Iñigo Aranbarri / 2014-06-15 / 259 hitz
Penduluaren legea betetzen dela frogatzeko atera zaizu kontrakoa semea. Zuk ez duzu sekula futbola maite izan. Begiko hezurra baino maiteago du berak. Eta gauzak zer diren, konturatzerako bere ondoan zaude telebistari begira, eta ikasi dituzu ostikolarien izen batzuk ere, eta susmoa duzu dagoeneko ez dela gogoz kontra.
Ez zaude isiltzeko, ordea. Eta futbolak baduela bere alderdi ederra onartzeko prest bazaude ere, kontatu nahi diozu pare bat gauza. Eta munduko txapelketaren kontra Brasilen sutu protestek jarri dizute paradan-paradan futbolaren bestaldea erakusteko aukera. Eta esan diozu, begira, jendea haserre dago diru hori beharrezkoagoa zelako bizitzeko estadioak egiteko baino. Poliziek eta futbola negozio dutenen sikarioek, faveletan sartu, eta zure adineko umeak hil dituzte. Hor ikusten duzun baloi hori, eta bere antzeko guztiak, Pakistango emakume batzuek egin dituzte. 73 euro kobratzen dute hilean. Hemen 128 balio du bakoitzak.
Baina joan doan bezala datorkizu pendulua luze gabe, kopeta erdian jotzeko etorri ere. Eta orria ekarri dizu futbolzaleak ikasgelatik, lan bat egiten ari direla, armairuan begiratu ondoren betetzekoa. Arropetako etiketetan begiratu behar duzu, eta non egina dagoen apuntatu. Kamisetak, jakak, prakak… egunero irabazten duzunarekin alderatuta, zenbat ordaindu duzun bakoitza ere jartzeko, nahi baduzu. Umberto Ecok garai batean esandakoa ere, kontatu diote; alegia, egunen batean txinatar guztiak komuneko papera erabiltzen hasten badira ez dagoela eskaera hori beteko duen Amazoniarik. Eta Ludiko biztanle guztiek, zuk duzun bezala, auto bat balute, eta ordenagailu bat, eta… zenbat mundu beharko lirateke, aita?
Galdua zaude. Eta etsi-etsian, pentsatu duzu, ez da ikasgai txarra kontraesanean igeri egiten moldatu beharko duela onartzea. Kontraesanaren uriolan eta aldi berean nolabaiteko koherentzia moduen bila, etengabeko borrokan.