Iker Markinez / 2014-06-21 / 209 hitz
OSAGAIAK 4 LAGUNENTZAT
Txerri azpizuna 2 puska
Tipula 1
Azenario 1
Baratxuri buru 1
4 patata
Gurin koilarakada bat
Gatza
Piper beltz hautsa
Olioa
Lehenik, patatak egosiko ditugu, azal eta guzti. Ondo egosiak daudenean, hozten utzi. Edo aurreko egunetik ere egositakoak erabil ditzakegu.
Ondoren, labeko erretilu batean baratxuri burua jarri, eskuarekin kolpe batzuk emanda.
Erretiluan bertan, tipula eta azenarioa zuritu, eta, txikitu ondoren, horiek ere erretilura gehitu.
Azpizunei gatza eman eta piper hautsez ongi hornitu. Barazkien gainean jarri, eta oliba olio gainetik bota.
Labean sartu 250 gradutan, 15 minutuz.
Bitartean, rostia prestatzeari ekingo diogu. Rostia Europa erdi aldean oso ezaguna da, eta patata beste modu batean prestatzeko aukera emango digu. Horretarako, egositako patatak zuritu, xehetu eta ontzi batean sartu. Gatza eta piper hauts beltza bota gainetik.
Gurin koilarakada bat zartagin batean berotu, eta urtzean, patata dugun ontzira gehitu. Ongi nahastu ondoren, eta dena zartaginera bota berriz.
Koilara baten laguntzaz dena ongi zabaldu, patata tortilla baten itxura emanez.
Pataten beheko aldea ongi gorritu arte sutan eduki, gutxi gorabehera lau bat minutuz; horixe da rosti goxo baten sekretua.
Ondoren, buelta eman, eta pauso berbera berriro egin beste aldea ere gorritu arte.
Labeko azpizunak atera, eta labanarekin xerra lodietan moztu.
Mahaira zerbitzatzeko, azpizuna erretilu batean rostiaren aldamenean jarri, eta prest daukagu jateko.