Gotzon Hermosilla / 2014-06-20 / 711 hitz
1963tik idatzitako zenbait lan eta ikerketa hiru liburukitan bildu ditu, ‘Euskara eta hizkuntzak gizartean’ izenburupean, euskararen historia soziala osatzeko ekarpen gisa har daitezkeenak.
Hizkuntzak, eta euskara ez da salbuespena, hainbat ikuspegitatik ikertu dira: gramatika, soziolinguistika, dialektologia eta beste zenbait jakintzaren argitara azter daitezke hizkuntzen nondik norakoak. Euskararen kasuan, baina, hizkuntzaren historia soziala, historikoki gizarteak nolako erlazioa izan duen hizkuntzarekin, horren inguruan nolako diskurtso, jarrera, ikuspegi, botere harreman eta beste garatu diren eta horiek nolako bilakaera izan duten denboran, gutxi jorratutako arloa da.
Horren inguruan ikertu eta hausnartzera emana egon da Joseba Intxausti Rekondo (Segura, Gipuzkoa, 1936) hamarkada askoan. Orain, 50 urtean hainbat gairen inguruan baina beti ikuspegi soziohistorikotik idatzitako artikulu, ikerlan eta bestelakoak bildu ditu hiru liburukitan, Euskara eta hizkuntzak gizartean izenburupean, berak zuzentzen eta Euskaltzaindiak sustatzen duen Etxeberri bilduman. Ikerketa sakonak dira batzuk, dibulgaziorako idatziriko testuak bestetzuk, 1963tik 2010erako tartean han-hemenka argitaratuak, eta euskararen historia soziala berregiteko asmoz apailatuak.
Zer aurkituko du irakurleak lan honetan?
Hiru liburuki dira, eta bakoitzak badu bere azpititulua. Lehenengoa Aitorpenak. Ekinbideak da, jendeak hizkuntzaz zer pentsatu duen, zer erabaki duen, eta aldeko eta kontrako zein ekinbide egon diren historian. Bigarrenean, Jarrerak. Politikak. Pedagogiak izenekoan, agertzen dira gizarteak hizkuntzen aurrean izaten dituen jarrera eta ohiturak. Baina horiez gain legeak egoten dira, eta horrek guztiak bere balio soziala izaten du. Eskolarekin zerikusia duen lan pare bat ere badago. Hirugarrenean, Erlijioak. Eliza kristauak izenekoan, erlijioen eta hizkuntzen arteko harremana agertzen da.
Duela 30 edo 40 urte idatzitakoak berriro irakurtzean, aurkitu al duzu zure oraingo pentsamoldearekin bat ez datorren pasarterik?
Ez dezazula zalantzarik izan. Kontrakoa esatea gezurra izango litzateke, eta, gainera, tentelkeria bat. 50 urtean bilakaera izaten du nornahik, bere aldakuntzak ditu; ezagumenduak aldatu, gehitu edo zuzendu egiten dira, eta hori guztia ispilatuta dago hemen. Liburu hau ez da 2014ko lekuko bat, baizik eta pertsona bat 50 urtean eginez joan dena, eta aldatuz joan dena nahitaez. Baina, funtsean, esango nuke urte haietan ikusitako oinarriak mantendu direla neurri handi batean.
Gizartearen kontzientzia linguistikoa nola aldatu da denbora tarte horretan?
1960ko eta 70eko hamarkadetan hizkuntzarekiko eskakizuna, gogoa eta kontzientzia oso bizi izan genituen gure artean. Horrek ekarri du gaurdaino euskararen presentzia sozial berri eta modernoen segurtamena. Gaur egun denok gara, gazte zein zahar, garai hartako seme eta alaba. Baina belaunaldi berriek beste sentiera batzuk dakartzate, normala den bezala, eta gure garaian guztiz arauz kontrakoa edo are legez kontrakoa ere zena, gaur egun errealitate arrunta da. Guk sufritu genuen pobrezia eta ezin hura gaurko gazteek ez dute berdin sentitzen, bistan da. Erosotasun honek arrisku bat du: pentsatzea hizkuntza salbatuta dagoela. Eta ez da hori egia. Hizkuntza egunean-egunean salbatu behar da, batez ere txikiak direnak.
«Hizkuntzek badute politikarik», diozu zure testuetako baten izenburuan.
Oso zaila da agintea hizkuntzen aurrean ohartu gabe egotea. Hizkuntzek beti izan dute toki bat boterean, inperio handietatik hasita, arameerak persiarrekin edo latinak erromatarrekin. Beste kontu bat da noraino gauzak egin diren lege bidez edo legerik gabe. Aro modernoan eta garaikidean badago politika ohartu eta legez egindako bat, zuzenean hizkuntzen erabilerari begirakoa.
Espainiako Felipe Borboikoaren zin-egite ekitaldiaren egunean aurkeztu dituzu liburuok. Horietako batean badago borboitarren tradizio politiko-linguistikoari buruzko testu pare bat.
Arlo horretan, habsburgtarrek tolerantzia eta malgutasun handiagoz jokatu zuten, baina borboitarrek, euren tradizio politiko-linguistikoa ekarri zutenean, ez zuten inolako tolerantziarik erakutsi. Katalanekin bereziki anker jokatu zuten, eta gerran garaile irten ondoren beren legea ezarri zuten.
Askotan nabarmendu da euskararen iraupenean Elizak izandako garrantzia. Horren adierazgarria al da, gai horri liburuki oso bat eskaintzeko?
Gaur egun erlijioaren mundua erdi isildua dago neurri batean, eta gizartea ez da gehiegi interesatzen arazo horretaz, baina esan behar da erlijioek sekulako garrantzia izan dutela hizkuntzak zabaltzean, finkatzean eta hizkuntza horiei egoera instituzional bat ematean. Euskararekin ere berdin gertatzen da, bai Eliza katolikoarekin, lehengo eta oraingo historian, XX. mendean aldaketa handi bat izan baitzen, bai erreforma kalbindarraren kasuan ere, lehenengo literatur lanak sustatu baitzituen, Leizarragaren Testamentu Berria eta abar.
Hutsune edo gabeziarik ikusten duzu euskararen gizarte historiaren ikerketan?
Hutsunea nabaria da, eta bi iturritatik dator. Alde batetik, politika ofizialek normalean ezkutatu izan dute hori; eta, beste aldetik, historialariek, historia orokorra egin dutenean, hizkuntzen historia ez dute aintzakotzat hartu. Hutsune hori nabaria da, baita gure kasuan ere, noski. Etxeberri egitasmoarekin, eta izen bereko liburu sortarekin, horixe da gure asmoa: gure hizkuntzaren historia sozialaz dakiguna jendearen eskuetan jartzea, eta egin gabe dauden ikerlanak egin eta argitaratuz joatea.