Koldo Nuñez / 2014-06-15 / 550 hitz
Egunotan, hedabideetan mineral berri baten aurkikuntza ari da oihartzuna izaten. Hawaii irlako Kamilo hondartzan egindako azterketek eraman dituzte zientzialariak plastiglomeratua aurkitzera, baina, aurkikuntzaren berriarekin batera, gaztelaniazko hedabideetan zein gaztelaniazko Wikipedian, oker handi bat ari da zabaltzen, ezen plastiglomeratua mineral berri moduan ari baitira izendatzen. Mineralek, definizioz, osaera kimiko finkoa eta propietate fisiko-kimiko jakinak dituzte; homogeneoak eta kristalinoak dira. Arrokek, aldiz, osaera kimiko ez-homogeneoa dute, eta mineral bakar batez edo gehiagoz osatutako agregatuak dira. Plastiglomeratua hainbat materialez osatua da, ez da homogeneoa eta ez du osaera kimiko finkoa, besteak beste. Hortaz, arroka da, eta ez minerala.
Plastiglomeratuaren jatorria gizakiak botatako —batez ere aurreko mendearen erditik aurrera— plastiko eta hondakin ez-biodegradagarrietan dago. Antza, Kamilo hondartzara aspaldi joaten da jendea egunak bertan igarotzera. Kanpin denda altxatu, suak piztu, eta sutara, maiz, hondakinak bota, artean plastikoak. Plastiko horiek eta itsasoak zein beste kanpista batzuek utzitakoak suteetan erre egiten dira, baina baita urtu eta azpiko harrien artean sartu ere. Badirudi, hondartza honetan eta irlako beste askotan, dagoeneko erruz aurkitzen dela urtutako plastikoak harriak eta beste hondakin zenbait itsasten dituen plastiglomeratua. Bertan, maiz, oraindik jatorrizko materialak ikus daitezke. Hortzetako eskuilak, ontziak, sokak eta beste gauza asko.
Arroka berri hori, Hawaiin aztertu bada ere, seguru asko munduko beste toki batzuetan aurki daiteke. Plastikoa eta zabor iraunkorrak, harriak eta plastikoa urtuko duen edozein bero iturri nahikoak dira arroka horiek sortzeko. Plastikoa mundu osoan dago, izugarri zabaldu baita. Dagoeneko, mende honen aurreneko hamar urteetan aurreko mendean baino plastiko gehiago ekoiztu dugu. Zoritxarrez, plastiko horren gehiengo ikaragarriak zabortegietan edo edonon bukatzen du, %5 baino ez baita birziklatzen. Lurraren itsasoen zoko guztietara iritsi da plastikoa, eta jada planktoneko izaki askok plastikozko mikropartikulak izaten dituzte maiz haien barruan. Eta zer esan espezie handiagoetan, arrain, hegazti zein ugaztunetan. Hain da handia plastikoaren presentzia itsaso ozeanoetan, dagoeneko irla flotatzaile ikaragarri handiak hasi dira eratzen flotatzen duten plastikoak. Esaterako, aspaldi honetan Iberiar penintsula ia hirukoizten duen irla bat aurkitu dute Pazifikoan.
Geologia aldetik, oraingoz, ez du interes handirik plastiglomeratua arrokak berak, horren jatorriak du interesa. Izan ere, zientzialariek azterketen aurkikuntzak argitaratu zituen artikuluari oso izenburu deigarria eman zioten, alegia, An anthopogenic marker horizon in the future rock record edo, gure hitzetan, Horizonte markatzaile antropogenikoa etorkizuneko arroka-erregistroan. Bi puntu garrantzitsu biltzen ditu tituluak: batetik, gizakiak sortutako geruza adierazgarria dela, hortik horizonte markatzaile antropogenikoa, gizakiaren presentzia arroketan adierazten duena, eta, bestetik, etorkizuneko arroka-erregistroa hartzen dela kontuan. Gehien-gehienetan, geologook atzera begiratzen dugu, izatez, arrokak aurretik sortuak baitira eta azterketa gutxi egiten dugu etorkizunari begira. Hau izango litzateke azken horietako bat, hau da, gizakion ondare geologikoa zein izango den. Zalantzarik ez dago dagoeneko munduko arroketan ari garela gure sinadura uzten. Orain gizakia betiko suntsituko balitz ere, dagoeneko nahikoa egin diogu gure planetari zalantzarik gabe gure arrastoa uzteko. Mundu osoko arroetan, alegia, materialak metatzen diren tokietan, bai ozeano, bai laku, bai beste eratako arroetan, berez Naturan sortzen diren hondakin geologikoez gaiz, gizakiak sortutakoak ari dira agertzen, batez ere, Iraultza Industrialetik aurrera. Metal astunak, ezohiko edo artifizialak diren elementu batzuen kontzentrazio handiak, esaterako erradiaktiboak, era guztietako hondakin iraunkorrak eta abar aurkitzen dira nonahi. Horri gehitu behar zaizkio lurrazalari era guztietara egindako eraldaketak, higadurak, ibaien desbideratzeak, urtegiak zein laku artifizialak, barruko itsaso eta lakuen lehortzeak eta metatze artifizialak, besteak beste. Eta, horietaz gain, klimaren aldaketa izugarri azkarra adierazten duten beste hainbat ezaugarri geologiko. Hori guztia izango al da, bada, gure ondare geologikoa?