Thriller-kumeak

Imanol Mercero / 2014-06-15 / 171 hitz

  • Izenburua: Sugaar
  • Egilea: Ramon Olasagasti
  • Ilustratzailea: Bruno Hidalgo
  • Argitaletxea: Elkar

Bere 76 orrialdeekin, narrazio luzea da,baina elkarrizketa asko eta zortzi atal izateak irakurketa arina ziurtatzen dute.

Kontraesana badirudi ere, pertsonaia asko agertzen dira; zorioneko Sugaar barnean hartuta, badira hamalau. Baina ez dago nahasmenduaren sentipenik, ez horixe. Idazketak, kontaketaren hariak eta pertsonaien funtzioak hain zorrotz banatuta daude, ezinezkoa dela nahastea.

Suspensea da kontaketaren motorra. Oinarrian 15 urteko arreba kezkatu bat dugu, gaixotu berri den 10 urteko anaiari osabidea bilatzeko peskizan. Zergatik ez dakiela, anaiaren txartzea ospe txarreko urmael batekin lotzen da; esamesek diotenez, Sugaar izaki mitologikoaren agerleku den Lindozulo putzua da.

Gurasoek mutikoa medikutan darabilten bitartean, arrebak, anaiaren lagun bati esker, mutikoak aspaldion itzal-iluneko auzoko bat zelatatzen ibili direla jakingo du. Hari horri tiraka osatzen da korapiloa.

Unerik larrienean ere ez da tentsio asko pilatzen, berehala askatzen delako, eta igo ere, asko igo ez delako. Agian, horixe du punturik ahulena kontakizunak.

Kapitulu bakoitzean ilustrazio bat-bi daude, komiki erako marrazketarekin, eta, baturik, kontaketaren korapiloen bilduma eraginkorra osatzen dute.

Generoa maite duen edonorentzat gomendagarria.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.