Mary Jo Bang, idazlea: «Idazketak mina eteten du une batez»

Iñigo Astiz / 2014-06-10 / 724 hitz

Minetik gertu idatzi du Mary Jo Bang idazle iparramerikarrak bere libururik ezagunena, baina, dioenez, literaturak ez dakar une bateko sosegua besterik. Iruñean izan da egunotan.

Bere infernura eraman zuen poesia Mary Jo Bang idazleak (1964, Missouri, AEB). Argitaratuak zituen poema liburu batzuk ordurako, eta irabaziak hamaika sari, baina, drogekin aritutako seme bakarra hil, eta orduan heldu zitzaion erronka. Muturrera eraman behar izan zuen bere artea. Etxe hutsean idatzi zituen Elegy liburuko poemak (2007), min horren muinetik, eta AEBetako National Book Critics Circle saria eta Alice Fay di Castagnola saria irabazi zituen horri esker. Berea zeharkatu ostean, Dante Alighieriren Infernua itzuli zuen ingelesera, eta ingurugiroa, biolentzia eta gai sozialak lantzen dituen poema liburua du bidean: The Last Two Seconds (Azken gi segundoak). AEBetako poeta garaikide nabarmenetarikoa da, eta Iruñean izan da egunotan, Auzolan liburu dendak gonbidatuta.

Margolanei eta, oro har, arteari edo hizkuntzari erantzuten diote zure poemek maiz. Baina Elegy liburuagatik zara ezagun, arteari ordez errealitateari erantzuten dion lanagatik.

Buruan darabildana idazten dut beti. Elegy idatzi nuenean gauza bakarra nuen buruan: nire semearen heriotza. Ezin nuen idatzi beste ezeri buruzko poemarik, baina ez nuen nahi idazten nuena eguneroko soil bat izaterik ere. Ikaragarri atsekabetuta zaudenean, eta idazlea zarenean, idaztea da minutu gutxi batzuetan hortik ihes egiteko dauzkazun moduetako bat. Zer hitz hautatu pentsatzen duzu, lerroa non hautsi erabaki… Eta, une batez, utzi egiten diozu zure atsekabeaz pentsatzeari, eta poemaz pentsatzen duzu. Eta orduan ohartu nintzen zergatik idatzi dituzten poetek elegiak mendez mende. Behin-behinean egoera ikaragarri horretatik ateratzeko aukera ematen dute.

Beraz, formarekiko kezka bada minari aurre egiteko modu bat?

Ez du balio mina desagerrarazteko, baina bai distrazioa sortzeko. Hizkuntzarekiko borroka horrek ez du ezer aldatzen, ez zaitu kontsolatzen, baina eten bat eskaintzen dizu une batez. Eta idazlearentzat oso eten berezia da. Plazer handia jasotzen duzu lerroa non hautsi erabakitzean, edo hitz bat hautatzean… Horiei eskaintzen diezu zeure burua; trantze moduko batean sartzen zara, eta mundua desagertu egiten da. Ez nuen sekula pentsatu poema horiek argitaratzerik; eguna gainditzeko idazten nituen.

Eta nola amaitu zuten liburuan?

Harritu nintzen poema horiek argitaratu nahi zituztelako. Horien aurretik idatzitako gehienak jostariak ziren, baina ordukoak oso serioak ziren. Aldizkariek poemak eskatu, eta nik bat ere ez nuela esaten nien, eta ez nekiela berriz poemarik idatziko nuenik ere. Uste nuen ez zitzaiela interesatuko orduan idazten nenbilena, baina haiek eskatu eta guztiak hartzen zizkidaten. Ez nuen ulertzen zergatik irakurri nahi zuten tristezia horri buruz. Baina denborarekin ohartu naiz oso zaila dela inorekin tristeziaz hitz egitea. Eta poemak eskaintzen duela gela moduko bat, zeinetara irakurlea etor daitekeen, eta zeinetan hitz egin dezakeen garrantzizko zaizkionez. Espazio sozial bat da. Ordura arte poesiaz ez nekien zerbait ikasi nuen. Ordura arte emozio handiko poemak sinpleegiak iruditzen zitzaizkidan, eta poema jostariak sortzen nituen gai serioez aritzeko. Geruza artean ezkutatzen nuen seriotasun hori. Liburu horrekin ikasi nuen bazela seriotasuna azaleratzerik.

Zaila izan da minetik hain gertu idazten aritu ostean beste zerbaiti buruz idaztera itzultzea?

Sei urte eman ditut Danteren Infernua itzultzen. Hasieran ez nuen uste aldatu ninduenik, baina asko ikasi dut. Idazten dudanean, etengabe nabil minaren eta sortu dudan azpiegitura narratiboaren arteko orekaren bila, eta hori egiten du Dantek ere. Ni egon naiteke minetan murgilduta, baina poema ez da soilik niretzat. Irakurleari eman behar zaio poeman esaten dena hartuko duen kutxa bat ere. Bestela, jendea kalean gelditu, eta haien aurrean negar batean hastearen moduko zerbait da. Baina hasten bazara kanta bat abesten, jendea gelditu egingo da, eta entzun egingo zaitu. Egitura bat sortu behar duzu, eta egitura horretan sar dezakezu zerbait zure bihotzetik gertukoa, eta ikusleak badu aukera horri begiratzeko, baina baita eraiki duzun etxeari erreparatzeko ere. Eta askoz ederragoa da hori, eta baita konplikatuagoa ere.

Zure lan berrian, min partikularretik min publikora pasatu zara.

Danteri esker heldu naiz sinestera badagoela munduari buruz idazterik. Ordura arte beti idazten nuen barrukoaz. Baina Dantek idazten du munduaz eta barne munduaz, eta, justu horretan nenbilela, zer eta, argi esanda, mundua pikutara joan zen. [Barreak]. Ezinezkoa zitzaidan beste ezertaz idaztea. Elegy idaztean nire mina baino ez nuen buruan, eta orain mundua da nire kezka iturri nagusia. Eta nire idatzietara heltzen dira nire obsesioak.

Maiz pertsonaiak baliatzen dituzu poemak idazteko. «Emaiozu maskara bat [pertsonari], eta egia esango du», zioen Oscar Wildek.

Horixe. Agertoki bat sortu eta aktore bilakatzea bezalakoa da. Gidoia idazten dut, ikuslea naiz, eta zuzenketak egiteko gai naiz… Dibertigarria egiten zait, eta, zorte apur batez, irakurleak ere gozatuko du, antzezlan batean bezala.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.