologikoak. Sekuentziaren beheko zatian lehenengo okupazioak islatzen dira; oso motzak izan ziren, material gutxi baitago hor. Kostra estalagmitiko batek estaltzen ditu; kostra hori datatu dugu, eta orain dela 185.000 urtekoa da».
Noiz ez ezik, neandertal horiek non ibili ziren ere erakusten dute Arlanpen aurkitutako tresnek. Ez baitziren geldi egotekoak. Riosek eta lankideek egiaztatu dutenez, kobazuloan aurkitutako suharri batzuek Urbasan, Trebiñun, Lozan eta Bizkaiko kostaldean dute jatorria: «Ez ziren Urbasara joaten suharri bila gero Arlanpen erabiltzeko; ez zen horrela. Urbasan aritzen ziren gauzak egiten, gero mugitzen ziren, eta tresnak haiekin eramaten zituzten, eta Arlanpera iritsi, eta hor utzi zituzten. Talde nahiko txikiak ziren, eta etengabe mugitzen ziren. Ez zuten bizileku zehatz bat. Nomadak ziren erabat. Hori neandertal modernoagoekin ere gertatzen zen, eta Goi Paleolitoan ere bai».