Mikel Arrizabalaga / 2014-06-24 / 550 hitz
Andimendiko ermita eta Ubaguako arroila lotzen dituen ibilbide zirkular honetan kontrastez beteriko parajeak topatuko ditugu.
Iturgoiengo Hirutasunaren ermitara igotzeko, hainbat leku eta herritatik abiatu gaitezke: Zunbeltzeko Benta, Lizarragako mendate, eta Lezaun edo Iturgoein herrietatik. Ibilbidea balizaturik dago, eta, zenbait lekutan markak eskasak diren arren, edonork egiteko moduko txango ederra da.
Iturgoiengo Hirutasuna
Lezaun herriko elizaren ondoan utziko dugu autoa, eta berehala jarriko gara martxan. Herritik ateratzean, hango pagadi ezagunean murgiltzen den pista zabalari jarraituko diogu Arbaiozeko sakana gure eskuinera utziz. Tarte txikia beteko dugu hortik, eta, lehen maldak igo eta gero, gure ezkerrera ateratzen den bide nabarmena hartuko dugu. Hasierako aldapa gogorra leundu egin da, eta belarrezko tapizean ibiliz jarraituko dugu mendiaren gainaldea bilatuz. Modu progresibo eta erosoan igoko gara hainbat mendi muino zeharkatuz. Ikusgaitz eta seinalatu gabe dauden Illarralgo hiru tumuluen ondotik pasatu, eta Oskandiako gainera iritsiko gara. Gertu, jomuga ditugunak ikusiko ditugu: ermita ezagunaren silueta eta Malkaxko eta Mugagako tontorrak .
Jaitsiera txiki baten ostean, harresi luze bat gainditu, eta Malkaxkora doan azken maldari ekingo diogu. Metalezko gutunontziaren ondotik dugun Beriango ikuspegi paregabeaz gozatu eta gero, ermita aldera joko dugu. Jaitsiera txiki baten ostean, azken maldari ekingo diogu Iturgoiengo Hirutasunaren ermitara heldu aurretik. Erromaniko jatorria duen ermita hau 1.233 metroan dagoen, zelaigune baten gainean. Bi luzera zatiz osaturik dago, eta horietako bat ermitaren buru den zirkuluerdi batean amaitzen da. Zuriz margotutako zati honetan puntu erdiko arku bat altxatzen da, baita puntu erdiko behe bao bat ere. Beste zatian, hori ere zuriz margoturik, puntu erdiko harrizko hiru arku zabaltzen dira, eta alboan beste bi. Bi isuri duten zatien teilatuak lauzaz estalirik daude.
Ubaguako arroila
Ibilbide zirkular horren lehen zatia bete ondoren, Mugagako gailurraren bila abiatuko gara. Ermitaren atzeko aldean dagoen lepora jaitsi, eta aurrez aurre dugun mendi muinora igoko gara belardian zehar. Gaina zapalduko orduko, cairn eta bide seinale zuri eta horiek pago artean marrazten den bidea erakutsiko digute gailurreraino heldu arte. Harrizko plaka luzez estalirik dagoen lurzorua bitxia. Pagaditik atera eta berehala gerturatuko gara, erpin geodesiko eta metalezko gutunontziaren ondora. Deierri eta Lizarra aldeko lurrak gure mende eta gertu Allozeko urtegia.
Mendi-gandorrean zehar zabaltzen diren seinaleak (cairn eta marka zuri-horiak) jarraituz, altuera galdu eta lurrezko pista baten errebueltara jaitsiko gara. Horren azpitik Ubaguako arroila aldera pagadian zehar jaisten den lurrezko beste pista bat hartuko dugu, gerora xenda erosoa bihurtuz. Harri eta margo seinaleek erakutsitako bideak ezpeldian murgilduko gaitu. Ubaguako arroila gure mendean dugularik erraz galduko dugu altuera. Pareta bertikalen artean marrazten den bide hau Iturgoien herriraino hedatzen da, baina lehenago eskuinetik ateratzen den beste xenda nabarmen batekin eginko dugu topo. 180 graduko itzulia egin eta arroilaren gain aldetik egingo ditugu hurrengo urratsak.
Riezu eta Lezaun herri artean zabaltzen den Ubaguako arroila ezpel, arte eta haritzez beterik dauzka magalak. Ibaia Andimendiko erraietan sortzen da, eta bederatzi kilometro beherago dagoen Allozeko urtegian isurtzen ditu bere urak. Paisaia ederraz gain, arroilak ingurumen balio handia dauka; hantxe urkitu dute babesa eta bizilekua basurde, katagorri, katajinet, azkonar eta beste zenbait animaliak. Herritarrek ere oso ondo ezagutzen dituzte paraje horiek, ganadua goiko larreetara eramateko edota beste herrietako jendearekin harremanetan jartzeko makina bat aldiz zeharkatu behar izaten baitzuten arroila.
Abiapuntura itzultzeko tenorean, Praileen haitzaren ondotik pasa eta Arbaiozeko sakanaren bila abiatuko gara. Arroilaren hondotik datorren lurrezko pistarekin bat egin, eta berehala iritsiko gara Lezaun herrira igotzeko azken maldaren hasierara. Etxe artean beteko dugu azken zatia.